Bada galdera bat, sarritan entzun izan dudana lagunarteko eztabaidetan eta baita foro askoz formalagoetan ere: zertarako nahi dugu independentzia?
Galdera berak tranpa du nire ustez, ez baitiogu inolako azalpen edo argumentaziorik zor inori. Aske izateko eskubidea dugu, berez. Horrexegatik iruditzen zait arriskutsua independentziarako argudio bila ibili beharra. Zein argudio dituzte españolek, frantsesek edo argentinarrek aske izateko? Aske dira, edo hori askotxo esatea balitz, estatu bat dute, kitto. Inork ez die galdetzen ia zertarako nahi duten estatu hori. Guk ere beraz ez dugu motiborik behar, askatasuna dagokigun berezko eskubide bat da, inork ez du ezer esateko gai horren inguruan.
Sarritan entzun izan dudan beste topiko arriskutsu bat, independentziari baldintzak jartzearena da.
“Independentzia kapitalismoaren mende jarraitzeko bada, ez dut nahi!”
“Independentzia bai, baina sozialismorik gabe inola ere ez!”
“Independentziaren alde egingo nuke, baina gizarte eredu jasangarri bat bultzatzekotan!”
“Ama lurraren txikizioarekin amaituko dela ez bada bermatzen ez da nire lehentasuna”.
Hauek eta antzeko leloak, izan feminismoarekin, izan euskararekin, izan antimilitarismoarekin, askotan entzun ditugu. Eta oso arriskutsuak direla deritzot. Gainera, eta arrazoi nagusia hori ez den arren, horrelakoei normalean kontrakoa galdetzen diet: España baino matxistagoa, kapitalistagoa, inperialistagoa, txikitzaileagoa, militarizatuagoa, edo etnizidagoa izan daitekeela uste duzu gure etorkizuneko estatua? Suitzak okupaturik bageundeke, tira! baina Espainia eta Frantzia egokitu zitzaizkigun…
Baina esan bezala hori ez zen arrazoi nagusia, ondorengo hau baizik: independentzia, askatasuna, ez da helburuen artean bigarren edo hirugarren mailan koka genezakeen zerbait. Oso ondo azaltzen dute honako testu labur bezain dotorean.
Besteak beste askatasuna “ezinbesteko baldintza sakratu bezala, arnasa hartzeko, gauzak ikusteko, ulertzeko, egiteko, eraikitzeko; erabakitzeko lehenengo baldintza bezala” aurkezten digute.
Eta hori gutxi balitz, amaierako esaldiak hankaz gora jartzen ditu alderdi eta eragile abertzale ia denek ahotan duten “marko demokratiko”-aren helburua:
“Independentziaren bidez soilik ezartzen da demokrazia, eta ez alderantziz”.
Lehenik independentzia, eta ondoren demokrazia.
Kasu honetan ez da betetzen umetan matematiketako eskoletan betirako iltzaturik utzi ziguten esaldi hura: “el orden de los factores no altera el producto”…







