Urteko egunik luzeena, gaurik laburrena euskal herriko bazter guzietan ezezik, inoiz euskararen lurrak izan ziren eremu luze eta zabalean ospatzen da. Festak dira han eta hemen, herri, auzo… eta festa ospatzen zen etxerik etxe gure lur honetan. Ziur, gure lur hauetara kristatutasuna bera heldu aurretiko ohitura dugu.
Olentzaro ondotik, sei hilaberen buruan ospatzen den egun honetan eguzkiak bere gaina hartzen du. Hortik hilabetearen izena EKAIN. Hitzak ekiaren gorena (egunik luzeena, eguzki ordu gehien duena) eta superlatiboa (eguzkirik eguzkiena) adierazten du. Eta ez da txiripa kristautasunak bere santurik handienari egun hauxe eskaintzea. Hortik ere DONIENE. Hitzak santuetan santuena, doneetan doneena adierazten du.
Mitoak erritoa du eskutik eta erritoa, herriz herri, urtez urte gaurdaino heldu zaigu. Suaren inguruan (sinboloa) dantza eginez, suaren gainetik salto eginez… herriak bere poza erakusten du, iraganberri izan den neguaren gogortasuna alboratu eta naturak ematen dion guztia eskertu nahian. Argiak iluna menpean hartu du eta piztu diren su horiek gaitzetik babesten gaitu urte osoan zehar. Horregatik esaten da:
“txarrak eroan eta onak ekarri,
zorixon hutsa ixen daigun beti”
Maiatzeko arbola amaitu da eta San Juan arbolak hartzen du leku. Ohiturak aukera zabala dute eta horiekin lotuta makina bat atsotitz ere bada, hala:
“Donianeko euria, gariaren galgarria”.
“San Juan euritsu, urtea ogitsu”.
“San Juan, artoa eta ogia kanpoan”.
“Gaur dala, bihar dala, Doniane, etzi San Juan biharamune”.
“San Juan bezpera, sarna fuera. Ogie ta ardoa etxera. Atso zaharra gangelpera. Neskatxa gaztiak txokolate hartzera”.
“San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu”.
“Egunik luzeena San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziena”.
“Eguzkiak San Juanetan dantza”.
“San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu”.
“San Juan eguna, argitu orduko iluna”.
“San Juan, nekez etorri eta azkar joan”.
“Gaur da San Juan, bihar «juan zan»”.
“San Juanek esku batean suba eta bestean uda”.
“Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan”.
“Udara, San Juanetatik San Pedrotara”.
“San Juan euri gabie, urte ogi gabie”.
“San Juan, jan-edanak juan”.
“San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka”.
“San Juan, zelan etorri, alan juan”.
“San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak”.









