Iñaki Egaña. “Memoria Historikoa gure nortasunaren zati bat da”

 

 

Iñaki Egaña (historialari eta ikerlari)

“Memoria Historikoa gure nortasunaren zati bat da”

Memoria Historiko gabeko herriek “perspektiba historikoa eta gehienetan politikoa galtzen” dutela oharrarazten du. Bihar (azaroak 22) hitzaldia emango du Kulturaten.
Iñaki Egañak (Donostia, 1958) ikerketa ugari egin ditu 1936-ko desagertutakoen eta fusilatutakoen inguruan, Aranzadi elkartean. Honi buruzko lanak ere idatzi ditu. Euskal Memoria Fundazioko lehendakaria eta idazlea da. Bihar, osteguna, hitzaldia emango du Kulturaten 19:00etan, Udalak antolatuta.

– Zer gertatzen zaie Memoria Historikorik gabeko herriei?

– Perspektiba historikoa eta gehienetan politikoa galtzen dutela herri horiek. Amnesiaren jokua, gehienetan, kontu politikoa da. Boterea esku artean dutenarena, eskuindarrarena. Espainiako kasuan oso agerian azaldu da eta, dagoeneko, azaltzen da. Ukazioa da nagusi.

– Euskal Herrian bereziki inportantea da Memoria Historikoa berreskuratzen jarraitzea?

– Gure nortasunaren zati bat delako. Herri baten nortasuna zutabe askorekin osatzen da. Eta iraganaren irakurketa horietako bat da. Gurean, herri zapaldua izanez, hisotiraren ukazioa oso nabarmena izan da. Baita gertatutakoaren irakurketa maltzurrak ere. Beraz, garrantzi handiko kontua da.

– Ze ikasi duzu Memoria Historikoa azaleratzerakoan?

– Kolore askoren herria garela eta bereziki dogmatismoak baztertu behar direla. Pertsonai bakoitza haren garaia kokatu behar da, garai horretako testuingurua hausnartuz. Horrela ulertuko genituzke gaur egungo garaitik askotan ulertzen ez diren jokabideak.

– Batzuek diote Memoria berreskuratzea “iragana nahastea” dela. Zer esango zenieke horiei?

– Txorakeria dela. Iragana hor dago eta inoiz ez da itzuliko. Dagokion kontu bakarra, egiaren haritik, interpretazioa da. Askotan ere entzun izan dut nahaste horretan zauriak berrirekitzen direla. Izatekotan ixten dira. Gogoratu beharko genuke, gure herriak ez duela ezagutu bere osotasunean gerra garaian eta frankismoan ere gertatu zena, bereziki errepresioa ikuspegi zabal batean. Egia berreskuratu ondoren, interpretatzeko aukera gehiago izango genituzke.

– Aurreratu dezakezu pixka bat osteguneko hitzaldian aztertuko dituzun gaiak?

– Oro har, azken 25 urteetan Euskal Herrian egindako lana eta, bide batez, Arrasaten. Horren ondoren erakutsiko nuke gaur arte osatu dugun mapa, biktimen mapa alegia.

– Gero eta hurbilago gabiltza Egia, Justizia, Errekonozimendu eta Kalte-ordainetik?

– Egiari dagokionez akaso bai. Baina beste arloetan beti bezala gaude. Ikusi besterik ez. Herenegun, esaterako, Txiki eta Otaegi eta 6 kide gehiago onartuak izan dira Jaurlaritzak egindako lehenengo Estatuko biktimen zerrendan. Zortzi, besterik ez! Eta, 1936tik Franco hila arte 15.000 izango lirateke hildakoak bakarrik. Espetxetatik pasa zirenak, erbestera joan zirenak, etab, askoz gehiago.

 

 

http://mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=6672856&menuId=5704599&onlypath=true