Arturo britainiarra (galesa) itxuraldatzen
Gruffudd (Geofrey ingelesez) Monmouthekoa galesak balentriaz betetako historia bat idatzi zuen XII. mende erdialdera, orduan mamitzen ari ziren Europako gesta kantu historizisten antzera. Bertan, ordea, britainiarrak anglosaxoien inbasioaren kontra borrokatzen dira (V-VI. mendeetan gertatua), eta Arturo, galesen jainko txiki bat, britainiarren errege borrokalari mitiko bihurtuta agertzen da.
Gruffudd Monmouthekoaren liburuaren arrakastaz, piztu egin zen Arturo erregearen gortearen inguruko jakin-mina, eta kopiak eta bertsioak ugaldu egin ziren. Jatorrizko Arturoren aldamenean, Camelot gaztelu bat eta Mahai Biribileko hamabi zaldun ere agertzen hasi ziren hurrengo kopia eta bertsioetan. Liburuaren orduko 215 kopia gordetzen dira egun, izan zuen arrakastaren seinale. Arturo erregearen itzala luzatzen eta luzatzen ari zen, eta XIII. mende hasierarako, Europara ere zabaldu zen.
Arturo itzuliko ote da?
Camelotez eta Mahai Biribileko zaldunez gain, Arturoren hilobia ere hasi ziren testuetan aipatzen. 1184an, Glastonburyko abadetxea erre zen eta, hura berreraikitzerakoan, komenigarria iruditu zitzaien bertako fraideei, itxura guztien arabera Henrike II.a errege ingelesak zirikatuta, Arturo erregearen hilobia aurkitu zutela iragartzea, eta hezurdura batzuk aurkeztu zituzten horren erakusgarri. Orduko aditu ‘zorrotzenek’ ere ontzat eman zituzten aurkikuntzok! Ingelesek sinetsi egin zuten hilobiaren kontua.
Gauzak, ordea, besterik ziren galesentzat: ARTURO BIZIRIK ZEN oraindik ere, Gruffudd Monmouthekoa herrikidearen jatorrizko kontakizunak erakusten zuen bezala. Izan ere, hor Arturo ez zen hiltzen: anglosaxoien kontrako borrokan zauriturik, Avalon uharte misteriotsura erretiratu zen, haren arreba Morganaren domeinura, sendatzera; suspertzean, berriz itzuliko zen britainiarrak gidatu eta anglosaxoiak kanporatzera (Jesukristo berpiztua bailitzan). Londresen, baina, errege ingelesak ziren agintari eta, Henrike III.a eta Eduardo I.a semea errege ingelesen erregealdian, puri-purian ziren galesen kontrako gerra kanpainak. Hain zuzen, galesak ziren, kornualestarrak bezala, anglosaxoiek mendebaldera bultzatutako britainiarren hondarrak (ikus aurreko artikulua).
Arturoren kontakizunaren mezua ez zen lasai geratzeko modukoa Eduardorentzat, inondik ere: Llywelyn ap Gruffudd printze gales burujabea gales kondairako Camber lehen britainiar erregearen eta Arturoren herriaren buruzagia zen! Arturo, berriz, Konstantino enperadore erromatarraren biloba omen zen, Gruffudd Monmouthekoaren ‘historia’ liburuaren arabera. Ez zen txikia marka, eta laidoa handiegia zen Eduardo ingelesarentzat.
Arturoren hilobia
Galesek beren autonomia berretsi zuten ordu arte Eduardoren menperakuntza asmoen aurrean. 1277an, baina, Eduardok erasoa jo zuen galesen kontra. 1278ko Aste Santuan, Eduardo Glastonburyra agertu zen bisitan, Ingalaterran. Ehun urte inguru lehenago aurkitutako Arturo eta Ginebra erreginaren ustezko hezurrak desobiratu zituzten eta, ilunabarrean egindako antzezpen zeremonia zaindu batean, ingeles erregeak bere eskuetan erabili zituen haiek, baita denen aurrean erakutsi ere: ARTURO HILIK DAGO, eta ez da inoiz itzuliko.
1283ko uztailerako, sei urteko gerra desorekatu eta higatzailearen ondoren, Galesen konkista fisikoa bukatua zen. Eduardo errege ingelesak arreta handiz prestatu zuen konkista sinbolikoa. Britainiarren (galesen) buruzagia ez zen garaile sartu Londresen, hilik eta haren buru moztua pika baten puntan iltzatuta baizik. Errege ingelesak, gainera, agindua eman zuen Caernarfonen, erromatarren garaiko Segontium gotorleku itzelaren aztarnen aldamenean, gotorleku dotore bat eraikitzeko, Konstantinoplako harresien itxuraz eta koloreaz.
Arturotasunaren transferentzia
Urte horretan, hain zuzen, Eduardok iragarri zuen Maximo enperadore erromatarraren (Konstantino enperadorearen ustezko aitaren) hezurrak agertu zirela Caernarfonen; bertako elizan lurperatuak izan ziren. Aldi berean, Llywelynek janzten zuen metal bitxizko ‘Arturoren koroa’ txikia, trofeo itxuraz birmoldatua, Eduardoren seme eta oinordeko Alfontsori izan zitzaion bidalia, eta haren buruan pausatua, 1284an. Konkista koroatzeko, 1284ko udaberrian Eduardoren bigarren semea jaio zen itxuraberritutako Caernarfonen: Eduardo, Caernarfongoa. Ingalaterrako gortea ustez botere mistikoz betetako Llyn Cwm Dulyn lakura deitu zuen.
Eduardok denbora hartu zuen herrialde osoan bidaiatuz galesen aurrean bere garaipena ospatzeko. “Mahai Biribileko” torneo bat muntatu zuen ustez Merlin magoaren profeziak aurkitu ziren tokian, Nefyn herrian (Gales). Britainiaren iragan inperialetik Ingalaterraren domeinu bihurtzeko transferentzia sinbolikoa erabatekoa izan zen. Ordudanik, Ingalaterrako erregea izan da Galesko printzea. Kasualitate bat bezala, 1284an, Nabarreriako gerra amaitu eta zortzi urtera, Kapetoak, Frantziakoak ez ezik, Nafarroako errege ere izaten hasi ziren.










