Malli Txapar orbaizetarrak ‘Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta’ liburua plazaratu du Pamielarekin
Olaren historia eta Jabier Beorlegi arkitektoak egindako planoak bildu ditu
Nafarroako Aezkoako haranean dagoen Orbaizetako olaren horma eta gela hondatuek mendeetako historia biltzen dute. Ehunka lagunek egindako lanaren lekuko isilak dira, baita zenbait gerraren zeharkako protagonista ere. Lantegia 1784tik 1882ra izan zen martxan, eta lanean aritu zen mende eskaseko bizitza bildu du Malli Txaparrek Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta (Orbaizetako Munizio Errege Olaren Historia) liburuan. Olaren historia eta jarduera kontatzeaz gain, azpiegiturak izan zuen egitura eta eraikinen planoak ere bildu ditu lanean. Horretarako, Jabier Beorlegi arkitektoaren laguntza izan du egileak.
289 ilustrazio sartu ditu egileak liburuan, helburuetako bat olaren dibulgazio argitalpena izatea delako. «Plano, irudi, egoera-orri eta ilustrazio ugari sartu ditut, olak zer garrantzi izan zuen hobeki uler dezan irakurleak», azpimarratu du Txaparrek. Liburua hiru zatitan banatuta dago. Lehen zatian, eraikuntzaren historia jaso du egileak; XV. mendera arte egin du atzera egileak. Garai hartan bazen burdinola hidrauliko bat Orbaizetan, eta haren ondotik eraiki zuten armen ola. Bigarren zatian, industria eraikinaren bilakaera arkitektonikoa bildu du. Hirugarrenean, berriz, garaian garaiko gerrek olan, Aezkoan zein inguruko haranetan izan zuten eragin kaltegarria kontatzen du.
Aezkoako mendietan daude Euskal Herriko baso nagusietakoak. Haran horretan daude Mendilatz eta Tristuibartea natura erreserbak eta Iratiko oihana. Beraz, Orbaizetan armen ola ezartzea ez zen kasualitatea izan. Inguruko basoetan egur ugari zegoen, eta burdin meategiak eta ura ere ez ziren falta. Horregatik toki ezin hobea izan zen ola eraikitzeko. Armak egiteko ola 1784an eraiki zuten, XV. mendean martxan egon zen meategi baten toki berean. Mehaka baten erdian kokatua, meategiak Lejarza ibaiaren ur-lasterrarekin funtzionatzen zuen. XVIII. mendearen bukaeran, Espainiako koroak ola eraikitzea erabaki zuenean, ordura arte inguruan zegoen armen lantegi bakarra Eugikoa zen. Eugikoa XVI. mendean eraiki zuten, baina, lehengaia urritzen joan zenez, Espainiako koroak lantegi berria Aezkoako haranean Orbaizeta herritik gertu eraikitzea erabaki zuen.
Lehen urratsa Aezkoako Batzarrak herriko mendien ustiapen eskubidea uztea izan zen. Koroak, gezurretan aritu ondoren, lortu zuen eskubidea. Aetzek lana eta onurak eskuratuko zituztela hitzeman zien Espainiako koroak, baina, liburuan argi uzten den moduan, gero hori ez zen gertatu. «Aezkoari eta Nafarroako herriari egindako lapurreta bat izan zen. Herri lurren usurpatze garbia izan zen», gogoratu du Txaparrek. 1784. urtean koroak Larraungo burdinola eta Aezkoako mendiak bereganatu zituen. Burdinolako agintarien eta aetzen arteko harremana ez zen ona izan, eta tirabira asko izan zituzten ola kasik mende bat geroago itxi zuten arte, 1882a arte. Ola eraiki eta sei urtera, Espainiak okupatutako lurrak itzultzeko eskatu zuen lehenengoz Aezkoako Batzar Nagusiak, baina alferrik. Aezkoak XIX. mende bukaera arte ez zituen berreskuratu bere herri lurrak. Olak lan egiteari utzi zion arte, alegia.
Arkitektura lana
Liburuan lantegiaren bilakaera arkitektonikoa ere ageri da. XVIII. mende bukaeratik hondatuta gelditu zen arte. Jabier Beorlegi arkitektoak olaren planoak berregin ditu eta lantegia nolakoa zen irudikatu du. «Aurrerantzean bisitariak olak izan zituen zati guztiak irudika ditzake. Orain, garbitu berriak dira olaren aztarnak, eta argiago ikusten dira zatiak». Industria konplexuak izan zituen aireko komunikazioak ere azaltzen dira liburuan. Olaren goialdean herria, eliza, agintarien jauregia eta langileen etxebizitzak zeuden. Beheko partean, berriz, lantegia bera. «Ikaztegietatik plazara edo lantegiko beste geletara zeuden egurrezko gaineko pasabideek olaren sailak elkarrekin lotzeko balio zuten», azaldu du. Adibidez, meategietako burdin minerala labeetako ahoetara eramateko edota menditik ekartzen zen egur-ikatza pasabide jaso hauen bidez garraiatzen zen.
Olaren arkitekturak zenbait mailatan lan egiten zela adierazten du. Lantegia diseinatu zutenek oso ongi baliatu zuten orografia zaila, eta komunikazio ezin hobea lortu zuten ikaztegi eta biltokien eta labeen ahoen artean. Beorlegiren irudiko, «ilustrazio garaiko entziklopedien kopia bat da Orbaizetako ola». Arkitektoaren ustez, horrek egiten du ezberdin ola: «Eugin lanerako sistema gremioen araberakoa zen eta ola sakabanatua zegoen. Orbaizetan, berriz, pabiloiak elkarrekin zeuden». Horrenbestez, lehenengo aldiz industria antolaketa moderno bat antzeman daiteke Orbaizetako olan.
Garai bateko gerren erakargarri
Orbaizetako ola kasik mende bat egon zen martxan, eta garai hartako gerrek oso eragin zuzena izan zuten lantegiaren eguneroko jardueran. Gerretan ola erre egin zuten armadek, eta beste hainbestetan berregin zuen koroak. Lehen aldiz frantziarrek erre zuten, Konbentzio Gerran. Ondoren, Espainiako Independentzia Gerran erre zuen Napoleonen armadak, eta hirugarren aldiz karlistek I. Karlistaldian. Guda horiek larriak izan ziren lantegiko beharginentzat. «Oso urte zailak izan ziren olan aritu zirenentzat. Hainbeste gerra nozitzeak eragin zuzena izan zuen lantegiko martxan», gogoratu du egileak. Lantegian aritu zirenengan ez ezik, Aezkoa haraneko bederatzi herrietako bizilagunengan eta Zaraitzu eta Nafarroa Behereko Uharte-Garazi ibarretan ere eragina izan zuen.
Azkenik, lantegiaren gainbehera etorri zen, eta III. Karlistaldian erabat hondatu zuten karlistek. «Karlistek eraman zuten lantegian gelditzen zen gutxia, eta artxiboak erre egin zituzten. Lantegiak beste hamar urte jarraitu zuen arren, ola behin betiko gelditu zen», dio Txaparrek.
Malli Txapar. ‘Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta’ liburuaren egilea
«Europan, borboien industria arkitekturaren eredu bakarra da ola»
I. Arrizurieta
Malli Txaparrek (Orbaizeta, 1963) afizioa du historia, eta ola leheneratzeko lanetan aritu izan da. Hiru urte eman ditu liburua osatzen, eta lau artxibotan ibili da arakatzen: Nafarroako Agiritegi Nagusia, Madrilgo eta Simancasko (Espainia) Artxibo Militarra eta Madrilgo Zerbitzu Militarra. Txaparrek uste du Europan ez dagoela Orbaizetako olaren arkitekturaren pareko aztarnarik.
Esaten duzu argitaratu gabeko informazio asko aurkitu duzula lana prestatzean. Ze informazio lortu duzu?
Hiru gerra handik eragina izan zuten olaren martxan: Konbentzioko Gerrak eta Independentzia Gerrak eta I. Karlistaldiak. Indarrez sartu ziren Aezkoan, eta aetzek zer sufritu zuten ohartzea zaila da. Hondamendi, harrapaketa eta konfiskazioak nonahi gertatu ziren eta jendeak izugarri sufritu zuen. Armada asko pasa ziren gure lurretatik, eta erabat suntsitu zuten. Horretaz ohartu beharko genuke. Bestalde, badira beste datu batzuk ere, ezezagunak eta ez hain deigarriak, baina bai interesgarriak: nola funtzionatzen zuen errege olak, zeinen ongi lan egiten zuten garai hartako langileek edota tekniko adituek.
Nola eragin zieten eraso horiek bertako langile eta herritarrei?
Garai hartan, egun baino jende gehiago bizi zen Aezkoan. Egun ez da mila biztanlekoa ere ibarreko bederatzi herrietako biztanle kopurua, baina garai hartan bi mila ere baziren. Zeharkako kalteak handiak izan ziren; batez ere, Konbentzio Gerran. Guda horretan exodo handia egon zen; jende askok alde egin behar izan zuen Nafarroan hegoalderago dauden herrietara. Armada errepublikanoaren inbasioa izan eta gero lagun bakarra gelditu zen etxe bakoitzean; gizonezkoa zen eta adin handiena zuena. Larrainetik eta Donibane Garazitik sartu ziren bi batailoik suntsitu egin zuten ola, baina haraino iritsi aurretik bidean harrapatu zuten guztia ere bai: Orbaizeta erre egin zuten, eta haraneko beste herriak ere bai: Iriberri, Otsagabia… Elizak, etxeak, dena erretzen zuten eta zubiak eraisten zituzten. Sinestezina dirudien arren, duela 200 urte gertatu zen.
Zenbat jendek lan egin zuen?
Eraikuntza garaian, 300 langile izan zituen. Behin martxan jarri zenean, lantegietan 50-55 langile aritu ziren lanean, eta logistikan, ikatza, burdin minerala eta bukatutako burdina garraiatzen, beste 150 inguru. Militarren kuartela ere bazegoen, eta zainketa lanak egiten zituzten 20-25 lagunek.
Gaur egun nola dago lantegia?
Olen jabetza Aezkoako Batzar Nagusiarena da. Leheneratze proiektu batean ari dira, baina ez dute dirurik. Duela urtebete-edo erabat garbitu ziren; erortzeko zorian zeuden aztarnak egonkortu eta olaren zatiak seinaleztatu zituzten. Dena dela, lantegiaren leheneratzeak haratago joan behar du. Ahal den guztia leheneratu behar da, eta horretan administrazioek gehiago esku hartzea nahi nuke. Eugiko eta Orbaizetako olen beste eredurik ez dago Nafarroan, eta Iberiako Penintsulan nahiz Europan, borboien industria arkitekturaren lekuko bakarrak dira. Bi harribitxiok leheneratu behar dituzte administrazioek.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-09-21/046/001/olaren_zori_txarra.htm









