Foruak, subiranotasunetik egungo egoerara

Euskal herria aipatzerakoan, euskal kultura datorkigu burura. Herri honen nortasuna; Pirinio mendebaldean, bi Estaturen artean, neolitiko garaitik hartu duen kokapen geografikoa; eta bere ezaugarri esanguratsuenak: hizkuntza, euskara, euskal kirolak, edo sukaldaritza. Ezaugarri hauek guztiak topikoak diruditen arren, guztiek osatzen dute hain berezko dugun talde nortasuna.

Asko luza gintezke, eta beste arlo batzuetan sakondu: itsasoa, kooperatibak, lanaren kultura, dantza… Baina agian ez dugu hain argi, edo ez dugu behar beste baloratzen, kultura horrekin batera herri honek sortu duen antolakuntza politikoa. Hots, kultura politikoa. Bizi soziala, lurraldea, gatazkak, agintea eta abar antolatzeko modu berezia izan da hemengoa.

Kultura politiko horretatik eratorri dira Nafarroako erresuma independentea, batzarrea eta bestelako erakunde politikoak. Eta horien artean, ezin aipatu gabe utzi kultur piriniar honetan sortu ziren Foruak. Ibilbide historiko luzea dute foruek, XIII. mendean Teobaldo erregea eta Infantzoiak aurrez aurre jarri zituen gatazkaren oinarrian zeuden, eta baita XIX. mendean, Gamazadak iraun bitartean, Sabino Aranak Ikurrina Castejonen aurkeztu zuenean. Eta hala ere, edo behar bada horregatik, ibilbide luze horretan foruen esanahia aldatuz joan delako, nahasmen handia dago egun Foruen inguruan. Nahasmen hori areagotu besterik ez du egin hauengan egin den manipulazio politikoak. Garai batean independentzia eta subiranotasunaren sinonimo ziren foruak, pribilegio eta erregearen kontzesio gisa irudikatu dira beste batzuetan. Baina polisemia horretatik haratago, foruak dira Lurralde Historikoen antolaketaren oinarri kontzeptuala, baita Aldundiena edo errege agintearen onarpenarena, honek foruak sin egin behar baitzituen bere agintea onartua izateko.

Foruen eztabaida 800 urtez egon da presente gure historian, Zazpiak Batetik hasi eta karlistadetara, emaitza gazi-gozoekin. Orain gutxi Barcina lehendakariak bere gobernuaren foru izaera aldarrikatzen zuen. Baina nahasmen polisemiko horren baitan, foru kontzeptuak ihes egiten digu, independentzia garaiko subiranotasuna, ala menderatze gaztelarraren sinbolo ote?

Martxoan zehar, Nabarraldek euskal foruen esanahi eta bilakaeran sakonduko duen sareko ikastaroa egingo du. Nafarroa independentean sortu eta herri bezala mendetan zehar garatu dugun kultura politikoa ezagutzeko. Erdi Aroko historian katedraduna den José Luis Orella Unzueren  zuzendaritzapean, euskaraz eta gazteleraz egin ahal izango da ikastaroa. Garaia da guk geuk sortu ditugun foruak zer diren ikas dezagun, ez diezaguten gehiago nahas.