Nafarroako txanponaren inguruko egitarau kulturala irailaren 19an abiatuko da, Rocafortera bisita gidatuarekin

Txanponaren historiari erreparatzen diogunean, lurralde batek izan duen agintaritza ereduari erreparatzen diogu. Haren bitartez, herri baten, estatu baten ibilbidea marrazten dugu. Helburu horrekin, Nabarralde Fundazioak urtero urrian antolatzen duen jardunaldiaren edizio berriak Nafarroako txanponaren historia izanen du mintzagai, ikuspegi askotarikoetatik eta formatu desberdinetan. Aditu andana bilduko dituen jardunaldi nagusia urriaren 17an izanen da, Iruñeko Kondestablearen jauregian. 

Baina jardunaldi nagusiaren aurretik bestelako aktibitate kulturalak ere antolatu ditu Nabarraldek, publiko zabalago batera iristeko asmoz, horietako gehienak doakoak izanen direlarik (Erriberriko bisita gidatua ezik, gainontzeko guztiak). Egitarauari hasiera emateko, irailaren 19an Rocafortera, Zangozaldean dagoen Barskuners monetaren sorburura bisita gidatua eginen da Baskunsa elkarteak gidatuta.

EMAN IZENA HEMEN

Hurrengo astean beste bisita gidatu bat eginen da, kasu honetan Iruñeko Kontuen Ganberara, Fermin Erbiti historialari eta kazetariarekin. Nafarroako Kontuen Ganbera, Estatuko kontuen auzitegirik zaharrena da, 1365ean eratu zen Karlos II.a erregeak emandako Ordenantza baten bidez. Kasu honetan, bi bisita gidatu izanen dira, biak ala biak irailaren 22an. Euskaraz arratsaldeko 17:00etan izanen da, eta 18:00etan gazteleraz.

EMAN IZENA HEMEN

Oier Santamaria historialariak komisariatuta, bestalde, Nafarroako txanpona, agintearen historia erakusketa ikusgai egonen da Kondestablearen jauregian, urriaren 1etik 18ra bitartean. Txanpona, gutxienez, duela 3.000 urte sortu zen. Produktu guztietarako kanbio-balio komuna neurtzeko unitate bat ezarri zuen, trukean oinarritutako ekonomiaren mugak gaindituz.

Irteera gidatuekin jarraituz, urriaren 3an Erriberri izanen da helmuga. Bertan, Oliteko jauregia eta bertako historia ezagutzeko parada izango dugu, Nafarroako ekonomia sisteman izan zuen garrantzia nabarmenduz.

IZEN-EMATEA, AURRERAGO