Elkarrizketa: Santiago Alba Rico

«Kazetariak artilleria bihurtu dituzte gaur, egiaren eta justiziaren aurkako gerran»

Santiago Alba Rico (Madril, 1960) filosofoa da. Lolo Rico zinemagilearen semea da, eta haren La Bola de Cristal saioan hasi zen gidoiak idazten, ama ordezkatzen. Saioa «haurrentzako marxismo satirikorako alegia» bihurtu zuen. Los medios y los fines: comunicación y capitalismo hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Getariako Udal Aretoan (Gipuzkoa).

Hedabideen eta kapitalismoaren arteko gaurko harremanak aztertuko ditu gaur pentsalari madrildarrak Getarian (Gipuzkoa); tartean, ‘Egunkaria kasua’ eta Euskal Herriko bake prozesuko azken gertaerak.

Gaur egungo kazetaritzaren diagnostikoa egingo duzu Getarian?

Gaur egun hainbat formatu erabiltzen dituzte etengabe hedabideek, ikuslea gune batean sartzeko, non politika erabat debekatuta dagoen. Erabat berdindurik daude informazio formatuak eta publizitatearenak, hiruzpalau talde handik defendaturiko interes ustelen mesedetan. Horren bidez, Iraken inbasioaz informazioa ematen denean eta gorpuak zein hondakinak erakusten direnean, kontsumoa bultzatzen da; ikuslea bultzatzen da altxa dadin hozkailura Coca Cola bat edatera. Kazetariak armadaren abangoardia eta artilleria bihurtu dituzte, justiziaren, egiaren eta objektibotasunaren aurkako gerran.

Adibide hurbilen bat?

Egunkaria kasua, esaterako. Ikusi besterik ez dago hedabideek zer esaten zuten itxi zutenean. Euskal Herriaren kasuan, hedabideen omerta edo isiltasun paktu mafiosoak gatazka elikatzen du, edo, behintzat, afera politikoki konpontzea zailtzen ari dira. Epaileen eginkizunak usurpatu dituzte, sumarioak idazten dituzte, pertsonak kriminalizatzen dituzte eta sententziak ematen dituzte, ikusle edo irakurle otzanen oniritziarekin.

Zer iruditzen zaizu Egunkaria kasuko ebazpena?

Espero genuen guztiok, zigorra ezinezkoa zelako. Halere, politikaren indar harremanen esparruan ikusi behar dugu. Baikor naiz horretan, ez soilik behingoz justizia egin delako -eta sententzia oso gogor batekin, gainera- baizik eta, agian, erakusten duelako aukerak irekitzen ari direla Euskal Herriko gatazkari konponbide politikoa emateko.

Baikor izateko datuak badaudela uste duzu?

Datuak badaudela uste dut, baina uste dut trantsizioa deiturikoaren jatorriko bekatuak mugak jartzen dituela, eta horiek edozein unetan jar daitezke martxan. Bestetan ere zapuztu egin dira halako itxaropenak, baina oraingo honetan behar adina gauza aldatu dira azken urteotan, konponbidea egotea litekeena dela pentsarazteko.

Zertan eragingo dio hedabideen jarrerari gaurko krisiak?

Hedabideak kapitalismoaren egituraren parte dira, beraz, ezin dugu espero haiek salatzea kapitalismoak krisian duen erantzukizuna. Hedabideak kontrolatzen dituzten nazioarteko talde handien jarrera eta gobernuena berdina da funtsean: krisiaren kausak erreproduzitzen dituzten neurriak txalotzea, hiritarren lepotik.

Slavoj Zizek filosofoak ohartarazi du inozoa dela pentsatzea krisiak bultzatuko dituela herritarrak kapitalismoaren aurka jartzera. Ados?

Bai. Norbaitek esan zuen baldintza iraultzaileak ditugula gaur, baina subjektu iraultzailerik ez. Aurrekariak hor daude: Italian, Polonian, Austrian, Frantzian eta Espainian -PPren jarrerarekin, PSOEren Gobernuak elikaturikoa-. Datorrena ez da herritarren borroka hiritartasun osoa eta demokratikoa lortzeko, baizik eta ez-hiritarren arteko borroka, buruzagi populistek edo neofaxistek baliaturikoa. Hori da arriskua: etorkinak ordain aker gisa erabiliko dituen egoera baten atarian gaude, historian beste hainbatetan bezala.

Zein da herri txikien eginkizuna datorren testuinguru horretan?

Lurraldeetatik abiatu behar dugu, lurraldeak defendatu behar ditugu. Nazionalismo internazionalista defendatu behar dugu, politikoki ongi oinarrituta, parametro marxistetan, nire ustez. Nazionalismo mota asko daude. Espainiarra inperialista da, eta Latinamerika berriz kolonizatzen ari da. Euskal Herritik inperialismoaren aurkako munduko beste nazionalismoei begiratu behar diegu: Kubakoari, Venezuelakoari, nazionalismo Bolivarianoari. Burujabetza nazionalaren defentsari, alegia.

Berria-k argitaratua