Euskarazko irakaskuntza, euskara eta euskal kultura bultza-tzeagatik horrenbeste zailtasun gainditu beharrean aurkitzen diren gurasoen, profesionalen, ikasleen, Nafarroako ikastolen eta Nafarroa Oinezen alde idatzi nahi dut gaurko iruzkina, gure elkartasuna eta berotasuna behar baitituzte oztopoak gaindituko badituzte. Gure ekarpenaren beharrean baitaude baldin haien ahaleginak aurrerabiderik izango badu etorkizun hurbilean.
Euskararen biziraupenak, euskal kulturaren hedapenak, euskal hezkuntza eredu propio eta beregain baten aldeko apustuak sorrarazi zituen Ikastolak, joan den mendearen hastapenean. Izan ere, XIX. mendean, derrigorrezko eskolaldia hedatzen hasi zenean, euskarak eta euskal kulturak ez zeukaten inolako sarbiderik Espainiako eta Frantziako eskola-ereduetan. Gure hizkuntza eta kultura gainbehera zetozen, besteak beste, gure herriak belaunez belaun euskara transmititzeko, iraunarazteko eta garatzeko makulu eragingarririk ez zeukalako eskura.
Larramendik ikasola gisa bataiatutakoak bultzada erabakigarria izango zuen 1921. urtean, Durangon, Euskaltzaindiak “Euskalegunak” izenaren pean antolatutako batzarraren ondoren. R. M. Azkue, Nikolas Ormaetxea Orixe, J. M. Barandiaran, Gabriel Manterola, Georges Lacombe, Telesforo Arantzadi, Joan Bautista Eguskitza eta Federiko Belaustegigoitia aritu ziren hizlari. Azken honi zor zaio ikastola hitza noranahikoago bilakatzea, “Euskerazko eskolak” izenburua zeraman txostenean, aurreneko aldiz, ikastolen garapenean oinarrizkoak izango ziren -eta diren- ardatz gehienak jaso baitzituen: euskara, euskal kultura, hezkuntza, gurasoen partaidetza, materialak, herri-aginteen esku hartzea, eta abar.
Hego Euskal Herriko lau Diputazioen eta udal batzuen bultzada tarteko zela, hedapen bizkorra izan zuten ikastolek, harik eta diktadurek haien biziraupena errotik moztu zuten arte. Estepan Urkiaga Lauaxetak euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko aldarria egin zuen Madrilen, den-dena alferrik! Euskara eta euskal kultura mehatxu gisa hartua izan baitzen, eta hala izaten segitzen baitu, Estatuaren ikuspegi bateratua eta elebakarra zutenen -eta dutenen- aldetik. Zer kalte egin diezaioke geurea bezalako hizkuntza-erkidego txiki batek harearen gainean eraiki den duda-mudazko handitasun bati?
Euskal Herrian irakaskuntzak izan duen bilakaera ez dago uler-tzerik ikastolen ekarria aztertu eta azpimarratu gabe. Haiei zor zaie, hein handi batean, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren hedapena, baita eskola publikoetan ere. Era berean, aitzindariak izan dira atzerriko hizkuntzen irakaskun-tzan, berritzaileak material sorkuntzan, hurreko kudeaketan, etab. Horrexegatik, inori ezer kendu gabe, bestelako sareetan egin den ahalegina gutxietsi barik, bakoitzari berea ematea denez gure legea, aitortzen dut: euskararen eta euskal kulturaren egoera bestelakoa zatekeen ikastolen ekarpena tarteko gertatu izan ez balitz.
Horiek horrela, artikulu hau idatzi nahi dut Ikastolen eta Nafarroa Oinezen alde, hamarkadetan egin duten lanaren aitormen gisa, eta laguntza eskatu diguten honetan, idatzi honen ordaina San Fermin ikastolakoei ere eskuratu nahi diet. Eskatzen zaigun ahalegina huskeria baita beste batzuek urteetan egin duten ekarriaren, egin duten esfortzuaren aldamenean.
http://www.deia.com/2012/10/30/opinion/columnistas/talaieroa/nafarroa-oinezen-alde









