Urte amaiera aldera ohikoa izaten da pasa den urteari errepaso bat ematea. Horrelako zerbait egin nahi dut nik Iruña-Veleiari buruz (aurrerantzean I-V). Tarteka hainbat idatzi eta bideo txertatu ditut kakotx artean, bilatzailearekin interneten kontsultatzeko.
Urtarrilean I-Vko aztarnategian egiten diren bisita gidatuen egutegia jaso nuen. Josetxo Mendiak, I-V Martxan taldeko kideak, bisitaldi gidatuak eskaintzen ditu hilero, lehen igandetan, eta urtean zehar aztarnategian gertatzen diren gora-beheren berri ematen du. Bisita gidatuekin J. M. Elexpuru eta Maritxu Goikoetxea hasi ziren 2015an eta ordutik arrakastatsuak izaten ari dira.
Maiatzeko bisitaren ondoren albiste lazgarri bat bidali zuen, esanez hondeamakina erabiliz kristoren txikizioa egiten ari zirela harresien inguruan eta bideoa bidali zuen: “Gaur ikusitakoa: hondeamakina jo ta fuego Iruña-Veleian”. Irailean bisitaldi osoa grabatu zuen gidari lanetan ari zela; “Iruña-Veleian bisita gidatua Josetxo Mendiarekin”.
Hondeamakinaren kontu honek soka ekarri zuen. Halako triskantza ikusita SOS Iruña-Veleia eta Iruña-Veleia Martxan taldeek salaketa jarri zuten Gasteizko Epaitegian, arkeologo baten txostenarekin lagunduta. Salaketaren berri jakitean, Arabako Aldundiak gogor oldartu zen Norte-Exprésera bidalitako oharraren bidez: “Iruña-Veleia: ‘Cospiranoicos’, sentencia Diputación”.
Epaitegiak lau hilabete geroago erantzun zuen: «Epaileak atzera bota du salaketa. Aldundiak ez omen du inolako kalterik egin». Errekurtsoa jarri zuten.
Maiatzean, Patxi Zabaletak elkarrizketa eskaini zion Goiena Telebistari Irulegi, Veleia eta euskara lotuz. Elkarrizketa osoa ikusteko: “Euskararen historia ezin daiteke idatzi Iruña-Veleia bezalako aurkikuntzak alde batera utzita”.
Ekainean “Behin-behineko Bibliografia Iruña-Veleia” izeneko bilduma sareratu genuen Goienari esker. Helburua, I-Vren inguruan publikatu baina sakabanatuta zegoena biltzea eta modu errazean kontsultatzeko eran jartzea, dokumentuen jatorrizko hizkuntzan eta I-Vri buruz dauden bi iritziak eskainiz.
Irailean, Mapi Alonso Fourcaderen liburuaren aurkezpena: “Excepcionales hallazgos en Iruña-Veleia. Representación en tres actos”. Eta azpititulu bezala. “Revisión crítica de lo acontecido en las Juntas Generales de Álava durante la legislatura 2007-2011”. Epe hori oso erabakiorra izan zen I-Vren bilakaeran; Mapi Arabako Batzar Nagusietan egokitu zen eta I-Vri buruzko auzia oso gertutik jarraitu ahal izan zuen. Beraz, kontutan hartzeko liburua, garaiko dokumentu eta aktetan oinarritua. Liburu honen aurkezpena ‘Frankotiratzaileak’ taldea hernaniarrak egiten du: «Mapi Alonsoren liburuaren promozio-bideoa ikusgai, Eliseo Gil, Idoia Filloy eta K. Van den Driessche-ren testigantzekin».
Azaroan I-Vren jarraitzaileontzat egun beltza izan zenaren oroipena. Duela 15 urte, azaroaren 19an, aztarnategitik kanporatuak izan baitziren Eliseo Gil, Idoia Filloy eta langileak aztarnategian 14 urtez industen aritu eta bertatik 24.000 objtektu arkeologiko atera eta sailkatu ondoren –horietako batzuk Bibat museo arkeologikoan daude–. Mapi Alonsok bere liburuan demostratu duenez Diputazioak arbitrarioki hartutako erabakia izan zen, ustez Batzorde Zientifiko-Aholkulariaren lanetan oinarrituta, baina Batzordearen Aktetan ez da erabaki horren berririk ageri.
Egun horren harira hainbat idatzi argitaratu ziren komunikabideetan, hala nola: “Iruña-Veleiako aztarnak bahitu zituztenetik 15 urte bete dira”, “2008-11-19”, “EA, Bildu, EAJ: Iruña-Veleiaren egia zor diozue herriari” eta “Iruña-Veleia: Arabako Diputazioa epaia manipulatzen ari da”.
Aipagarria da, baita ere, “Frankotiratzaileak” eginiko bideoa: “Familia Fotoa (Foto de Familia)-2023-Youtube”, 2007tik garbitu gabe, eta garbitzeko asmorik gabe, dauden 59 kaxetako ehunka edo milaka piezen inguruan.
Abendua. Hondeamakinak lanean jarraitzen du: «Aztarnategia hondatzen ari dira inpunitate osoz». Kontuan hartzekoa da, gainera, Eliseo Gilen taldeak hilobiak aurkitu zituela haurren hezurrekin harresiaren kontra itsatsitako etxe barnetan. Bestetik, I-Vrako planei buruz honela zioen ihaz Aldundiko Kultura Diputatuak: «Iruña Veleia ondarea ikertzeko eta kontserbatzeko aztarnategi-eskola eta praktika-laborategi bihurtzea da gure helburu nagusia». Benetan? Eta honela?
Naiz