Euskal politikagintza berriaz

Larrialdia, emergentzia, premia… deitu nahi duzuen moduan, baina hortxe nonbait kokatzen da, ez euskararen egoera soilik, euskal nazioarena osotasunean ere bai. Ez da atzo goizeko kontua, ez da eboluzio naturalaren ondorio. Baina ez da konponezina, eta azken hori da garrantzitsuena.

Eta nola heldu gara, bada, egoera lazgarri honetara? Eman diezaiogun gure Historiari begiradatxo bat. Frantzia batetik eta Espainia bestetik aritu dira, XVIII. mendetik gaur arte eta modu paraleloan, Euskal Herriko foruak (konstituzio propioak), euskara eta nortasun ezaugarri guztiak indarrez ezabatzen, naziotasun frantziarra edo espainiarra derrigortzen. Ipar Euskal Herrian, iraultza frantziarra deituaren ondoren, Izu Garaia piztu zuten eta 1793-1795 bitartean armada frantziarraren mende lurralde guztiak frantsestu zituzten izen, arau eta aginduak aldatuta.

Hego Euskal Herriaren kasuan, Espainiak okupazioa prozesu luzeagoan garatu du, sarritan eredu frantziarra kopiatuta. Estatu espainiar zentralizatuaren inposaketaren jatorrian euskararen debekua eta gaztelaniaren derrigortasuna daude, 1776. urteko dekretuen bitartez; bi urte geroago, 1778an, merkataritza erregelamenduak derrigortu zuen Ebroko aduanak ezabatu eta itsas kostara eramatera, euskal eremua espainiartuta; 1841-1842. urteetan, berriz, probintzia espainiarren eredua inposatu eta euskal lur komunalak pribatizatu zituzten; eta azkenik, 1876. urtean, foruak, euskaldunon garaiko konstituzioa, deuseztatu, ondorio latz guztiekin. 1936. urtean, aurrekoa nahikoa ez eta frankismoak gerra, okupazioa eta errepresio genozida ekarri zituen Hego Euskal Herrira eta diktadura frankistaren bitartez aurrerantzeko estatu okupatzailearen zutabeak ere finkatu zituen, gaur eguneko “autonomien estatua” deituan ere indarrean dirautenak.

Bi mende eta erdi horien ondoren, euskal komunitateak, Ipar eta Hego, borondatez bizirik dirau, baina egoera larrian, arestian esan dugunez. Zatiketa eta asimilazioa dira gaur egun Frantziaren zein Espainiaren estrategia. Zatiketak sortu digun egoera tamalgarria gure geopolitikan agertzen zaigu: gaur Iruñea ez da Iruñea, Pamplona bihurtzen dutenean; Euskal Erkidegoa hiru lurraldekoari esaten zaio esklusiban, Euskadi izena berarentzat gordeta; eta Aiherra herri euskaldunari eskualdea, departamendua, elkargoa, barrutia, kantonamendua zein estatua ezartzen dizkio administrazio frantziarrak, baina horietan guztietan ez dira kabitzen nafar zein euskal nortasuna.

Zatiketa derrigortua, beraz. Baina asimilazioa da inposizio-estrategiaren bigarren zutabea. Hizkuntza espainiarraren eta frantsesaren ezagutza derrigortuta eta alderdi abertzaleak sistema politiko espainiarrean edo frantsesean borondate propioz integratuta lortzen dute Espainiak eta Frantziak beraien estatu izaera politiko “demokratikoa”  hemen legitimatua izatea, eta beraien hizkuntza eta kultura unibertsala kontsideratzea euskararen, euskaldunon eta Euskal Herriaren kaltetan. 

Ondorioz, gure politikagintza eta kulturgintza berritu behar ditugu euskaldunok. Horretan ere, esnatu ala hil. Zatiketa derrigortuaren aurka, Euskal Herriaren integrazioa eta bat egitea. Asimilazioaren aurka, bertoko aldi, alderdi zein belaunaldi guztiok bat eginda jokatu. Lizarra-Garazi garaian izan ginen hurbilen. Eredu hartatik abiatuta, orain urrats bat aurrera egin behar dugu. 

Argia