Bertso berriyak. Donostiyaren suntsiketari jarriyak

1

Milla zortzireun da amairuko

abuztuaren illian,

donostiarroi iñoiz aztuko

etzaigun egun batian,

gerra txar batek arrapatu zun

erriya bete-betian:

dana txikitu arte pakerik

etzan izan gure etxian.

 

2

Garai ayetan Europa aldian

nagusi zan Bonaparte,

eta Donosti aldian ere

artu nai zun, nunbait, parte.

Bere armada zabaldu zuben

prantzes soldaduz bete arte,

baiñan prantzesen etsayak ere

etzebiltzan oso aparte.

 

3

Ingles, español ta portugesak

egin zuten alkar artu.

Prantzesen kontra ekin ziyoten,

nai baitzituzten bialdu.

Bi illabetez ainbat zituzten

Donostiyan setiatu.

Wellington eta beste batzubek

zuten burruka gidatu.

 

4

Gipuzkoarren jarrera, nunbait,

españolei ez gustatu:

prantzesarekin epelegiya,

ayek alaxe juzkatu,

eta guziyek biar zutela

nola edo ala pagatu.

Asteko, beintzat, probintzi dana

traidore deklaratu.

 

5

Abuztuaren ogeita amaikan

sartu ziraden barrena,

ta azkar asko garbitu ere

parian gertatzen zena.

Donostiarrak iltzeko eta

dana suntsitzeko urrena,

Castaños buru anker gaiztuak

ala eman zun ordena.

6

Emakumiak bortxatu eta

gizon asko torturatu,

seireun etxe kixkali eta

diru guziya arrapatu,

izurri latza zabaldu gero

ta amaikak biziya galdu:

ezeren kulparik ez gendunok

larrutik gendun ordaindu.

 

7

Berreun urte igaro dira,

eta ez gaude aztuta,

garai artako donostiarrak

ainbeste merezi du ta.

Batzuk, ordia, festa egiteko

dabiltz asmua artuta,

milla ta seireun eriyotz ayen

oroitzapena galduta.

 

8

Ordutik emen española zan

tamalez agintzen jarri,

eta arekin, jakiña dago,

egiya jakiten larri.

Orduko berri zabaldu nairik,

ona zortzi bertso berri,

donostiarron, gipuzkoarron

eta danon jakingarri.

 

 

Nabarralde-k argitaratua