Garraio-azpiegiturak lurraldea eta gizartea nahierara eraldatzeko erabiltzen dituzte gobernuek, euren agenda ideologikoak eta interes ekonomikoak bideratzeko, herritarron beharren oso gainetik gehienetan. Horren adibide bikaina da Espainiar estatuko trenbide-sare erradiala, beste behin ere Madril ezarri zuena garraio-sarearen nodo nagusi gisa. Diseinu erabat politiko horrek probintzia-hiriburu guztiak, Monarkiaren eta elite nagusien egoitza den Espainiako hiriburuari lotzea zuen helburu, zaintza zentralista zurruna lehenetsiz efizientzia ekonomikoaren, biztanleraren benetako beharren edota herrialdeen arteko loturen gainetik.
Abiadura Handiko Trenaren mapak Espainiaren obsesio zentralista agerian uzten du.

Germà Bel ikerlari ezagunak esana da Espainiako Abiadura Handiko Trenaren diseinua arrazoi ideologikoek azaltzen dutela, beste edozerren gainetik. Jose Maria Aznarrek berak 2000. urtean adierazi bezala, AHT Espainiako probintziako hiriburu guztiak Madrilrekin lotzeko azpiegitura gisa dago planteatuta, espainiar eliteen helburu ideologiko-ekonomikoen mesedetan. G. Belek dio Azpiegituren arloan, AHT eta aireportuak Aznarren bultzada zentralistaren beso armatuak zirela. Trena lurraldea nahi erara egituratzeko tresna politiko indartsua dela. Hala, Espainiako estatuaren joera zentralista argi eta garbi islatzen dela bere Abiadura Handiko Trenaren mapan.
AHT ingurumenaren txikizio basatiaren adibide ere bada.
Espainian bezala, Euskal Herrian ere jasaten ditugun elite ekonomiko predatzaileen neurrikoa, langileen lanaren lepotik aberasteaz gain, gero eta gehiago langileon dirua (diru publikoa) erabiltzen dutenak arriskurik gabeko negozio erraldoiekin dirutza poltsikoratzen jarraitzeko, eliteok kontrolatutako alderdi politikoen laguntzaz.
AHTaren basakeriari Tren Soziala kontrajarri… baina nongoa?
Eliteen eta agintarien tren eredu xahutzaile eta txikitzaileari, “tren soziala” izeneko ereduarekin egin zioten aurre “Nafarroa trenaren alde”, “Araba tren sozialaren alde”, “Miranda por el tren” eta “Bureba es futuro” taldeek, “Trenaren Aldeko Alternatiba – Alternativa por el Tren” delakoa aurkeztuz.
“Nafarroa Trenaren Alde” plataformako bozeramaile batek, honakoa zioen 2021ean: “Tren publiko eta sozial bat defendatzen dugu, zeinen helburu nagusia lurraldea egituratzea eta erabiltzaile gehienenari zerbitzua ematea den…”. Horrela esanda, proposamen akasgabea dirudi… baina zein da egituratu nahi den lurraldea? Noren mesedetan eraikitako tren sozialaz ziharduen?
Proposamenaren xede den ibilbideari erreparatuz gero ikusten dugu Zaragoza-Tutera-Iruñea-Gasteiz-Burgos… eta Madril direla lotutako hiriak, egitasmotik kanpo utzita Gipuzkoa eta Bizkaia bezala, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa ere.
Proposamenak, bere horretan, gainerako Euskal Herritik urrutiratzen gaitu nafar eta arabar gehienak; beste era batera esanda, proposatzen dena ez da euskal herritar guztioi zerbitzua emateko tren “sozial” bat.
Horregatik ziurrenik, UGT, CCOO edo SEMAF bezalako sindikatuen babesa jaso zuen proposamenak, baina ez eragile abertzaleena.
Euskal Herriarentzat pentsatutako eta euskal herritarrak ardatz dituen “tren soziala” behar dugu, Euskal Herria egituratu eta euskaldunak aintzat hartuko gaituena. Renfe eta Adif bezalako erakunde kolonialei kendu, eta gure erakundeek herritarron zerbitzura kudeatuko dutena.
Zuzeu









