“Gutaz” hitzaldi zikloa, Oñatin, urtarrilaren 14tik aurrera

Herri menperatua gara. Zortzi mendez gaindi menperatua. Ez gara, baina, horren jabe. Bortxaz menperatuak izan ziren haiek ez zuten onartu beste aukerarik izan. Onartu ala hil. Burujabetza galdu zutenetik, baina, belaunaldiz belaunaldi helarazi digute gogo bat, askatasun gogo bat. Bortxatu gaituzten aitaordekoengatik askatzeko gogo bat. Beraiengana lotzen gaituzten korapiloak askatu eta geure etxeko jabe, berriro, geu izateko gogoa. 

“Gutaz. Izaera, gogoa, ekina” izenburupean, urtarrilaren 14tik martxoaren 10a bitartean hitzaldi ziklo bat antolatu dugu Oñatin, herriko udalaren laguntza ezinbestekoarekin.

URTARRILAREN 14EAN, 19.00ETAN
IÑIGO LARRAMENDI
Gasteiz 1200: Martin Ttipia auzolantzerkia
Aurretik Errioxa eta beste konkistatuak izan ziren. Egungo Euskal Herriaren konkista Gasteizeko bederatzi hilabeteko setioaz hasi zen, 1200ean. Martin Ttipia elkartekoek, hiriko dantzari eta abeslariekin elkarlanean auzolantzerkia egin zuten 2017an, leku hartako memoriaz jabetzeko. Aurrez, memoriak nortasuna eraikitzeko duen funtzioaz jardungo zaigu Iñigo.

URTARRILAREN 21EAN, 19:00ETAN
BEÑI AGIRRE
Gipuzkoako historia nafarra liburua
Bi urte badira iada Beñik liburua atera zuenetik, Nabarralderekin. Egungo Gipuzkoa ikuspuntutzat hartuta, kontextu zabalaz arituko zaigu Beñi. Nafarroaz, alegia. Eta ezinbestean, Gaztelaz. Perspektiba honetatik Gipuzkoaren historia beste era batera interpretatuko dugu.

OTSAILAREN 4EAN, 19:00ETAN
JOSEBA ASIRON
1512ko konkista
Garai berrietarako haziak landatuta zituen erreinua nola errotik erauzi zuten kontatuko digu
Josebak. Proiekzio humanista garbia zuen kultura nola laino ilunek estali zuten. Eta nola
etxekoek ere etxekalte egin zuten, elkarren arteko liskarretan lehenik eta espainolen aliatu gero.

OTSAILAREN 11N, 19:00ETAN
ASISKO URMENETA
1620 Nafarroa beheregaina komikia
Ilustratzaile eta agitadore ezagunak komikia atera berri du Nabarralderekin, Nafar Erresumaren azken hatsak jasotzen dituena. Berau aitzaki hartuta, Pirinioz gaindiko Nafarroaren bilakaera kontatuko digu Asiskok.

MARTXOAN 10EAN, 19:00ETAN
EKAIN MARTINEZ DE LIZARDUY
Erraiak dokumentala
Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko
hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala.

gutaz · diptikoa gutaz · kartela