Deiadarra

Zer da Deiadarra? Istorio hau, beti desagertzeko zorian zirudien arren, garaiezinak omen ziren Inperioen erorketari biziraun dion Herriarena da. Erromatar konkistatik Nafarroako Erresumaren burujabetza osoaren amaieraraino (1620) euskaldunon biziraupenerako borondate historikoa laburbiltzen duen ilustrazio liburua. Izenburuak, gure arbasoek nondik gatozen oroit dezagun liburu honen bitartez egingo ziguketen balizko deiari egiten dio erreferentzia. Izan ere, kanpoko historiografiak itsu-itsuan ontzat emanez gure historia geuretik aztertu eta kontatzeari uko egiten badiogu, bizitako iragan zirraragarriaren oroimena eta garenaren kontzientzia galtzeko arriskua daukagu.

Ohiko historia liburuetan ez bezala, lan honetan, estetika, testuaren edukia bezain garrantzitsua da. Gertakariak era kronologikoan ordenatuta azaltzen dira, bata bestearekin lotuz eleberri baten modura. Funtsean, abenturazko istorio bat bezalakoa da, epikaz betea, benetazko gertaeretan eta historialarien ikerketetan oinarritua betiere. Euskal Herriaren historia ezagutzeko lehen urrats gisa uler daiteke, azken finean, gertakari erabakigarri eta ikaragarrienen bilduma baita.

Nerabea nintzenean ez nuen halako obrarik izan eskura, eta horren ondorioz, nahiko nukeena baino berantiarragoa izan zen nire jakin-minaren piztea. Hutsune hori betetzen saiatzera dator bada, Deiadarra.

Zoritxarrez, orain arte, Euskal Herriaren historiari buruzko liburu gehienak erdaraz idatziak izan dira. Hori horrela, egoera iraultzen laguntzeko nire ekarpena egitea eta gure iragana euskaraz gizarteratzea lan honen arrazoi nagusietako bat izan da ere.

Liburuak orrialde osoko 46 ilustrazio inguru izango ditu (irudi bat gertakari/pertsonaia bakoitzeko), eta, marrazkiak, mapak eta testuak kontuan hartuta, 250 orrialde orotara, gutxi gorabehera. Edukiaren kalitatea ez ezik, edizioarena ere xeheki zaindua izango da.

Aurreikusitako kaleratze data: 2026ko martxoa.

-AURRESALMENTA-

Durangoko azokak iraun bitartean, liburua erreserbatzeko aukera egongo da, salneurri merkeagoan, gainera: 25 euroren truke Nabarralderen postuan (Artekale 054 – 055). Zure ekarpenak aurrera egiten lagunduko gaitu, produkzioaren azken txanpa honetan proiektuari berebiziko garrantzia duen bultzada emanez. Liburua kaleratzen denean Euskal Herrian zehar aurkezpenak egingo ditugu eta bira honetan zure alea jasotzeko aukera izango duzu.

*3 euro gehiago jarriz etxean jasotzeko aukera egongo da ere, baina azpiegitura mugak direla medio, lehen banaketa aukera lehenestea eskertuko dugu.

Harremanetarako: ibarraritz@gmail.com