ARRASATEKO HISTORIA ARGITZEKO HAINBAT EKARPEN

Arrasate herriaren historiari buruz bertako eta Euskal Herriko hainbat historialariek gertaera anitz aipatu dituzte urteetan zehar, baina sarri beren egiazkotasuna ez da nahikoa aztertu eta sakondu. Herri tradizioan edo sinesmenean oinarritu zirelakoan ez dira ontzat hartuak izan. Horrela gauzak, bost gertaera historikoetan oinarrituta, herriko historiari hainbat ekarpen egitera ausartu gara.

1)Arrasate, Leintz bailarako hiribildu bakarra

Arrasate herriaren jatorriari buruz Tomas Urzainqui historialari nafarrak dioenez, 1080ean Orbita Azenariz tenenteak Leintz bailarako dohaintza bat Cogollako San Millan komenturako tramitatzerakoan, hiribildu  bakarraren idatzizko lehendabiziko konstantzia utzi zigun: “Insuper tribuo in villa de Leniz, ubi sal conficitur, unam domum cum habitatore suo Mames...” 

Aipaturiko “in villa” Arrasate herriari dagokiola dio Urzainquik, Leintz bailarako burualdea zelako  gatza ateratzen zen Leniz bailaran. Bailarako hiribildu bakarra zen, bere harresi eta gazteluarekin batera, Atxorrotx gazteluaren tenentzia nafarraren barruan. Orbita Azenarizek aipatzen duen villa, Arrasate baino ezin daiteke izan, Leintz Gatzaga 1.331ean eta Aretxabaleta zein Eskoriatza 1.630ean bihurtu zirelako villa (hiribildu). 

Urzainquiren iritziz ez da egia 1260 urteraino Arrasate “poblatu” bat zenik (Gaztelako Alfontso X.a erregeak “karta puebla” urte horretan eman arren) zeren gutxienez 1076 urterako  ”hiribildu” bat zen. Ia 200 urte beranduago “hiribildu” bataiatzea iruzurra da. Harrigarria da Tomas Urzainqui bezalako historialari garrantzitsuak landutako informazio historikoari nolako oihartzun eta lanketa eskasa eman zaion.

2) 1200eko Gaztelaren inbasio eta konkista. Arzorocia

1200garren urteraino Leintz bailara osoa, Arrasate barne, Nafarroako Erresumaren baitan zegoen baina bederatzi hilabetez iraun zuen Gasteizko setioren ostean, Gaztelar erresumak Alfontso VIII.aren bidez Nafarroaren Gipuzkoa, Araba eta Durangaldeko lurrak konkistatu zituen. 

Hainbat urtetan zehar, historiografia ofizialak konkistaren gaia aztertu du, Gipuzkoa Gaztelara erresistentziarik gabe entregatu zen ala konkistatua izan zela argitzeko. Nolanahi, egun, kolaborazio teoriari eustea posible izango balitz ere, ez dago inolako froga zehatzik horretaz, eta beraz erresistentziaren teoria ere sostengatzen da zalantzarik gabe. Urzainquik dio Gaztelako tropek odola eta suaz konkistatu zituztela Arrasate eta Gipuzkoa. 

Halaber, Ximenez Radak historiagile gaztelarrak 1243an idatzitako “De rebus Hispaniae” liburuan konkistaren inguruan “Catione” hitza erabiltzen du, bere esanahia izanik “hartzea, lortzea, irabaztea eta baita konkistatzea edo jabetzea” ere. Bada, uste izan da 1200eko Gaztelaren inbasioan Arrasateko gaztelua ez zela existitzen, Ximenez de Radak bere liburuan, konkistaturiko gaztelu eta gotorlekuen zerrendan Arrasateari buruzko erreferentzirik agertzen ez duelako, bailaran soilik Atxorrotxekoa, hau izanik konkistatutako gaztelu eta gotorlekuen zerrenda:

“Asi  pues, el noble rey Alfonso obtuvo Vitoria, Ibida, Alava y Gipuzkoa y sus lugares fortificados y castillos, a excepción de Treviño que le fue entregado más tarde a cambio de Inzura. Asi mismo entregó Miranda de Arga a cambio de Portilla. Adquirió San Sebastián, Fuenterrabia, Beloaga, Zaitegui, Aizcorroz, Aslucea, Arzorocia, la vieja Vitoria, Marañón, Aussa, Athavit, Irurita y San Vicente”.

Kontua da, hainbat historiagile garaikideen testuetan (Elena Barrena, J.A.Llorente, P.Madoz, Julia Pavon, Luis Javier Fortun, Soraluze, Fernandez de Larrea, Ignacio Barandiaran…) Arzorocia  aipatzen dutela. Beraien iritziz, tenentziaren ardurapean gelditzen zen esparrua zen: Leintz bailara, Oñati, Soraluze-Bergara eta ia Kantauri itsasoraino iristen zen lur zerrenda estua,  dependentzia eklesiastikoari  dagokionez  Calahorrako Artzapezpikura  loturik zegoena. Beraz, 1200 urtean konkistaturiko gaztelu eta gotorlekuekin batera Leintz bailara eta Arrasate herria barne, Arzorociaren  eskualdean zeuden. JA Llorentek zioen bezala: “El de Atxorotz en el valle real de Leniz, el de Arrasate sito donde está Mondragon/Arzorocia (después Arrasate, hoy Mondragon)”.

3)Goikobaluko gaztelua.

Letona historialariak idatzi zuen Antso II. Gartzeiz (edo Abarka) Nafarroako erregeak (970-994) 27 gaztelu eraikitzea agindu zuela, Moncayotik itsasoraino. Gure herriari dagokionez, informazio gutxi dago. Letonak zioen baita 1785 urtean Espainiako Historia Akademiara erlazio bat bidali zela, Arrasate hiribilduaren existentzia eta nola Antso Abarkak agindu zuen harresia hesitu eta gaztelua eraikitzea baieztatzeko asmoz.

Garibai historialariak ere ziur aski Antso Abarkak agindu zuela gaztelua eraikitzea idatzi zuen.

Ahozko tradizio edo sinismena dago tartean, baina aurretik esan legez, ez dira gai hauek behar zuketen sakon aztertu eta ezta dokumentu berririk azaldu.

1987tik 2016ra Arrasateko udalaren ekimenez, Mertxe Urteagaren zuzendaritzapean Goikobalu gaztelua arkeologikoki aztertu zuten eta lagin bat erabili zuten behar bezala prozesatzeko. Uppsalako laborategietan AMS bidezko datazioan, 1205-1280 AD kronologia azaldu zuten. Alfontso Aragoiko I.a erregearen txanpon bat ere aurkitu zen baina ez zaio eman zabalkundea bere datazioari. Itxura denez horiek bezalako txanponak  Toledon (1109-1125) zizekaltzen ziren.

Denbora joanean, oroimenetik erreskatatu beharreko gaztelua da Goikobalukoa, bere inguruan badaude gertaera historiko ugari aztertzeko eta sakontzeko: Arrasate izena, Antso “Abarka”, Leintz, Arzorocia, Atxorrotx, Nafarroako erresuma, Gaztelarren inbasioa…. 

Memoria ondarea da Goikobalu esparrua, eta arkeologia indusketa egiteaz gain, Udalak Goikobalu berreskuratu beharko luke bere dimentsio osoan (arkeologikoa, historikoa, aisialdikoa, didaktikoa, paisajistikoa…).

4)Arrasate herriaren izen toponimikoa. 

1260an Alfonso X.a erregeak Gazteizko “herri gutuna” eman zion Arrasateri eta Montdragon izena inposatu.  Hauxe zioen idatziak: “Por fabor que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, a que nos ponemos Montdragon”.

Patxi Salaberria Euskaltzaindiako akademikoak Arressate toponimoaren egitura aztertu zuenean, bi partez osatuta dagoela esan zuen: Bata, “Ar”, “harriaren aldaera” (harria, arkaitza) eta bestea, “esate” terminoak “mendi pasoak” esan nahi duela. 

Hainbat tokitan daude antzeko toponimoak,  adibidez Nafarroan eta Araban, Entzian, Iturrietan, Urbasan… Beste batzuk, Arrarte, Arrartea, Arrasate aitzuloa… Era berean, Salaberrik dio “Arrasatea” Valdizarbeko termino bat dela, eta Intza eta Ameskoako  lekuen izena ere bai. Beste antzeko batzuk,  Arrasategaina, Arrate, Arrategaña, Arlucea… Arralde, Arratia, Bizkaian… Antzuolan, Arrasate baserria… Mondragoe aldaera euskaraz erabili da XV mendearen geroztik gure herrian. Kontua da Euskal Herriko toki askotan ageri direla Arrasate edo antzeko terminoak. Goikobalu/Santa Barbara-ko mendixkak Arrasate izena zuela  jatorrizko,  herritar gutxik dakite ordea.

Jose Maria Velez de Mendizabalek “Hots begi danbolinak” bilduman, jaso zuen  Arrasateko udalaren idazkari izandako Migel Madinabeitiak, “El Noticiero Bilbaino” egunkarira 1899ko maiatzaren 9an igorritako kronikan, Igokunde egunean eguraldi ona eginez gero, Arrasateko eta Aretxabaletako gazteriarekin erromeria ospatuko zela,  nabarmenduz jaia ospatzen den mendiak Arrasate izena duela eta bertan Nafarroako errege Sancho Abarkak, 901an gaztelu bat eraikitzea agindu zuela. Enrique IV gaztelar erregeak 1457 urtean Gaztelua botatzea agindu zuen.

Arrasate, muino baten izena izateaz gain, “de la puebla que es en Leniz” herria ere bada. Baina 1260 urterainoko kontu gutxi jaso dira herriaren inguruan.

5)Gipuzkoako Foru Aldundiaren beirategia. 

2023ko mozio baten bidez, Zuztarrak Errotuz taldeak Udalari bere kultura saila Gipuzkoako Foru  Aldundiarekin harremanetan jar dadila  eskatu genion, jauregiaren sarrerako beirategian Alfonso VIII.arekin loturik dauden egintza historiko eta  kronologiak  aztertu ditzaten. 1200 urtean ez zegoen “Gipuzkoako Foru”rik eta Alfontso VIII urte hartan Arrasaten izan zela foru horiei zin egiteko ez dago kontrastaturik. Udala iaz jarri zen harremanetan Foru Aldundiarekin  gaia lantzeko, baina ez dago horretaz berririk .

Miguel Madinabeitiak 1894ko urriaren 29ko egunkarian, Arrasateko “kruzeroa” ezagutzen zuela azaldu zuen, hau da, zutabe borobila, 4 metroko alturakoa, bukaeran gurutze toska zeukana. Tradizio popularra zen puntu horretan Alfonso VIII.a erregeak Gipuzkoako fueroei zin egin ziela, baina Juan Azkoaga Sagastak, Madinabeitiari gurutzea desagertu zela esan zionak, adierazi zuen “tengo por rigurosamente historico que en ella juró los fueros algun rey castellano, pero creo que pudo muy bien ser Enrique IV, de cuya estancia en Mondragon hay noticia cierta.

Historialariek  diote  Gaztelako Enrike III.a, 1397 urteko uztailaren 6an Getarian izan zela Gipuzkoako lehendabiziko foru orokorraren promulgazioan, eta hori izan zela Gaztelako erregeek lehen aldiz baieztatu  zutena (Angel Gorostidik “Euskal erria” aldizkarian). Izan ere, 1200 urtean garai hartan ezagutzen dugun Gipuzkoa ez zen existitzen eta gaurko bere lurraldean hiru entitate ezberdin zeuden: Arzorocia, Ipuscaiako Lurra, eta San Sebastian/ Hernani. Oñati 1845ra arte ez zen integratu Gipuzkoan. 

1876an, bigarren gerra karlista irabazitakoan, Canovas del Castilloren gobernuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako probintzien foruak abolitu zituen. Beirategiari dagokionez, orduko testuinguru politikoan kokatu beharko gara. Kontua da, Gipuzkoako Foru Diputazioak bere jauregia 1885ean eraikitzerakoan, Jose Etxenagusiak diseinatutako koloredun beirategi bat jarri zutela sarreran, non  Alfonso VIII.ren figura agertzen den: 1200 urtean foruak zin egiten Arrasaten? Gaztelaren garaipenaren ikur bezala akaso?

Halaber, beirategitik gertu, Espainako Inperioaren mesedetan aritutako Andres de Urdaneta, J.S. Elkano, Lopez de Legazpi edo Blas de Lezo bezalako kolonialisten eskulturak  daude. Egun, Gipuzkoan ere kale askok dituzte beraien izenak. Arrasateko kale izendegian, Jose Garro, Okendo edo Otalora kolonialisten izenak ere badaude. Beiratetik gertu, Gipuzkoako armarriak ironiaz duen esaldia ageri du: “Fidelisima Bardulia Nunquam superata”.

NOIZ IZANGO GARA GURE KONTAKIZUNAREN ETA GURE PATUAREN JABE?

 

Aipaturiko pasarte historikoak gure herriari dagozkionak dira. Oroimen kolektiboaren parte izan beharko lirateke, gure iragana garden ezagutu eta oraina izpiritu kritikoarekin biziz. Hori guztia izango da  gure etorkizunaren oinarria. 

 

ZUZTARRAK ERROTUZ TALDEA              Arrasaten, 2026ko urriaren 27an