Bai Odoni bai eta Patxi Lopezi entzuna diet “orain denak legezkoak direla eta denok legea zorrotz bete beharko genuke” esaten. Beharko luketen denak ez direla oraindik legezko ahazteaz gain, ez digute esaten noiz egin behar zaion men legeari: lege bera eskuan eta argudio berberekin legezko izatea ukatzen denean ala legezkoa izatea baimentzen denean? Noiz?
Balantzaren orratza alde batera ala bestera makur zedin epaitegiko gizonek erabilitako argudio batzuk eskandalagarriak iruditu zaizkit. Esaterako: “kontrol prebentiboen bitartez, Estatu konstituzionalaren segurtasuna babesteko asmoak arriskuan jartzen du Estatua bera” (EITBtik hartua). Hemen alegia, ez da kontuan hartzen jokabidearen zilegitasuna, baizik eta erabakia alde batera ala bestera hartzeak ekarriko lukeen ondorioa.
Futbol partida bateko gola balekotzat eman ala ez erabakitzeko Barçak Real Madridi alde handiz ez irabaztea komeni zaiolako arbitroak txistua batera edo bestera joko balu bezalaxe da. Partidako epaileari, gizonezko zein emakumezko izan, harmailetatik berehala oihukatuko liokete: “arbitro, alua!”. Hori, bada.
Beñi Agirre
Euskara irakaslea







