Euskararen eguna, Nafarroarena

Ikusi al dituzu Eroskiren esne kaxak? Bi modelo behintzat baditu: Euskal Autonomia Erkidegorako bata, honen mapa, Trebiñuko zulo eta guzti, eta Euskadi hitzarekin; Nafarroako Foru Erkidegorako bestea, bere mapa eta Navarra hitzarekin. Ez dut uste esne txarrarekin egindako bereizketa denik, baina ez digu euskaldunoi onik egiten.

Navarra vs Euskadi. Horixe da espainol separatistek nola ikusi nahi gaituzten: banatuta, eta batez ere, aurrez aurre. Identitate bereiziak bagenitu bezala: foruak eta bandera nafarra lehenak, euskara eta ikurrina bigarrenak. Menpeko administrazio vasco zein navarroek indartu egiten dute nozio hori, nazioa ahulduz: lehenak euskal hitza bereganatuta, bigarrenak navarro. Euskaldun izatea eta nafar izatea antagonikoak balira bezala.

Memoria arikera bat egitea beharrezko dugu euskaldun nafarrok, zatiketa honetara nola iritsi garen ulertzeko. Gogora ekar dezagun: Vasconiarekin izendatu zuten erromatarrek egungo Euskal Herriko lurralde osoa, eta gehiago. Erromatar inperioa erori, eta beste batzuk indartu ziren. Hauen erasoetatik defendatzeko baliatu genuen erromatarrekin ikasitako gerraren artea. Defentsa hobeto antolatzeko, Iruñeko Erresuma sortu genuen 824an. Geroago Nafarroako Erresuma bilakatu zen, egungo Euskal Herriko lurralde osoa, eta gehiago, bere baitan hartuz. Aztarna ezin argigarriagoak jaso ditu Iñaki Sagredok bere Navarra. Castillos que defendieron el Reino bilduma oparoan, lurrazaleko zein artxibategiko lanak uztartuz. Nafarroa, beraz, euskaldunok geure burua, kultura, defendatzeko sortutako estatua da (sic).

Etapa desberdinetan, konkistatu eta zatikatu egin gaituzte, espainolek lehenik eta frantsesek gero: 1200, 1512 eta 1620 dira mugarririk esanguratsuenak. Harrezkero, inperio horien kolonia gara: CAV, CFN eta CAPB. Lurraldea konkistatu ziguten lehenik, militarki. Instituzio nazionalak okupatu jarraian, boterekeriaz. Eta geure buruak nahastu harrezkero, administrazioetatik eta mediatikoki. Bat ez garela sinisten hasiak gara, jada egin ez badugu: vascos, navarros eta basques. Inperio ziren estatu demokratiko horien komunitate edo elkarguetan integratuak. Gure artean bereiztuak, beraien baitan integratuak. Naturalki*, ikusi dugun bezala.

Burua nahasturik daukagula adierazten dute, ez bakarrik Eroskiren esne kaxek; baita gure hizketan egiteko erak berak ere, kanpo erreferentziatik ia beti. Gu separatistak garela esatea, adibidez, euskaldunon berriz batzea helburu dukegunean. Edo beraiek unionistak direla esatea, gu zatikatu gaituztenean. Beren ikuspuntutik guk egindako pentsamolde eta esamoldeak dira. Beren moldean eginak, gure kalterako: ez dugu errealitatea geure ikuspuntutik interpretatzen. Inor gara.

Menpean hartuak gaituenak ikusi nahi gaituen bezala ikusten dugu geure burua, horren kontzientziarik izan gabe. Gogoz kontra baina kontzienteki egingo zuten men arbasoek konkista garaian, sorgin ehizatan berriro ez erortzeko, bizirauteko, Asiskoren Sugarren Mende irakurrita ulertuko duzun moduan. Orain eta hemen ehizak jarraitu egiten badu ere, nago gehiengoak, beldurragatik bainoago, kontzientzia ezagatik egiten dugula men, inertziaz, otzantasun ikasiaz. Inoren moldera moldatuta.

Abenduaren 3a dugu egun esanguratsua, gure euskal/nafar zatiketa gainditzeko sinbolo aproposa: Euskararen eguna, Nafarroarena. Nortasunari, kulturari eutsi nahi badiogu, instituzio nazionalak berreskuratu behar ditugula iradokitzen diguna.

Zatiketak mina eragiten digu, baina anestesiatuta gaude jada, beren moldeetan preso. Pentsamoldeari arreta eskainita sentituko dugu moldearen bortxa, erreprimitutako emozio indartsua askatuz. Esne txarra, batasunera bideratzen asmatuko ahal dugu!

Berria

What do you want to do ?

New mail

What do you want to do ?

New mail