Irailaren 11 batean idatzi dut testua, Kataluniako Diada ospatzen ari den bitartean. Gaur jakin dut 1901ean independentista talde bat atxilotu zutela Visca Catalunya i mori Espanya (Gora Katalunia eta hil bedi Espainia) oihukatzeagatik, eta horregatik ari dira gaur ospatzen lehenengo diada aldarrikatzailearen 125 urteurrena.
Ohiuka ari zirela, zer zeukaten oroimenean 1901eko irailaren 11 hartako taldekide horiek? 1714ko irailaren 11an, Ondorengotza gerra galdu zen, Bartzelona, setio gogor baten ostean, errenditu zen egunean. Begiratu dut wikipedian nola izan ziren zehazki gertaerok. Antza denez, hainbat orduz borrokan aritu ondoren, su-etena hasi zen, eta 24 orduz kapitulazioa negoziatzen jardun zuten. Azkenean, irailaren 12ko arratsaldean adostu zuten. Kataluniako eta Mallorcako foruei eusteko aurkeztutako eskaera guztiak baztertu zituen Berwickek, eta setiatuei bizia eta askatasuna baino ez zitzaizkien bermatu. 1714ko irailaren 13an, tropek Bartzelona okupatu zuten.
Irailaren 15ean, Bartzelonako Consell de Cent indargabetu zuten, eta haren artxiboak, eskribautzak eta gordailu-kutxak itxi eta zigilatu zituzten. Biharamunean, 1714ko irailaren 16an, José Patiño intendente filipistak Kataluniako Generalitatea indargabetzeko dekretua irakurri zuen haren egoitzan: Habiendo cesado por la entrada de las armas del Rey en esta ciudad y plaza que ordene y mande (…) que entreguen las llaves, libros y todo lo demás de la Diputación. Uzteko, alegia, Madrilgo gortearen eskutan kataluniarren etxeko giltzak eta paperak.
Handik gutxira, Kataluniako Konstituzioen aleak konfiskatu eta erre zituzten, langileak bota, eta sistema konstituzional osoa indargabetutzat jo zuten. Horrela, okupazio militarreko aldi bat hasi zen, Kataluniako kapitain jeneral borboitarraren administraziopean, Gaztelako Kontseiluak konkistatu berri zuten lurraldearekin zer egin erabaki zain.
Nire ustez, setio hura, kapitulazio hura, Kataluniako konstituzio alez piztutako sute ura Espainiako nazio-estatu modernoa izango denaren lehenengo saiakera arrakastatsua izan zen: orduko hartan, Borboien monarkia absolutista forma hartu zuen. Lehenengo urrats arrakastatsua, baina ez azkena. Hego Euskal Herrian, geroago galduko zituzten foruak. Estatu “moderno-arrakastatsu-batura” helmuga duen ibilbidea luzea izaten ari da eta, esango nuke, ez dela guztiz burutu. Alde horretatik, Espainiako historia nahiko gorabeheratsu izan da, eta haiek nahi baino gehiagotan, inposizioaren josturak agerian geratu dira.
Bide horretan, gaur egungo gure kultura garaikidean, arrakasta nazional bezala kontatu beharko genuke, akaso, batailatxo bat irabaztea bezala zenbatu beharko genuke, alegia, Mundial bat irabaztea (baina, Cira, ez dute esaten futbola eta politika ez dela nahastu behar?), eta uda honetan jakin dugu Espainiak bigarren aldiz irabazi egin duela futbolean.
Baina Espainia “moderno-arrakastatsu-batuta”ren ibilbide hartan, uda honetan ez dira berri guztiak onak izan. Horren guztiaren erdian, Mundialeko mozkorralditik ia suspertzeko astirik gabe, ikur nazionalei esanahi berriak ematen guztiz amaitu gabe, eta kamiseta gorria oraindik garbitu gabe, Ceutara iritsi omen dira Marrokoko erregearen meneko asko. Egunkarietan diote hiri-autonomo-gotor-militar honen konkista slow moduko baten saiakera izan dela. Nazio-arteko jokoak, badakizue… (bide batez, joko madarikatu horietan, beti galtzen dute bizitza zaurgarrienek).
Gauzak horrela, zer eta besteren artean espainiarrak ezkertiar askoak bere nazioaren mugen defentsa sutsua egiten aurkitu ditugu (sutsua esaten dudanean, twiterretik sutsua esan nahi dut). Eta, nahiz eta askotan esan digute mugak ez direla hain garrantzitsuak, edo ez dela mugarik jarri behar, adibidez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, hemen guztiok munduko hiritarrak garelako, ikasi dugu beraien mugetara iritsi direnean, haserretu eta urduritu egiten direla, eta ez dituztela kendu nahi.
Adibidez, Ramon Espinarri, Real Madriden jarraitzaileari (Cira, ez nahastu futbola eta politika, mesedez…), La Rojak daukan kutsu “antifaxistaz” maitemindutako futbolzaleari, Podemos-Mas Madrid mundu berezi horren inguruko aurpegi ezaguna bera, horri buruzko txio hau irakurri nion:
A la izquierda no le es propio el nacionalismo, sí el patriotismo. (…) No tenemos nada contra quien viene a buscarse la vida. Sí tenemos que defender nuestras fronteras y nuestro País. (…)
Ramon madrildarrak beste Ramon bat gogorarazi zidan, Ramon Grosfoguel. Bera Puerto Ricoko pentsalaria da, eta ezkertiarra, eta ematen du ondo identifikatzen dituela Espainiako ezkerraren jarrerak. Pasa den udazkenean, Jakin webgunerako hari elkarrizketa bat egiteko aukera izan nuen eta han esan zidan:
“Kontuan izan behar da jende hori, Espainiako ezkerra, inperioaren aurpegi atsegina dela. Jende hori inperioa da eta batasunaren alde daude. Antiinperialista yankiak, baina inperialista espainiarrak”.
Honen adibide dira beti iraliaren 11 egunak. Espainiako ezkerraren klub hautatuan sartu nahi baduzue, datozen irailaren 11etan, batez ere, Allende gogoratu behar duzue (oso antiinperialista yankiak izan behar baituzue), eta pixka bat New Yorkeko irailaren 11, nahi baduzue (gaiaren azterketa sakon batekin, ahal bada), baina ez inoiz, ez inoiz aipatu Kataluniako askatasun kolektiboen galera, bestela zuen Estatu-nazioaren inposiziozko jostunak ikusiko dira.
(Bide batez, abisu denoi: Ramon Grosfoguelek, urriaren 22an, Dekolonialismoa Euskal Herrian, EHUk eta Nabarraldek antolatu duen jardunaldian parte hartuko du. Gauza horri buruz galdetu eta hitz egiteko aukera izango duzue. Ni joatekoa naiz, eta uste dut oraindik izen-ematea irekia dagoela).










