Francoren garaietan maiz entzuten genuen, batez ere, irakasle eta funtzionarioengandik esakune zantarra; «Hable en cristiano». Baina, gaur, berriz entzun behar izana Bilboko igaro festetan ikasle adineko neskatila baten ahotik ez da anekdota arrunta, baizik eta aldizkarian titulu bat eskatzen duena.
Begoñako igogailuan, azkenak sartzerakoan, ondorengoei deiadar egin nien: «Barrura, barrura». Barrutik, laubat laguntxorekin zihoan neskatilak hala jaurti zidan: «Hable en español». Haserreaz baino gehiago, harriduraz honakoa irten zitzaidan: «Como con Franco, ¿o qué?». Neskatoak berriz: «Pues, sí, ¿y qué?». Haserretzen hasita, bota nion: «Zoaz ba antzarak ferratzera!». Orduan mutil lagunak bere alde irten zuen: «Un respeto, por favor». Gero eta haserretuago, nik: «El mismo que a Franco, claro».
Lurrera iristeaz batera, arin ihesi zuen gazte koadrilak metrora, emazteak eta beste lekukoek lasaitzen ninduten bitartean. Behin eta berriz nik nioen: «Hau bortxakeria izan da. Salaketa egin beharko nuke». Baina probokatzailea desagertua nuen. Hori taberna batean edo kalean gerta izan balitz, ez dakit zer ondorio izango zituen, baina ziur ez zirela onak izango.
Neskatoaren ateraldiak, egia esan, zirrara eragin zidan, garai bateko esaera txar hura aurpegira jaurti bazidan bezala. Neskak ez zuen ahoa irrigarri asmoz ireki. Hala balitz, ez zuten erreakzionatuko egin zuten eran. Berean jarraitu zuen, barkamena eskatu beharrean. Dirudienez, euskara ulertzen zuten, baina entzute hutsak tripako mina eragin zien. Nabarmenena niretzat, euskal hizkuntzari dioten amorrua publikoan adierazteko ausardia izan zen.
Seguruenik, orain bi urte ezkero kalean Euskara en Libertad aldarrikatzen ari diren familia multzo horietakoa izan zitezkeen gure neskatoa eta koadrila. Aldarrikapen hori PSE-EEk asmatu eta erabili zuen hauteskunde kanpainan, eta behin PPrekin Gobernua osatuz gero, Irakaskuntzan beren Planaren arau nagusien artean darabilte. Hain zuzen, Fernando Savater-en «El español,
Hasieratik ginen beldur Gobernu berriaren Irakaskuntzako aldaketak ez ote ziren izango horrelako jarreren eragile eta babesle, eta gertaerak hortik apuntatzen du. Ez ikasteaz gainera, badira euskara arbuiatzeraino ausartzen direnak, muinetan min emango balie bezala, «Hable en cristiano» oihu xenofobo eta frankista aldarrikatzeraino.
Jakina, gazte horiek, bihar hiritarrak, beren ustez eskubide osoenarekin aurkeztuko dira gizarte lan postuetarako, berdin irakaskuntzan izan, Osakidetzan, funtzionariotzan edo bestelako edozein lanetan, nahiz eta herritarrekin hartu-emana exijitu. Gobernua bera dabil curriculumetako saihesbideak zabaltzen.
Beraz, nork ziurtatu behar digu euskaldunoi euskaraz bizitzeko dugun eskubidea? Ez dut ezagutzen denda edo komertzio pribaturik «Aquí, sólo español» dioenik. Establezimendu publikoek ez dute abisatu beharrik ere, nahiz eta gehienetan hala izan.
Ikastaro berriaren aurrean, Isabel Zelaa Hezkuntzako sailburu lanpetuak enpatia hitza erruz darabil, batik bat bere bihotzeko biktimen alde. Euskararenganako eta euskaldunenganako «enpatia» ez bada ere, behintzat errespetua pizteko ezer egingo al du eskoletan? Euskaraz ikasi nahi ez duenaren alde agertzen den bezain sutsu, jokabide horrentzako eskubideak asmatzen jardun ordez, zergatik ez aritu euskararen zabalkuntzaren alde? Batzuen eta besteen eskubideak kontrajartzea baino ez al da naturalago eta baikorrago gizartearen integraziorako lurraldeko hizkuntza ere inplikatzea, beharrezko politika ekimenak bideratuz?
Alferrik dabil Hizkuntza Politikako sailburuorde berria, Lourdes Auzmendi, euskararekiko alor denetako murrizketak hitz goxoz zuritu nahian; laga ipuinak Inuzenteen egunerako. Hizkuntzek ez dutela eskubiderik, esan ohi duzue, baina hizkuntzak darabilzkigunok bai, baditugu eskubideak. Horregatik salatzen dut neskatoaren portaera nire eskubideen aurkako erasotzat, bortxakeriatzat; beraz, salagarri eta zigorgarri. Noizko, gaztelania bezain hizkuntza ofiziala euskara?








