Malerrekaren gain goititzen den Mutilna edo Makilipurdi Haitza igotzea dugu helburu, gazteluaren harriak hor dirauten ikusteko asmoz.
Orzorrotz gaztelua, etsaien etorrera zelatatzeko talaia
Auzoko Mendaur bezain garaia ez izanagatik, Nafarroako Malerrekako edozein herritatik gora begiratuz gero, beti da nabarmena Mutilna edo Makilipurdi Haitza. Forma berezia eman dio naturak: amildegia iparraldetik eta erabat malkartsua hegoaldetik, harritsua alde guztietatik. Hortz zorrotza benetan. Bada, han goian, Orzorrotz gaztelua eraiki zuten, eta haraino erraz igo daitekeela ikus dezazuen haraino bertaraino igotzeko azalpenak dituzue honako hauek.
Iturengo Aurtitz auzotik urtegiraino igotzen den bidearen bihurgune nabarmen bat duzue abiapuntua. Porlana amaitzen da hor, eta autoa uzteko leku nahikoa dago (400m). Autoan goraino igo badaiteke ere, bide polita abiatzen da hortik bertatik, eta dagoeneko tontorreraino gainditu beharreko metroak ez dira horrenbeste, kendu diozue puska on bat.
Mendebaldera irteten den pistatik ekin behar diozue bideari. Erreka gurutzatu bezain pronto, berriz, gorantz bidaliko zaituzten zutoin adierazlea topatuko duzue. Arrasto gehiago ere izango dituzue igoeran bidelagun, PRNA-104 ibilbidea inguruotatik baitoa, ez zuen moduan, ordea, Makilipurdi edo Mutilnako haitzera. Beste bide zabalago batera irten, eta bertatik burutu behar dituzue hurrengo urratsak. Eskuinera jo laster, erreka zokorantz zuzentzen den zidorretik. Ur kanalizazioaren azpitik igaro, erreka gurutzatu, eta jarraitu beste aldeko hegian behetik gora doan bidea.
Borda zahar baten hondarrak ezkerrean utzi, eta diagonalean gora eginda, pista nagusira iritsiko zarete, urtegiaren parean (720m). Nahi izanez gero, hainbat mahai dituzue urtegiaren atzealdeko atsedenlekuan. Pista zabala jarraitu behar duzue hor, bidetik atera gabe. Poliki-poliki, apenas desnibelik igo gabe mendebaldera zuzenduko da, eta urrun ikusten zenutena, konturatzerako, gertu izango duzue. Bide zabal hori, basoa ustiatzeko eraikia izanik, ez doa inora, eta jaisten hasi bezain pronto, eskuinetik gora abiatzen den bidea hartu behar duzue, goiko mendi lepora hurbiltzeko. Bidea bitan banatuko da ondoren. Eskuinekoa hartu, eta segi gora Ekaitza eta igo asmo duzuen haitzaren arteko bizkar luzearen bila. Aldentzen ari zaretela irudituko zaizue, eta hala da. Metro batzuk zuzenean baso garbian igo, eta laster izango zarete bizkarrean -870 metroko kotan irtengo zarete-.
Ekaitzako tontorrera joan-etorria egin dezakezue, edo zuzenean hegoaldera jo, malda leunean behera. Lehenengo lepora iritsiko zarete (845m), eta aurrerago haitzaren oinarrira (835m). Tartean Zubietako -eskuinean- eta Iturengo -ezkerrean- mugalerroa jarraitu baduzue behintzat, harrizko bi gurutze topatuko dituzue, bata bestetik aldenduta.
Makilipurdi edo Mutilnaraino
Iritsezina zirudien urrutitik, eta hala izaten jarraitzen du iparraldetik begiratuta. Mendebaldetik du igoera samurrena, eta handik zuen, antza, gazteluak ere sarbidea. Haitzari begira, beraz, eskuinera eta gora jarraitu eta laster gora egiteko bide bakarra aurkituko duzue, ongi markatu gabea baina zailtasun berezirik jarriko ez dizuena. Zertxobait ezkerrera jo eta berriro eskuinera egin ondoren, gainaldera igoaraziko zaituzte. Ezkerrean duzue tontor nagusia, ordea, eta akaso hara igotzean izango da koskarik handiena. Hor dagoen zuhaitz bakarraren ondotik gainditu daiteke eragozpen handirik gabe koska, eta hortik maldan gora Makilipurdi edo Mutilna tontorreraino (890m).
Gainean, gutxi gorabehera 16 bat metro luze eta
Beherakoa zuzenean hegoaldeko malkarrean behera jaitsiz egin dezakezue. Harritsua izanik, baina, tentuz ibili behar da, hezea dagoenean batez ere. Lurrazaleratzen diren harlauza handien arteko pasiloak baliatu eta bata bestearekin lotuz ireki behar duzue bidea. Kontuz, beraz! Azken koska jaitsita, garoz estalitako hegietan behera egitea besterik ez duzue, saroi multzo bateraino (550m). Harrizko itxitura hormen ondotik behera egin Mareneko bordaraino, eta hortik beherako pista segi, abiapunturaino (400m).
Orzorrotz gaztelua, etsaien etorrera zelatatzeko talaia
Bertakoek haitza Mutilna edo Makilipurdi izenarekin ezagutu arren, testu zaharretan Orçorroz izeneko gaztelua aipatzen da. Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugaren zaintza lanak egiteko, Goi Erdi Aroan eraiki zituzten gazteluetako bat da. Gipuzkoako lurraldea ebatsita zela, handik etor zitezkeen etsai eta ganadu lapurrak zelatatzeko erabiliko zuten soldaduek, ziur asko, talaia. Iñaki Sagredok Nafarroa, erreinua defendatu zuten gazteluak lanean dioenez, XIII. mendean eraiki zuten, mendearen hasieran beharbada, nahiz eta lehenengo dokumentu idatziak 1298koak direla argitzen duen. Bertan hamar edo hamabost soldadu egoten zela dio, eta garai liskartsuenetarako soldadu kopurua 40ra igotzen zela gehitzen du. 1400. urte inguruan berreraiki eta Nafarroa konkistatu ondoren desegin zuten, 1522. urtearen inguruan.