Aspaldiko esaerak dionez, munduko lanbide zaharrena sexuarekin lotutako kontua omen da. Denok ezagutzen duguna. Baina, ene aburuz, ez dut uste horrela denik. Gatazkak egon dira gizartearen hasieratik, nonahi. Borrokaldiarekin batera atxiloketak. Adituen arabera, preso hartzen zituztenak esklaboak baliran saltzen zituzten garaileek. Euskaldunak egon omen ziren Erromako Armadan, esklabo. Eta horretarako espetxe batean sartu behar zituzten atxilotuak, salgai jarri baino lehenago. Atxilotuen zaindariak jaio ziren. Kartzelariak. Lehenengo lanbidea.
Harluxet Hiztegiak kartzelaren definizioa ematen du: “Presoak giltzapean edukitzeko eratutako eraikina edo lekua”. Ez du askorik zehazten. Gaztelaniazko Wikipedian ez da kartzelaren sorrerari buruzko aipamenak aurkitzen. Euskarazkoan batere ez, gezurra dirudien arren. Artikulua egiteko dago. Frantsesez idatzitzako Wikipediaren sarrera, aldez aurretik uste nuen bezala, gai honen historiaren abiapuntu hartzen ditu Michel Foucaulten lanak. Hori baino lehenagokoari buruz ez dago ezer.
Ingelesezko bertsioan, baita katalanera egindako itzulpenean ere, aurkitzen dira kartzelako lehenengo aztarnak. Nola ez, katolikoen Itun Zaharrean. Bertan, presoak eta esklaboak nahasten dira, Jerusalem hiri sakratuan. Galeretara bidaltzen zituzten preso gehienak orain dela bi mila urte inguru, lehenago hiltzen ez ba zituzten. Eta galeretan oso gutxi irauten zuten.
Gure etxean, Foruek eta Nafarroako Erresumaren arauek ondo baino hobeto zehazten zuten kartzelaren azalpena. XV. mendean, esaterako, Bizkaiko foruak bi kartzelari buruzko aipamenak egiten zuen. Lehengoan herrialdearen kartzela Gernikan kokatuz eta bigarrenean korrejidorearena onartuz. Espainiako gobernadorea zen korrejidorea eta haren izateak bi justiziaren elkarrekin bizitzea aldarrikatzen zuen, espainolarena eta euskaldunarena, hain zuzen ere.
Gure historiak pasarte ugari ditu espetxeaz. Sarraskiak, ihesaldiak, jazarpenak, sakabanaketak… Matxinatuekin lotuak. Josean Agirrek idatzi zuen modura: “Kartzela espetxeratzearen arkitektura baino gehiago da Euskal Herriarentzat. Duela mende bat baino gehiago, ia etenaldirik gabe, euskal preso politikoak izan dira Espainiako eta Frantziako estatuetan, eta baita munduko beste leku askotan ere”.
XVI. mendeko konkista borrokaldian preso hartutako Nafarroako mariskala ezagutzen den lehenengoetariko euskal preso politikoa izan daiteke. Duela 500 urte kateatu egin zuten eta Nafarroatik Espainiara eraman zuten. Urruntzearen tresna politikoaren abiapuntua? Baietz erantzungo nuke.
Errepresioaren aria luzea da, eta bertan belaunaldi askotako emakume zein gizon izenak aurkitzen ditugu. Zenbat emakume oinaztatu zituzten sorginak zirela aldarrikatuz? Zugarramurdin, Durangon, Lapurdin, ia nonahi. Sorginak, frantziar erregeren zerbitzariak, lapurrak, zelatariak…
XIX. mendean milaka euskaldun preso sartu zituzten. Espainiar historia ofizialak liberal eta karlisten arteko gerlak aipatzen ditu. Gure historiaren ikuspegitik korapilatsuagoa da dena, eta orduan, dinastia, erlijio eta estatu eredu lehien gainetik, matxinatutako herria eta okupazio armada zeuden. Galtzaileek garesti ordaindu zuten. Zenbat erbesteratu, zenbat preso! Afrikara eta Kubara eramaten zituzten presoak.
XX. mendeaz euskal abertzaletasun modernoa ez ezik, langile mugimendua eta ezkerra ere iritsi ziren. Bizkaiko meategietako grebak eta errepresioak gure historiaren pasarte mitikoenak dira. Eta, bide batez, errepresioaren aztarnak. Kartzeletan. Oso ezezaguna den pasarte batean aurki daiteke mamia. Espainiako Bigarren Errepublikaren lehenengo urteetan Bizkaian izandako atxilotu komunistek amaiera Afrikako Ginearen espetxean amaitu zuten.
1936ko gerra izan zen hurrengo pasarte gogorrena. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1937. urteko amaieran euskal kartzelek 17.900 gerrako preso biltzen zituzten beren baitan. Horietatik 3.500 Nafarroan, 1.600 Gipuzkoan eta 12.000 Bizkaian.
1938. urte hasieran errepresioaren arduradun frankistek sakabanaketa politikari ekin zioten, aurrez erabilia bazuten ere, oraingo honetan izaera orokorrekoa izan zena. Euskal kartzelak Estatu osoko presoz betetzen hasi ziren, asturiarrak nagusiki, euskal presoak Euskal Herritik urrun bidaltzen zituzten artean.
Lehen lekualdaketek Larrinagako presoei eragin zieten, Burgoseko eta Cuellarko (Segovia) kartzeletara eraman zituzten. Bizkaiko gainontzeko kartzeletakoak Puerto de Santa Mariara (Cadiz) eta Carmonara (Sevilla) bidali zituzten. Kontzentrazio-esparruetan zeudenak San Pedro de Cardeñara, Mirandara eta Aranda de Duerora (Burgos), San Juan de Mozarrifarrera (Zaragoza) eta Rios Calientesera (Asturias) bidali zituzten.
Frankismoan eta Franco hil ostean kartzelak euskal presoz beteta segitzen zuten.
Euskal Herrian Txilen bezala
1973ko apirilean, 2.000 lagun inguru preso sartu zituzten Iruñeko zezen-plazan eta 1975eko maiatzean, diktadorea hil baino hilabete batzuk lehenago, 400 sartu zituzten Bilboko zezen-plazan. 1973ko Iruñekoa XX. mendeko polizia pilaketa handiena izan zen. Aragoitik eta Kataluniatik iritsitako indarrek Iruñeko sarreran, Zaragozako errepidean, utzi zituzten autoak eta zenbait kilometrotako ilara osatu zuten.









