Lau indarkeria ezberdin Iruña Veleiako auziaren lau fase historikoetarako

Iruña-Veleiako auzia ez da soilik aztarnategi baten inguruan sortutako polemika zientifikoa, baizik eta egia-ekoizpenaren, botere-egituren eta legitimazio-mekanismoen arteko gatazka paradigmatikoa ere bada. Afera honek erakusten du nola eratzen diren egia-erregimenak, nola blindatzen diren autoritate akademiko-instituzionalak eta nola erabiltzen den lege-aparatuaren indarkeria diskurtsiboa egia-galdera bera despolitizatzeko. Testuinguru horretan, Walter Benjaminen “Indarkeriaren kritikari buruz” testuak eskaintzen duen marko filosofiko-politikoa bereziki egokia da Veleiako auzian gertatutakoa ulertzeko.


Arg:
Wikimedia 

Benjaminen indarkeria-tipologia

Benjaminen abiapuntua da indarkeria ez dela soilik fisikoa, baizik eta legea sortzen, mantentzen edo desegiten duen mekanismo historiko-politikoa. Benjaminek indarkeria mota desberdinak bereizten ditu, bi kategoria nagusitan banatuta:

Batetik, indarkeria mitikoa (juridikoa), zuzenbidearen esparruan oinarrituta, hiru modutan aurkez daitekena: A) Indarkeria sortzailea (legea sortzen duen indarkeria). Lege-eremu berri bat ezartzen du; ordena zaharra kolokan jartzen du. B) Indarkeria mantentzailea (legea mantentzen duen indarkeria). Legea eta botere?egitura zaharra babesten ditu; autoritatea blindatzen du. C) Beraz, indarkeria mitikoak (errua ezartzen duen indarkeria) errua ezartzen du, zigorraren bidez boterea sendotzen du, baina ez du egia argitzen.

Bestetik, eta indarkeria horien aurrean, agertzen da oso bestelako den beste bat: D) Indarkeria jainkotiarra (legearen egitura bera desegiten duen indarkeria askatzailea). Legea bertan behera uzten du; errua ezabatzen du; boterearen egitura mitiko-juridikoa desegiten du.

Iruña Veleiako gertaeren lau faseak Walter Benjamin-en testuen arabera

Lau indarkeria mota horiek modu harrigarrian islatzen dira Iruña-Veleiako auziaren lau une nagusitan. Beraz, aurretik esandakoa kontuan hartuta, honako atal hauek egin ditzakegu:

  1. Aurkikuntzen garaia: 2005etik 2008ra. Indarkeria sortzailea

Lehen fasea, 2005 eta 2008 arteko aurkikuntzen garaia, Benjaminen “indarkeria sortzailea”ren adibide garbia da. Benjaminentzat, “legea sortzen duen indarkeria beti da muga?ezartzaile”; indarkeria horren bidez, ordena juridiko berri bat sortzeaz gain, erregimenaren egia berri bat irekitzeko gaitasuna ere aurkezten da eta, ondorioz, botere zaharrak dardara egiten du. Hori da, zehazki, ostraken agerpenarekin gertatu zena. Lurmen taldeak aurkeztutako ostrakak ez ziren aurkikuntza arkeologiko hutsak, ezagutza-ahalmen handia baitzekartzaten: euskararen historia, erromatarren garaiko alfabetatzea eta kristau ikonografia berridazteko aukera ematen zuten.

Beraz, aurkikuntza hauek ez zuten soilik datu berriak ekarri; muga epistemiko berria ezarri zuten—zer zen posible pentsatzea euskararen iraganari buruz—, aurrez ezarritako egia-erregimen hegemonikoa astindu zuten, eta horrek botere akademiko-instituzionalaren egonkortasuna mehatxatu zuen, “lege zaharraren balioa kolokan jartzen duen indarkeria”, Benjaminen hitzetan. Diskurtso hegemonikoak —EHUko filologia, arkeologia ofiziala, administrazioaren egitura— bere mugak kolokan ikusi zituen. Hori da indarkeria sortzailearen ezaugarria: ez du zertan fisikoa izan; nahikoa da ordena zaharra desorekatzeko ahalmena izatea. Iruña-Veleiako aurkikuntzek, berez, boterearen egitura zaharraren aurkako indarkeria sortzailea eragin zuten. Hortaz, fase hau ulertu behar da egia-erregimen hegemonikoaren aurkako indarkeria sortzaile gisa: aurkikuntzek irekitako horizonte epistemikoak boterearen egitura diskurtsiboa desorekatu zuen.

  1. Erakundeen krisia eta bazterketa 2008an. Indarkeria mantentzailea

Bigarren fasea, 2008ko krisia eta ondorengo bazterketa, indarkeria mantentzailearen fasea da. Benjaminen iritziz, “legea mantentzen duen indarkeria ez da inoiz neutrala; bere helburua ez da justizia, baizik eta boterearen jarraipena”. Indarkeria mota honek ez du egia bilatzen; legearen eta autoritatearen jarraipena bermatzen du. Hori da, zehazki, 2008an gertatu zena: batzorde zientifikoaren txostenak, filtrazioak, prentsa kanpaina eta Lurmenen kontrako neurri administratiboak ez ziren egia argitzeko mekanismoak, baizik eta ordena akademiko instituzionala babestekoak. Ez zen eztabaida epistemikorik onartu, ez zen beharrezko froga fisiko-kimikorik egin, ez zen eztabaida zientifiko gardenik egin; aitzitik, aurkikuntzen potentzial epistemiko-eraldatzailea neutralizatu zen, aurrez ezarritako egia jurudikoa inposatu zen eta, hitz potoloz, autoritatearen bidez ebatzi zen auzia.

Indarkeria mantentzaileak diskurtsoaren monopolioa erabiltzen du, eta horregatik, fase honetan agertzen diren jarrerak —”pseudo zientzia”, “ezjakin zaratatsuak”, “autopromozioa”, “ez dut asmorik horiei laguntzeko” (froga gehiago eskatzen zituztenei edo benetakotasuna defendatzen zutenei mespretxuz zuzenduak), Lakarraren hitzetan— Benjaminen logikan kokatzen dira: botereak bere burua babesten du, ez du egia bilatzen, bere egia-erregimenaren egonkortasuna babestea baizik. Fase honetan, legearen aparatua aktibatu zen ordena zaharra mantentzeko, eta horrek aurkikuntzen inguruko eztabaida zientifikoa itxi zuen. Bestela esanda, indarkeria mantentzaileak, aurkikuntzen indarkeria sortzaileak irekitako horizonte epistemikoa itxi zuen.

  1. Epaiketa eta ondorengo isiltasuna. Indarkeria mitikoa (erruduntasun-emailea)

Hirugarren fasea, epaiketa eta ondorengo isiltasuna, indarkeria mitikoaren fasea da. Benjaminentzat, “indarkeria mitikoak errua ezartzen du, baina ez du justiziarik sortzen”. Indarkeria mitikoa zigorraren bidez agertzen da, baina zigor horrek ez du egia argitzen; aitzitik, boterearen autoritatea sendotzen du. Iruña-Veleiako epaiketan hori gertatu zen: ez zen froga fisikorik egin, ez zen ostraken egiazkotasuna epaitu, baizik eta administrazio irregulartasunak. Hala ere, diskurtso publikoan erru sinbolikoa ezarri zen: “faltsutzaileak”. Benjaminen arabera, “indarkeria mitikoak beti uzten du odol arrastoa, erruaren marka”, eta horixe da epaiketaren ondoren sortu zen isiltasun instituzionalaren funtzioa: erruaren arrastoa mantentzea eta eztabaida epistemikoa itotzea. Indarkeria mitikoak ez du egiaren arazoa konpontzen; aitzitik, egiaren galdera bera ezabatzen du, boterearen mesedetan. Hori da fase honen ezaugarria: errua ezarri zen, baina egia ez zen argitu. Bestela esanda, erruaren ezarpena ez zen egia materialaren ondorio, egia juridikoaren fikzioaren parte baizik.

  1. Azken fasea, gaur egungo memoria kolektiboaren borroka. Indarkeria jainkotiarra. 

Benjaminen kontzepturik enigmatikoena da, baina argi dago ez dela indarkeria fisikoa, ez dela legea sortzen edo mantentzen; legea bertan behera uzten duen indarkeria da, errua ezabatzen duena eta botere-egitura zaharrak desegiten dituena. Benjaminentzat, “indarkeria jainkotiarra ez da zigortzailea, baizik eta askatzailea; ez du errua ezartzen, errua ezabatzen du”. Iruña-Veleiaren kasuan, indarkeria jainkotiarra herri mailako erresistentzian agertzen da: isiltasun instituzionalaren aurkako borrokan, egia materiala exijitzeko dei etikoan, egia juridikoaren fikzioa zalantzan jartzen duten diskurtsoetan eta memoria alternatiboak sortzeko ahaleginean. Ez da lege berria sortzea, ezta aurreko legea mantentzea ere; egia bilatzeko aukera etiko-politikoa irekitzen du, autoritatearen gainetik. Indarkeria jainkotiarra ez da mendekua, ez da zigorra, baizik eta erruaren kate juridiko-mitikoa hausten duen indarkeria purua. Horregatik, gaur egungo memoria kolektiboaren borroka ez da iraganaren defentsa sentimentala: boterearen egitura juridiko-diskurtsiboen aurkako ekintza etikoa da, erru sinbolikoa desegiteko eta egia materiala bilatzeko.

Laburbilduz, Iruña-Veleiako auzia ez da soilik arkeologia gatazka bat, baizik eta boterearen, diskurtsoaren eta legitimazioaren arteko borroka sakona. Lehen fasean indarkeria sortzailea agertu zen; bigarrenean, indarkeria mantentzailea; hirugarrenean, indarkeria mitikoa; eta gaur egun, memoria kolektiboaren borrokan, indarkeria jainkotiarra (askatzailea) agertzen ari da, egia bilatzeko dei etiko gisa. Benjaminen markoak aukera ematen du auzia ez soilik gertakari historiko gisa, baizik eta boterearen kritika filosofiko gisa ulertzeko, eta horrek sakontasun berezia ematen dio Iruña-Veleiako auziaren interpretazioari.

https://zuzeu.eus/buruari-bueltaka/lau-indarkeria-ezberdin-iruna-veleiako-auziaren-lau-fase-historikoetarako/