Salamancako herri bateko armarrian, nafar ikurra

Ciudad Rodrigoko eremuan dagoen herri txiki batean, 2017an 203 biztanle zituena (106 gizonezko eta 96 emakumezko), harro eta dotore erakusten dute herriko armarrian Nafarroako ikur kateduna. Sierra de Franciako iparraldeko isurian Anaya (Anaia) de Huebra izeneko beste herri txiki batekin partekatzen duten lautadan.

Armarria lau atalekoa da, ixa moduan banatua eta irudikatua: lehenengoan Gaztela eta laugarrengoan Nafarroa, gule koloretan biak; bigarrena eta hirugarrena berriz, Jasokunde Andre Mariaren patronazgoaren urrezko koroa azur kolorearen gainean.

Ez da segurua, ez baitago dokumentatua, baina euren elezahar batek dioenez Nafarroako Antso VII. Azkarrak bere esku zuen herriko gaztelua menia-berme moduan utzi zion Gaztelako Alfontso VIII.ari Guadalajarako Itunean, 1207an. Gaztelako Alfontsok nafar kostaldea (Gipuzkoa barne) zazpi urte lehenago konkistatu zuen bortxaz, 1200ean. Miramolinen kateak berriz, 1212koak dira. Hortaz, Salamancako herriaren armarriko kateak Nafarroako ikurrak erakusten dituenaren aurrekoak dira. Posible al da?

Aipatutako herria Abusejo da eta oso posible da nafar ikurra euren herriko ezkutuan paratu izana hala nahi dutelako, sudur puntan jarri zaielako, alegia. Guri, berriz, nahi dugun nafar ikurra Jaurlaritzako ezkutuan jartzea debekatzen digute eta Gipuzkoakoan Belateko hamabi kanoiak ezartzen dizkigute, anaien arteko iraingarri. Horretaz guztiaz hitz egingo dugu azaroaren 28an, larunbata, Hernanin.