Euskal Herria ez da herri libre bat. Baina horrek ez gaitu automatikoki kolonia bihurtzen. Zer gara? Hori da jardunaldi honen funtsezko galdera. Nola kalifikatzen garen.
Euskal Herria ez da herri libre bat. Euskal Herriak korregidoreak izan ditu, kanpotik agintzen, Gobernadoreak, Gobernadore zibilak, ejertzito okupatzaileak eta polizia militarrak. Hori begibistakoa da. Euskal Herrian bertako foru eta legeen gainetik konstituzioak jarri dira, bertako legeak mugatzeko, zehazteko edota ukatzeko, garaian garaikoak. Gaur egun ere, Euskal Herrian ezin dugu erabaki nazioarteko politikarik, ezin dugu erabaki gure mugak nola zaindu, edota gure hizkuntza derrigortuko dugun. Ez gara herri libre bat. Eta hala ere, gaur egungo munduan, zein herrik edo naziok erabaki ditzake libreki auzi horiek? Nor da libre eta burujabe? Edota, bestela galdetuta: kolonia bagara, norenak gara kolonia? Galdera hauei buruz aritu beharko gara jardunaldian, ikusita mundua zein norabidetan doan.
Pertsiarrak edo erromatarrak, lehen inperio haiek erakusten dute zer den herri batentzat inperialismoa. Inperio baten edo bestearen atzaparretan eroritako herri guztiek inperio horren egiturazko baliabide bihurtzen dira: herri garaituek zergak ordaintzen dituzte, soldaduak ematen dituzte, edota administrazio eta komertzio sareak elikatzen dituzte. Euskal Herriak ere berdin, parte hartu izan du botere-egitura inperialetan. Esaterako, 1728an Gipuzkoan konpainia bat sortu zen, mende erdiz Venezuelako merkataritza kontrolatu zuena: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Ia hiru mende geroago, EEBBek Venezuelako presidentea bahitu eta aldatu dute, eta Venezuela berriro dago eztabaida kolonialaren erdigunean. Nork agintzen du herrialde batean? Historia horrek ondo laburbiltzen du zergatik antolatu ditugun jardunaldi hauek hemendik: Euskal Herria ere harreman kolonialaren bi aldeetan egon delako, eta horrek zintzotasunez pentsatzera behartzen gaituelako.
Askatasunaren eta kolonialismoaren eztabaida ez zaigu arrotza. Esaterako, Txillardegik 1974an euskaratu zuen Albert Memmiren “Kolonizatuaren ezagugarriak”, eta testu hori belaunaldi oso baten erreferentzia bihurtu zen. Beranduago, Joxe Azurmendik “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” liburua argitaratu zuen. Horregatik, Ramón Grosfoguelen bisita, mundu mailan pentsamendu dekolonialaren erreferentziazko ahotsa, ez da berritasun isolatu bat: gure herrian oso errotuta dagoen pentsamendu-tradizio baten jarraipena da.
Grosfoguelen proposamena bereziki interesekoa zaigu gainera, dekolonialismoa eta burujabetza esplizituki lotzen dituelako. Herrien burujabetzaren alde egitea da, hain zuzen, antikolonialismoa eta dekolonialismoa. Jardunaldi honetan galdetuko dugu ea antikolonialismoa izan litekeen beste ezer, herrien burujabetza borrokatzea ez bada.
Ez gatoz erantzun itxiak ematera. Galdera zaharrak eguneratzea lortzen badugu, konforme geratuko gara. Izan ere, mundua oso azkar aldatzen ari da, eta horregatik hausnarketak eta analisiak ere eguneratzen jarraitu behar dugu. Esaterako, polo inperial berriak ikusten ditugu, beren eragin-eremuak koloniak balira bezala tratatzen dituztenak: metropoliak erabakitzen du haien baliabideei buruz, metropolitik erabakitzen diete zein arma izan ditzaketen eta zein ez, non marrazten diren mugak, edo noren aliatuak izan daitezkeen… Europako estatuek ere gutxiespen tratua jasatzen dute EEBBengandik, edota menpekotasun-tratua, batzuetan ez dago oso argi. Edota, ikusi zer gertatu den Venezuelan, presidente bat bahitzen dute eta beste bat jarri. Edo, begiratu Gaza, defendatzeko gaitasunik gabeko herri bat, nola lautzen edo aplanatzen duten, nola itotzen dituzten janaririk eta elektrizitaterik gabe, nola zigortzen dituzten bortizkeria maila ikaragarriarekin.
Kolonialismoa eta inperialismoa ez dira ahultzen ari. Indartzen ari dira, eta forma berriak hartzen. Zenbat herri dira munduan bere burujabetza defendatzeko gai? Agertoki geopolitiko berriak, militarismoak eta nazioarteko lege eta erakundeen desagerpenak, auzitan jartzen du euskal politikarako funtsezkoa den kontzeptu bat: burujabetza. Burujabe izan liteke bere burua defendatzeko gaitasunik ez duen herri bat? Nago, estatudun nazio asko ez ote diren espantuz ikasten ari estatugabeko nazio izatea zer den.
Funtsean, bi galdera hauen inguruan arituko gara ostegunean. Hasierakoa, nor garen, nola kalifikatzen garen: ez gara aske baina… kolonia gara? Eta bukaerakoa: inperialismo berrien mundu batean zer motatako subjektu politiko izan gaitezke?
Eztabaida ireki horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, ostegunean, urriak 22an, Donostiako Filosofia Fakultatean, EHUk eta Nabarraldek antolatzen duten jardunaldira.
Eskerrik asko.









