“Nafarroako auziaz” Pruden Gartzia. Elkar, 2015 – “Nafarroatik Nafarroara” Epilogoa
https://jakin.eus/show/f2adcdd7762e1b46755f3d507f86ff6bdd4e43f5
10
Azkenaldian gure jendea asko ari da begiak Nafarroa zaharrerantz itzultzen. Iraganari begira etorkizuna ikusi nahiz. Izan ahal izan zen eta izan ez zen euskal historia birreskuratu guran, esango liguke W. Benjaminek. Belaunaldi berrien buru eta bihotzetan, egin ez genuen eta egin beharra daukagun Ernazimentu, ez erromatarra hain zuzen ere, ezpada geure-geurearen gogoa nabaritzen da pil-pil, nik uste. Nafarroa hura mito bat da, esango dizute (Espainiaren mitoa maiteago dutenek). Eta? Utopia da, erantzungo diegu. Mitoak ez dira beti txarrak. Izarrak dira gau ilunean. Eta utopiaren eta maite dugun mitoaren balio positiboaz eta bien arteko zerikusiaz gogoetatzea eta gure nabigazioko iparrorratza izateko biak doitzen asmatzea izango dugu egitekoa. Hori da historia, eta historiaren balioa.
Ernazimentua maite badugu, ez da dena Rafael eta Michelangelo delako. Nafarroa maite badugu, ez da ilargiko Euskal Herri idealen baten ipuinak maite ditugulako. Nafarroako historia ez da ideala. Baina guretzat, bere arriskuekin ere, Nafarroa da gure mitoa, gure utopia.
Kolonian, 2015eko abuztua.
———-
Elkarrizketa luzea Jakinen (zati aukeratuak)
https://jakin.eus/digitalizazioa/azurmendi/solasaldia#03
Zenbat urterekin joan zinen Erriberrira?
Hamasei urterekin joango nintzen, eta hiru urte egin nituen han. Erriberrira filosofia egitera joan ginenean hasi nintzen ni Euskal Herria deskubritzen, euskara deskubritzen, Arturo Campion irakurriz, irrika handiz gainera. Ez dakit zergatik baina arkitektura beti interesatu zait, eta uste dut inork baino hobeto ezagutzen nituela hango inguruak, Erriberriko elizak, San Pedro eta Santa Maria la Real, eta, batez ere, gaztelua. Ostegunero arratsaldea libre izaten genuen eta han ibiltzen nintzen atzera eta aurrera, bazter haiek ikusten. Entusiasmatu egin nintzen garai bateko Nafarroarekin. Nafarroako konkistaren arazoak neu pertsonalki mindu ninduen, nafarra sentitzen hasi nintzen.
Baina oraindik ez dut uste politikoki kontziente nintzenik. Seguru, garai haietan espainolista nintzela. Horrela hezitakoak ginen eta ez neukan beste gauzarik buruan.
———-
‘Hizkuntza, etnia eta marxismoa’ ez da liburu bat, apunte diferenteen bilketa bat baizik, eta bilketa Txillardegik egin zuen. Sinadura ere berak jarri zuen. Nik aurretik Jose firmatzen nuen, espainolez. Hori zen nire izena. Arestik esaten zidan zergatik ez nuen Josepe firmatzen, Josepe Azurmendi. Eta Txillardegik ipini zuen liburu horretan Joxe x-rekin. Orduan hasi nintzen x-rekin sinatzen ni ere.
———-
Eta ni Txillardegiri lotu nintzaion. Bruselan bazegoen talde bat, Waterloo-n, eta Bruselan Federico Krutwig bizi zen. Nik ere izan nuen harremana harekin. Eta, bai, ikusten nuen arrazoia zeukatela. Beraiek ziren harremanak zeuzkatenak hemengo jendearekin eta ETAren barruko liskarretan sartuta zeuden. Eta nik konfiantza egin nien.
——–
Publikoaren kontzeptua estatalarekin estaltzen da. Eta hor dago errorea. Publikoak ez du zertan estatala esan nahi. Publikoa izan behar da beti, baina, mesedez, ahalik eta gutxien estatala.
——–
Bestetik, Jose Artetxeren liburu asko irakurri nituen, ‘Zein ziren’, ‘Urdaneta’, ‘Okendo’… Badauka dozena erdi bat liburu euskaldun ilustreei buruzkoak. Deskubritzen duzun unean, “hara, gure handitasunak dira!” sentitzen duzu. Baina, berehalaxe, kontzientzia hartzen duzunean, zera esaten duzu: “Baina hau euskaldunaren uko bat da! Alegia, goratzen ari zaizkit euskaldunak ez diren guztiak!”. Eta orduan erreakzio bat dator euskaldunaren harrokeria horren eta goratzearen kontra. Euskaldun errealak gu gara, nola idatzi ez dakigunok, idatzi nahiko genukeenok eta ez dugunok erdaraz idatzi nahi, langileak, eta ez burges txikiak hauek jada erdaratu baitira, eta abar. Alegia, euskaldun erreala, hain zuzen, zuek bazterrera uzten duzuen hori da.
———
Eta hor ere badago, beharbada, espainolek edo besteek gu nola ikusi gaituzten, edo nola ikusi nahi izan gaituzten, eta guk geuk sinestera iritsi garela.
Bai, azkenean sinestera iristen gara. Horixe da nire esperientzia, aitortu beharra dut. Ni ume euskalduna naiz, sortzez, baina maisuek beti euskaldunez mespretxuz hitz egiten dutenez, ni neu iritsita nago neure burua ez-euskaldun sentitzera. Euskaldunak baino gehiago sentitzera, edo diferente behintzat. Euskaldunak horko zera batzuk dira, eta ez ni. Euskaldunak, ‘hango haiek’ bezala ikusten nituen. Literaturan ere horrela irakurtzen nuen beti, “aquellos vascos”. Eta ni irakurtzen nuen testuarekin identifikatzen nintzen, umeak oso erraz egiten du hori.
——-
Gaur egun berdin segitzen du sistemak, beste mito batzuekin bada ere?
Gaur mitoa pasa da. Europa modernoan, lehen modernitatean batez ere, mitoa historiarekin, errelato historikoarekin garatu da. Gaur errelato historikoa zientzia bihurtuta dago, eta errelato mitikoa zinemara, literaturara, kantura pasata dago. Beste forma batzuk dauzka. Ez du errelato historiko bat egiten.
Guk badugu gaur egun Asterixen antzekorik?
Gu oraindik ez gara aski liberatu geure topikoetatik. Gu oraindik Orreagarekin eta Nafarroako konkistarekin gabiltza. Gure narrazioa oraindik errelato historikoaren mailan dago. Oraindik ez dugu hori gainditu.
——–
Campionen ipuina: aitak nahiago duena semea hil, hizkuntza, euskara, galdu dezan baino lehen. Heroikoa da, baina galtzaile baten istorioa da.
Errelato historikoa autokontzientziara iristeko erabili da Europan, eta horretarako positiboa izan da. Baina gaur ez da posible errelato hori erabiltzea, gaur historia, hain zuzen, kritikaren menpean sartutako adar bat delako. Nire ikasle izandakoek idatzi dituzte Nabarralderen kontra gauza nahiko zakarrak. Jakina, hori nire pentsamendua da, baina nik beti aitortu izan dut ni neu historiaren bidez abertzaletutakoa naizela. Beraz, nik ez daukat ezer horren kontra, hori behar den bitartean. Eta horren beharrean gaude oraindik. Ni Campionen bidez iritsi nintzen euskal mundu hau deskubritzera. Campion historialariaren bidez, ‘Navarra en su vida histórica’ eta liburu horien bidez, ez Campionen nobelen bidez.
————-
Gurea, galtzaileen historia bat al da?
Euskal Herriaren historia historia triunfal bat izan da, Karlistadak etorri arte. Baina historia ikusteko modua momentuak ezartzen dizun ikuspuntuaren araberakoa da. Gu momentu honetan galtzaileak gara. Alegia, birrindutako herri bat gara. Birrinduta egon, ez gaude hain aspalditik, XIX. mendearen bukaeratik gaude birrinduta. Eta pixka bat lehenagotik, lurralde batzuk galduta, Nafarroako eta Arabako euskal eremu batzuk. Baina, gauza bat da lurralde batzuk galtzea, eta beste gauza bat da barrutik puskatuta egotea. Gu, gaur, erabat puskatuta gaude barrutik.
————-
Baina une honetan ezinbestekoa da euskaldunok geurea eta geurea bakarrik izango den mundu espiritual bat sortzea: geure kontuekin, geure mitoekin, geure pentsamenduaren azterketarekin, filosofiako geure mitoekin… Geure eta geurea esklusiboa den barne mundu bat sortu. Nik uste dut oso inportantea dela. Eta hori ez diogu inori ematen. Ez ezkutatu nahi dugulako, baizik eta hori sendo barruan eduki arte ez dugulako geure burua osatuta izango. Barrutik puskatuta gaudenok, hori eduki behar dugu. Eta hori eginda daukagunean, erabakiko da zer itzuli eta zer ez.
———-
Aleman batentzat biolentzia nazismoaren esperientziatik ikusten duen gauza bat da, eta oso diferente ikusten du, eta bere obligazioa da esperientzia horretatik mundua pentsatzea. Eta gure obligazioa da mundua gure esperientzietatik pentsatzea. Gai berari buruz, guk gure gogoeta garatu behar dugu.








