Mendeetan zehar Aralarko mendi-zelaiak bizileku eta babestoki izan dira euskaldunontzat. Antzinean, ez zen mugarik hemen. Itsasoa eta barnealdea lotzen zituen bideak ez zituen euskaldunak bereizten. Estatu bakar batean bizi ginen. Ñañarri eta Ausa mendien tarteko lepoa zaintzen zuen gaztelua gure herriaren oroimen lekuetako bat da: historiaren gakoak oroitu, mantendu eta hedatzen duen oroimen tokia. Gure iraganaren eszenatokia bai, baina, baita ere etorkizunerako ipar-orratza.
Ausan, denok Nafarroa ginen garaiko froga dugu. Hementxe daude aztarnak. Hortxe nafar gazteluaren arrastoak. Euskaldun guztiok gara nafarrak. Halaxe izan gara mendeetan. Gaztelarrek, ordea, gerra eta indarkeriaren bidez suntsitu ziguten Nafarroa, euskaldunon Estatu subiranoa. Hauek dira gure lurrak, gure gazteluak, gure hizkuntza, gure historia, gure presentzia mundu zabalean.
Iputz izeneko lurrak ziren hauek; gerora, Gipuzkoa izango zenaren sorburua. 1200ean, ordea, Gaztelak bere ejertzitoa bidali zuen eta itsasoraino busti zituen odolez mendi-bailarak. Jauntxoen saldukeria eta zitalkeriak medio lapurreta, kontrabando, eraso eta heriotzez beteriko tokia bihurtu zuten. Gainera, subirano izaten jarraitzen zuen Nafarroaren zatia erasotzeko erabili gintuzten.
Larraitzeko larreak eta Ausako gaztelua, ‘gaizkileen muga’ garaian ezaguna, hamaika liskar, eraso eta pasarte ilunen eszenatokia izan zen. Nafarroaren kontrako erasoan, anaiarteko borrokan nahastu gintuzten. Gureak ziren lege, erakunde, ohitura eta hizkuntzaren aurka egiteko erabili gintuzten. Eta Ipuzkoako jauntxo eta bandoen oldarraldiek gudu zelai bilakatu zituzten Aralarreko mendi hegal hauek.
Gero, Nafarroa Garaian eta Beherean sartu ziren, armaz konkistatu eta independentea zen Estatua suntsitzeko beste pauso bat eman zuten. Gerora, Independentzia berreskuratzeko saioak etengabeak izan ziren: Noain, Amaiur, Hondarribia… Guk ez dugu ahaztu. Zeren eta, hemen ere konkistak darrai, baina, memoriak ere bai.












