
idoia arrieta historialariak, 1200 urteko gipuzkoako konkistari buruzko hitzaldi adierazgarria eskaini zuen atzo
Nafarroako konkistaren 500. urteurrena den honetan, euskaldunen historiari buruzko itzal eta hutsuneak nabariak dira oraindik ere. Itzal horietako bat da, zehazki, Gipuzkoako zonaldea Gaztelara atxiki zenekoa, 1200 urtean. Mendeak dira (zortzi, zehatzagoak izateko), lurralde hauek borondatez eta hitzartuta Gaztelako Erresumaren parte izatera igaro zirela erraten dela. Hala ere, gero eta gehiago dira “borondatez” baino, indarreko konkistaren ondorioz jazotako gertaera izan zela adierazten duten ahotsak. Ahots horietako bat, Idoia Arrieta historialariarena, entzun ahal izan zen atzo arratsaldean, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Historialariak Gaztelako Alfonso VIII. erregearen dokumentu bat aurkeztu zuen, zeinen bazterrean ohar interesgarri bat ageri den: “Erne, Donostiako konkista” (Ojo, conquista de San Sebastian).
“Dokumentua altxor bat dela iruditzen zait: oharrarengatik, esaten duenarengatik… Baina gehienbat ezkutatu dutenarengatik”, adierazi zuen Arrietak. “Dokumentu hori ezagutzen zen, transkribatu zutenek bilduma ezagutzen zuten. Historialari handi horien interpretazioek atxikimendua negoziazioaren bidez egin zela adierazi dute, borondatezko paktu bat izan zela, baina ez zen horrela izan”.
Arrietak 2009an ekin zion ikerketari. Getariaren Sustraiak taldeak bultzatuta, historialariak Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuen eta, bilduma bat aztertzen ari zela, “Getariaren hiribildu titulua Nafarroako erregeak eman zuela” jakin zuen. Hala, haritik tiratzen jarraitu zuen, “XVI, XVII eta XVII. mendeetan horri buruz zer esan zen jakitearren”.
Felipe II-aren idazkari izandako Esteban de Garibay historialari euskaldunaren izena nabarmendu zen testu guzti horietan. “Donostiako udala izandako Konstituzio plazako eraikinean aurkitu nuen bere liburua, 1571n idatzitakoa. Hara non, Garibayk Getariako hiribildu titulua Antso VI. Nafarroako erregeak emandakoa zela berresten zuen”. Bilduma horretan bertan, Garibayk 1204ean Gaztelako erregeak Donostiako hiria nola berreraiki behar izan zuen ere adierazten zuen. “Konkista, hiriko babes sistema suntsiturik hasi zen, beraz, indarrez”.
kolpe gogorra
Nafarroako itsasoa
Gipuzkoako lurraldeen galera kolpe gogorra izan zen Nafarroako Erresumarentzat. Izan ere, Donostiako hiribildua zein itsasbazterreko beste lurraldeenak “benetako motorrak ziren nazioarteko merkatari-tzan: Antso VI. Nafarroako erregeak antolatutako sare handia zen. Historialariek askotan ahazten dute hori, eta Gipuzkoaren garapena Alfonso VIII. arekin iritsi zela interpretatzen da. Ba, ez da egia, XII. mende bukaeran sortutako sarea baitzen”. Hala, Nafarroako erregeak nahiz Gipuzkoako herritarrak “behin eta berriro saiatu ziren Nafarroako erresumara itzultzen, XVI. mendea arte”.
“Gauza bat argi daukat”, adierazi zuen, “historialari asko Erdi Aroan gertatutakoa ezkutatzen saiatu direla, azken 800 urteotan. Euskararen dimentsio historikoa ez da kontutan hartu, gure komunitatea, folklorea… Gure historia ez da ulertzen, kohesioa falta zaio”.
Arrietak “ikuspegi politikoari” atxiki zion errealitatea ezkutatzeko nahi hori. “Gure herrian, aspalditik, bi ikuspegi, bi sentiberatasun bizi dira elkarrekin, eta batak besteari ateak itxi dizkio. Interpretazio politikoa izan da. Baina orain, egia berreskuratzeko unea iritsi dela uste dut”.
Noticias de Navarra







