“Estatus berria-erabakitzeko eskubidea” irakurri berri dut egunkarietako argazki batean ageri zen pankarta batean. Eta ezin ulertuan nabil oraindik Herri gisa urteetan defendatu dugunaren diluzioa; askatasun mailaren jaitsiera.
Herri honek, iraun nahi badu, hizkuntza eta kultura indartu, zainketa berezietatik atera, beste estatus bat behar du, noski. Estatus horri Independentzia deitu izan zaio abertzaleen artean nire oroimena iristen den garaietatik, eta baita askoz lehenagotik ere. Lehen, Independentzia eguneroko hitza zen, hitzetik hortzera generabilena. “Garai berrietan”, estatus berria hitzak ordezkatu du Independentzia. Zergatik ez diogu Herri honen helburu nagusia behar lukeenari bere izenez deitzen? Edo helburua aldatu egin da independentzia momentuz alde batera utziz?
Herri honek aske izan nahi du bere herri izaeragatik; Independentzia nahi eta behar du. Horra hor erabakitzeko eskubidea gauzatua. Orain artean, baina, ez dugu asmatu behar hori gauzatzen, ez gara bihurtu subjektu politiko. Gauzatze hori autodeterminazioa da; gure kasuan, Independentzia, Herri bat garelako.
Ez dugu askatasunik, ez demokraziarik, ez marko demokratikorik izango Independentzia lortzen ez badugu, demokrazia Herri honentzat (edozeinentzat bezala) Independentziarekin hasiko baita.
Independentziarako bide hau ezin da egin Estatuek emandako erakundeetan (haien osotasuna bermatzeko eginak baitaude) edo gure Herria ukatzen dutenekin batera. Independentziaren bidean indarrak batu eta aurrera egin behar dugu, helburu nagusia argi izanik. Herri honek badu indarra eta arnasa nahikoa horretarako.






