Hello, mister Aristi, how´s everything?». Parkean eserita nago. Atzetik iritsi zaizkit hitzak, baina laster ezagutu dut haren ahotsa. Gabriel, aspaldikoa! Ez du kortesietan denborarik galdu.
—Estetoskopio batekin begiratuko banizue bezala ari naiz zuen arima ezagutzen.
Zerbait egin dugu oraingoan ere, pentsatu nuen.
—Nafarroak mundua liluratuko zuela esan zuenak ez zuen asmatu. Euskal abertzaleok zarete ni harritzen nauzuenak.
—Zer egin dugu, bada, oraingoan?
—Nafarroako krisian aukera ederra galdu duzue gauzak argi uzteko. Barcinak «Que vienen los vascos!» ospetsua bota zuenean denak mutu utzi zaituzte. Ez diot buruzagi bati ere entzun gauzarik funtsezkoena esaten: Nafarroa euskalduna dela, betidanik, eta espainolak direla dena hondatzera etorri zirenak.
—Beno, agertu dira gure politikoak elkarrizketetan…
—Eta zer esateko? Begira Hasier Arraizek bota zuena martxoaren 9an: «Nafarroa nafarrek erabakitzen dutena izango da, nahiz eta batzuek, PP, PSOE eta UPNk, ez duten onartzen nafarrek ezer erabakitzea. Hori izango da Nafarroak gainontzeko euskal lurraldeekin izango duen harremana». Otegik Argia aldizkarian adierazi ez zuen, bada, ez duela Nafarroarik gabeko independentzian sinesten? Xelebreak zarete: egoerarik antidemokratikoena bizi duzue, dominazio bat, baina munduko demokratarik handienak bihurtu zarete.
—Bai, apur bat nahasgarria da guztia, baina…
—Okerrena da Urkulluk ere gauza berbera esan zuela egun berean: «Errespetatzen dut Nafarroaren errealitate instituzionala, eta hiritar nafarrek esaten dutena». Eta Barcinaren mehatxuari kontrajarri zion 1996an sortu zen EAE eta Nafarroaren arteko harreman-gunea, Nafarroaren sustrai euskaldunak agertzen dituelakoan.
—Zer esan behar zuen, bada?
—Pedagogia apur bat: 1920ko hamarkadan Nafarroako Diputazioan honela hitz egiten zuten: «Nosotros los vascos…» [Gu euskaldunok]. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko probintzien batasuna mendeetan zehar mantendu dela. Horregatik Espainia beti saiatu da Nafarroaren estatu kontzientzia desegiten, probintzializatzen. Lehen Karlista gerra amaitu zenean eman zen lehenengo banaketa. Espainiak Nafarroari foruak kendu zizkion 1841ean eta beste hiru probintziei 1876an, bi lurralde ezberdin zirela agertu nahian.
Gaurko EAE eta Nafarroa elkarrekin joan dira historian 1936ra arte. Hor eman zen lehen haustura handia. Franco hil ondoren nafar eskuindarrek berriro aldendu zuten Nafarroa, euskal batasuna ekiditeko, hiru probintzientzako autonomia bat onartuz, eta Nafarroan erregimen foral bat ezarriz. Gaurko Nafarroa inperialismoak eta eskuin faxistak fabrikatutako zerbait da, nola onar dezakezue estatus hori naturala bailitz? Jende zaharrak mantentzen zuen osotasunaren ideia bat, estatutu-kumeek galdu dutena, zatiketa onartzeraino. Pedagogiak bakarrik salbatuko zaituzte, my friend.
—Politikoek ardura gehiago beharko luketela historiarekin, ezta?
—Ezinbestez. Belarriak irekitzea aski lukete, Sancho Perezek Hordago Nabarra irratsaioan esan zuena entzuteko: Karlistadetan, Errepubliketan eta demokrazia espainiarrean errepikaturiko akats historikoa, estatu espainola konbentzitzen saiatzea gure eskubideak eman diezazkigun, berriro errepikatzen da ETA desagertu ondoren ere. Espainia demokratizatzea, edo III. Errepublika etor dadin desiratzea arduragabea da, umekeria hutsa, herri hau gero eta kolonizatuago dagoenaren demostraziorik garbiena.
—Baina gu geure sentiberatasunik onena erakusten saiatzen gara…
—Sentiberatasuna politikan ez da existitzen. Izan garbi: Espainiak inbaditu egin zintuzten, okupatu, saiatu da zuek erabat desagerrarazten herri gisan, eta horretan jarraitzen du, ez zaitez engaina. Historiak berak ukatzen du Espainiaren sentiberatasuna, zertara dator orain hori eskatzea? Ez duzue aski froga izan askatasunaren bidean etsaiaren aldetik laguntzarik txikiena ere ez espero izateko?
—Beno, orain sortu da mugimendu bat erabakitzeko eskubidea dugula dioena…
—Eskubideak paperean soilik existitzen dira, baina errealitate bihurtzea daukazun indarraren arabera dago. Bakoitza zer den, hori egitea dagokio politikan, arerioak arerio gisa jokatuko du beti, zu ahultzen saiatuko da. Eta hemen inozo ari zarete jokatzen abertzaleok: hauteskundeetatik espainiar nazionalismoa EAEn inoiz baino ahulago atera denean, haiek suntsitzeko aukera zeneukatenean, arnasa eman diezue, zeuok indartu dituzue haien partaidetza bermatuz foro eta erakunde guztietan. Hori ez da egiten!
—Aro berri batean gaude, ordea!
—Ez da aro berririk boterearen monopolioa hautsi gabe. Politika boterea da, eta boterea indarraren instituzionalizazioa da. Eta legedia da sistema baten oinarria, ez engaina. Legedi arrotz baten mende dagoen herriak ez du aurkituko legedi horretan bere interesen aldeko ezer. Lege horiek estatu okupatzaileak sortu ditu bere dominazioa zilegiztatzeko, iraunarazteko eta herriaren erreakzio ahalmena murrizteko. Eta tartean sartu baditu lege batzuk, itxuraz menpeko herriaren aldekoak litezkeenak, arazorik gabe utziko ditu bete gabe, bere boterea arriskuan jar dezakeen proiekturik sumatzen badu. Izan ere, legeok hausteko aukera ere aurreikusia baitago legedian bertan, kausak luzatuz, ikerketak nahastuz, artxibatuz eta abar.
—Barka, Gabriel, zorabiatzen ari naiz…
—Oso sinple esango dizut: Legea ez da politikatik at dagoen oasi bat, politikaren beraren funtsa baizik. Herri batek bere lege sistema propioa sortu eta eduki arte, ez du izango bere interesak defendatuko dituen legedirik, herrialde zapaltzailearen interesak defendatuko dituena baizik.
—Zein da moraleja, orduan?
—Utzi txorradak! Espainiaren menpe egongo ez diren ekimenak egin behar dituzue: Gobernu probisional bat sortu, adibidez, Kataluniako Asanblea Nazionalak proposatu duen gisan. Espainiako legeditik atera beharko duzue, orain edo gero. Jo hordago handira gaurtik. Horrela soilik harrituko duzue Europa. Horrela soilik errespetatuko zaituztete!
Berria








