Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Erriberako erakusketa gelan.
Ekintza ugari antolatu ditu Nabarraldek aste honetarako: erakusketa bat, hitzaldi bat, antzezlan bat eta jardunaldi bat. Jarduera guztiak doakoak dira.
‘Orreaga 824’ kultur astea antolatu du Nabarralde Fundazioak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean eta ekintza mordoa antolatu dituzte, maiatzaren 13tik 18ra bitartean. Atzo eman zituzten ‘Orreaga 824’ kultur astearen nondik norakoak: Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak; Naroa Del Orden kultura zinegotziak; Angel Rekalde Nabarralde fundazioko kideak, eta Lourdes Imaz Historia Oroituz antzerki elkarteko zuzendariak.
Xabierrek hartu zuen hitz aurrena eta eskerrak eman nahi zizkion Nabarralde fundazioari «gure memoria kolektiboa berreskuratu,
ezagutarazi eta transmititzeko egiten duen lanagatik».
Segidan, Naroa Del Ordenek kultur astean eskainiko den egitarauaren berri eman zuen. Azpimarratu zuen, maiatzaren 13tik 18ra bitartean, ‘Orreaga eta Pirinioetako erresuma’ erakusketa ikusgai egongo dela Erriberako erakusketa gelan: «erakusketa guztira 18 panelek osatzen dute, eta modu pedagogikoan eta hainbat hizkuntzatan aurkeztuko da; testu eta ilustrazio laburrak, testuingurua, gertakariak, pertsonaiak eta Orreaga-Errozabalen azken batailaren ondorio nagusiak konbinatuz». Eta erakusketaren irekiera egunean,’Orreaga 824-Iruñeko Erresuma’ erakusketaren aurkezpen-hitzaldia, eskainiko du Angel Rekaldek, eta testuinguruan kokatu zituen bertaratu zirenak: «824an, duela 1.200 urte, Pirinioetako mendia zeharkatzen duen ibilbidean, Orreagako azken gudua gertatu zen. Kordobako kroniketan dokumentatuta dago eta J. M. Lacarra historialariaren lanean ere aipatzen da. Karlomagnoren aurkako 778ko garaipen ospetsuaren eta 812 eta 816ko beste liskar batzuen ondoren, 824koa izan zen enperadore frankoek Iruñeko baskoiak menderatu eta inperioan integratzeko egin zuten azken ahalegina. Eneko Aritza eta Banu Qasitarren arteko aliantza ere izan zen, Eblo kondearen eta Aznar Galindo arnegatuaren indar frankoen aurrean. Gudu honen garaipenak baskoien autoritatea finkatu zuen Iruñean eta botere subiranoa ezartzeko aukera eman zien. Ez da data militar hutsa, gudari eta armen anekdota hutsala. Aitzitik, Iruñean botere egonkor bat ezartzeak bere lurraldean baskoien gobernua ahalbidetu zuen Iñigo familiarekin, eta ondoren Jimeno familia etorri zen, eta mendeak igaro ahala erresuma bat egonkortu zen, Estatu forma bat, eboluzioarekin, ezustekoekin
eta era guztietako gertaerekin Iruñeko erresuma bihurtu zena, gero Nabarra, gure iraganeko funtsezko erreferentzia. Vasconiak estatu izaera hartu zuen Iruñeko Erresumaren forman. Aste kultural honetan, maiatzaren 13tik 18ra Astigarragan, Nafarroa-Euskal Herriaren historia eta existentzia politikoaren sorrerako mugarri den data baten datu eta inguruabarrak ezagutzera emango ditugu».
Maiatzaren 17an, berriz, historia kontatzeko formatuari buelta eman eta ‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzezlana oholtzaratuko du Historia Oroituz antzerki elkarteak. Eta Lourdes Imazek obrako nondik-norakoak azaltzearekin batera antzerkiko protagonistak nerabeak eta gazteak direla azpimarratu nahi izan du: «Nafarroako gertakari historiko bat antzezten dugu, garai eta egoeren arteko kontrastea irudikatzeko eta harritzeko. Garatzen ari den garaia Orreagako batailari dagokio (Errozabal), eta islatzen duen gertaerak euskal biztanleei mendien erresuma eraikitzeko aukera eman zien. ‘Orreagatik hurbileko iraganera’ obrak gogoeta bat eskaintzen du, orainetik, denboran hain urrun dauden uneei buruz, gazteenen begirada freskoarekin».
Orreaga 824 kultur asteari amaiera emateko, maiatzaren 18rako goiz osoko jardunaldia prestatu dute, Erribera kulturgunean. Goizeko 09:30etan emango zaio jardunaldiari sarrera; eta goizeko 10:00etan hasiko dira hitzaldiak. Aurreneko hitzaldia Peio Monteanok eskainiko du, ‘Baskoiak mende ilunetan’ izenekoa; jarraian, Xabier Irujok hartuko du hitza, eta Orreaga-Errozabal. 824ko bataila izango du hizpide; eta goizeko 11:00etan, Iñigo Larramendik, Orreaga 824 bataila. Iruñeko Erresuma gaia elkarbanatuko du. Atsedenaldiaren ostean, mahai-inguru baten bueltan bilduko dira, Iñaki Idigoras, Josean Beloki eta Idoia Arrieta. Hau amaitzean, izena eman dutenek elkarrekin bazkalduko dute, solastutakoaz «etxean bezala jarduteko». Jardunaldira bertaratzeko ere izena eman behar da ondorengo estekan: nabarralde.eus/astigarraga.
ORREAGA 824
ASTIGARRAGA MAIATZAK 13TIK 18RA ‘Orreaga eta Pirineotako erresuma’ erakusketa. Erakusketa gelan. MAIATZAK 13 19:00 Orreaga 824-Iruñeko Erresuma erakusketaren aurkezpen hitzaldia, Erriberan. MAIATZAK 17 19:00 ‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzezlana, Erriberan. MAIATZAK 18 09:00-10:00 Sarrera eta agurra 10:00-10:30 ‘Baskoiak mende ilunetan’. Hizlaria: Peio Monteano 10:30-11:00′ Orreaga-Errozabal. 824ko bataila’. Hizlaria: Xabier Irujo 11:00-11:30 ‘Orreaga 824 bataila’. Hizlaria: Iñigo Larramendi 12:00-13:30 Mahai-ingurua: ‘824ko 1.200 urte’. Hizlariak: Iñaki Idigoras, Josean Beloki eta Idoia Arrieta Elizalde. |