Historialarien Biltzarretan estatuari buruz hitz egin dugu batez ere. 824an sortzen hasi zen estatuaz, baskoien habitat naturalean zabalkunde gehien izan zuen erresumaz eta auzo jendeak gupidarik gabe eraso eta etorkizuna erabakitzeko suntsitu ziguten ahalmenaz sakontzen aritu gara.
1512ko konkista eta 500 urtetan jasandako ondorioak izan dira izenburuak, baina estatua izan da mintzagaia. Sortu, garatu eta Frantzia, Espainia eta Erromako enperadoreek bortxaz bizia kendu zioten euskaldunon estatuaz aritu gara. Historia izan da izenburua, baina, etorkizunaz aritu gara etengabe.
Konkistak izan ziren, baina “ez omen zen ezer gertatu, ezer aldatu” edo hori kontatu izan digute beti. “Herriak egiten du historia, eta gaizkileek idatzi izan dute narrazio ofiziala”. “Gazteluak suntsitu baziren, jada ezertako balio ez zutelako izan omen zen” kontatu digute jausitako harriak herritarrei saltzen zien espekulatzaileek. “Gerra bortitza izan zen, bai, baina zuen onerako” izan zela sinestarazi nahi digute. “Ez zen ezer aldatu, zeren eta borondatezko bategite naturala izan zen Frantzia eta Espainiaren sorrera; nahiz eta, euren erruz, euskaldunak batean eta bestean zatituta geratu” kontatzen diete gaur egun ere testu liburu ofizialek gure seme-alabei.
“Historialari belaunaldi berri batek, ordea, hankaz gora jarri ditu orain arteko bertsio ofizialak”. “Konfliktoa, gatazka, nazioartekoa da”. “Gertaera odoltsu baten ondoren, elkarbizitza suntsitu egiten da, eta pertsekuzio bortitzak ordezkatzen du bizikidetza”. “Geopolitikaren aldaketa biolentoak derrigorrez eragina behar du izan emozioetan, pentsamenduan”. Ez da hankaz gora jarri bertsio ofiziala bakarrik. Izan ere, denbora luzez gure artean nagusi izan den impostura batek iruzur itxura hartu du. Euskal Herriaren, Nafarroaren historia ulertzeko moduari buelta eman zaio: “probintzi multzo baten banakako bizitza barreiatuari Nafar Estatuaren zentralitate historikoak eman dio batasuna”.
1512ko konkistaren ondoren, eta ondorioz, “Nafar erreinuaren egitura instituzionalaren, estatuaren izaera juridiko eta politikoaren, deconstruzioa jarri zuen abian Gaztelak Erromako elizaren aurrean”. “Nafarroa estatu konstituzionala zen”, berezia, erregearen izaera jainkotiarra beharrezko ez zuena gobernatzeko, “legeak egiten ziren lehenengo eta horietara makurtu behar izaten ziren errege-erreginak gero”. “Nafarroako Forua beste edozein zuzenbideren gainetik dago, zuzenbide kanonikoa izan zein erromatarra izan”.
Historialari ez ofizial belaunaldi berri honek egungo errelato zahar ozpinduaren deconstruzioari ekin dio (Desmontaje de un concepto o de una construcción intelectual por medio de su análisis, mostrando así contradicciones y ambigüedades). Zoritxarrez, gure herrian presentzia duten hainbat hedabide eta prentsa ez dator bat bide honekin. El Pais, El Mundo eta Garak ez diote lerro bakar bat ere eskaini, Berriak pixka bat eta Noticias taldekoek Nafarroa Garaian bai, baina, eskas gainerako lurraldetan.
Bai, historiaz aritu gara, eta zer? Ez zaizue interesatzen?
Nabarralde-k argitaratua








