Antso VII.a Azkarra, Semenez Arradakoa eta Nafarroaren patua

Luzea izan zen Antso VII.aren eta bere ekintzen itzala XIII. mendearen bueltan, ez zen geldirik egon, han eta hemen, bere garaian sortutako auziei helduz. Luze eta zabal hitz egin du ere XIX eta XX. mendeko historiografiak Antso VII.a Azkarraz eta haren balentriez, ez baitzen alferrik izan Navas de Tolosako Guduko protagonistetako bat (1212), noren eta mairuen kontra, historiografia horrek errepikatuki transmititu digun bezala. Bere ekintza gorena omen.

Hor ez dirudi nafar erregeak pentsatzeko beste kezkarik zuenik, Errekonkistaren ahalegin hispaniko metafisikoan murgiltzea baizik. Gauzak, ordea, besterik ziren narrazio historikoko liburuetatik kanpora, eta Antsok hurbilago zuen etsaia, badakigun bezala, etxeko atarian kolpeka: Gaztelako Erresuma feudal militarista. 1199-1200ean gertatu zen Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak markatu zuen Nafarroaren patua, Nafarroaren inbasioa aginduz eta zuzenduz.

Orduan, gertu zebilen bi erregeetatik Rodrigo Semenez Arradakoa, Garesko nafar-gaztelar jatorrikoa, eta bi erregeon lagun oportunista, baita gerlaria ere, eta Gaztelako koroari egindako mesedetan,  Toledoko artzapezpiku garrantzitsua ere bilakatua. Semenez Arradakoa ikasiak ongi jakin zuen Gaztela zuritzen, Nafarroaren indarrak Gaztelaren alde higatzen eta dualismoa (manikeismoa) xaxatuz espainiar narrazio bateratu bat sortzen.

Nafarroa Elizaren nazioarteko sarean, ahal bezala

1194ko ekainean, Antso erregea Rikardo Lehoi Bihotzaren lagun zebilen borrokan Chalusen kapeto frantsesen kontra, Antso VI.a Jakituna aitaren heriotzaren berri heldu zitzaionean. Une horretan, auzi bat zuten Lehoi Bihotzak eta Antsok, Berengelaren doteari buruzkoa (Bortuz HYPERLINK “https://eu.wikipedia.org/wiki/Nafarroa_Beherea”HarunzkoHYPERLINK “https://eu.wikipedia.org/wiki/Nafarroa_Beherea” Lurraldea), hala zor baitzion Antso Jakitunak. Horregatik, azken horren seme eta errege berriak (1194) aita santu erromatarraren gaitzespena jaso zuen, erreskada bateko lehendabizikoa.

Harrezkero, Antso VII.a Azkarra gehiagotan izan zen gaitzetsia eta, are, eskumikatua, nafar lurraldea jaten ari zitzaion Gaztelari aurre egitearren gehienetan, zehazki Alfontso VIII.ari. Lurra eta herria nor nori jaten ari zitzaion argitzearren, ikusi besterik ez dago VIII. mendeko Vita Karoli Magni karolingiarraren  baieztapena, nafarrak Ebroren iturbururaino bizi zirela baieztatuz, edo alde nafarrak Londresko Laudoan aurkeztutako arrazoibidea (1176)

Bada, 1196ko urtarrilean Zelestino III.a aita santua hil baino lehen, Antso erregea eskumikatua izan bide zen, eta Inozentzio III.ak berriz eskumikatu zuen, Gaztelatik babesteko almohadeekin neutraltasun ituna hitzartzearren. Horretarako, Erromakoak “Kristoren beraren etsaiekin aliatu” zela argudiatu zuen. Ez ziren lasai entzuteko moduko hitzak, sermoi moralak berehala baitzituen ondorio politikoak.

Hasteko, aita santua ez zitzaion errege gisa zuzentzen gehiago (rex), buruzagi gisa baizik (dux). Ondorioa ez zen nolanahikoa: Nafarroak ez zuen erregerik (zilegirik) eta, beraz, beste edozein auzokidek har zezakeen erresuma uztarpean horretarako indar nahikoa izanez gero. Rikardo Lehoi Bihotza hil zenean (1199ko apirila) heldu zen Alfontso VIII.a gaztelarraren egokiera, probestuz Antso VII.a erresumatik kanpora Afrika iparraldean almohadeekin laguntza bila zebilela.

Zalantzarik gabe, ingeles erregearen heriotzak ezustean hartu zuen Antso. Alfontso VIII.ak, Didako Harokoa Bizkaiko jaunarekin elkar hartuta, indarrez hartu zituen Gasteiz eta Araba, Durangaldea eta egungo Gipuzkoa, orduan hiru tenentzia edo erregeordetzatan zatitua: Aitzorrotz, Gipuzkoa (Ipuzkoa) eta Donostia Hernanikoa.

Semenez Arradakoaren propaganda kanpaina

Ez zaigu hain ezaguna, ordea, itsasaldeko Nafarroaren inbasioak segida izan zuela, Alfontso VIII.ak Baiona eta Gaskoinia osoa eskuratu nahi izan baitzituen, Leonor emaztearen dotearen zati zela adieraziz. Inozentzio III.ak gaitzetsi egin zuen gaztelarraren asmoa, baina trukean babes (bitarteko) diplomatiko ezin baliotsuago bat atera zitzaion: Rodrigo Semenez Arradakoa, Nafarroan jaio eta hazitakoa.

Aita santuak gaztelar erregea haren alabaren ezkontza baliogabetu bazuen ere, Semenez Arradakoak Frantzia eta egungo Alemaniako lurretara bidaiatu zuen gaztelar erregearen mandatari, propaganda kanpaina eraginkor batean. Gurutzaden sasoi betean, almohadeekiko edozein aliantza gaitzesteko eta musulmanen kontrako europarren batasuna eskatu zituen; bada, garestarrak nahi zuen oihartzuna eta onespena lortu zituen Europan.

Orduan bai, maldan gora jarri zitzaion Antsori itsasaldeko Nafarroa berreskuratzeko itzulbidea: fait accompli. Joko bitarrean edo dualistikoan, Nafarroak zituen galtzeko guztiak. Gurutzadetarako deiaren oihartzunaren dardarak dogma bitarra finkatu zuen, eta bazuen babesle teoriko kementsu bat, Nafarroan jaio eta hazia: Semenez Arradakoa.

Navas de Tolosako hondamena (dualismoaren garaipena)

XII. mende amaieran ofizialdu zuen Alfontso VIII.a Nafarroaren inbaditzaileak Santiagoko Ordenaren sorrera (1175), eta Calatravako Ordena sortu zen, biak ere espainiartasunaren ardatz bihurtuko ziren ordena erlijioso-militarrak, eta Navas de Tolosako Guduko parte-hartzaileak (1212). Alfontso VIII.ak almohadeen kontrako gurutzada bat erreklamatu zion Erromako Inozentzio III.ari 2011n, nafarrak eskuak lotuta utziko zuena.

Semenez Arradakoak gogotsu hauspotu zuen kanpaina: kristau iberiar fronte bat. Bada, Inozentzio III.ak, nafar erregearen eskumikatzaileak, aldarrikatutako gudu horretan (Navas de Tolosa), Antso VII.ak protagonismo berezia izan bide zuen, eta erabakigarria ere garaipenerako beharbada (Antsok, ezta Leongo erregeak ere, ez zuen 1195ean Alarcoseko Guduan parte hartu, eta Alfontso gaztelar harropuztuak porrot egin zuen).

1212ko bataila famatuak berretsi egin zuen itsasaldeko Nafarroaren galera, betiko. Antsok, batailaren lorratzean, apenas berreskuratu ahal izan zituen hiruzpalau posizio Sonserraren mugetan, gaztelar agintariek Nafarroaren merkataritza bideak eta itsas potentzia eskuratzen zuten bitartean. Antsok kate batzuk ekarri zituen, Nafarroako banderako kateen mitora gehituak, eta Navas de Tolosako partaidetzaren loria kristau osoa. Antsok rex estatusa berreskuratu zuen, baina Nafarroa Gaztela-Leon berriaren hartz besarkadak larri zaurituta utzita, paradoxikoki Toledoren ideologia neogotikoaren sarean.

Espainiar narrazio neogotikoan trabatuta

Nafar ordezkariek bere egin zituzten orduko erromatar-gaztelar erretolikan gailendutako hainbat klitxe, Tibalt I.a errege txanpainarraren aurrean beren berezitasunak nabarmentzeko. Ez zuten jakin izan ideologia horri ihes egiten Foru Zaharraren sarreran, eta narrazio propio bat sortzen. 1237an, Foru Zaharra edo Orokorra idatzi zen, txanpainar dinastiaren aginte gosea geldiarazi eta nafar herriaren burujabetza politikoa berretsi nahian. Egungo ikuspegitik, aldiz, tristea da haren sarrera irakurtzea, ideologia neogotikoaren osagai guztiak bertan dituela, tartean aipatuz Espainia (Hispania erromatarraren itzala), Pelaio, Rodrigo eta abar.

Ez da dudarik Artur erregearen istorioa, Britainia erromatarreko “britainiar nazioaren” borroka kontatzen zuena (Historia Regum Britanniae, 1136) eta ordurako egosten ari zen Galesen konkistari lotua, Nafarroara heldu zela orduko nafar-ingeles harremanen bitartez. Ez da dudarik ere Semenez Arradakoa eleanitzak Artur erregearen istoriotik edan zuela. 1243an, bada, Nafarroaren lidergoaren eta burujabetzaren galera berretsiz, Semenez Arradakoa abil (artista) eta gerlariak De rebus Hispaniae idatzi zuen. Bertan utzi zuen idatzita, Toledoko artzapezpiku bihurtu ondoren, Gaztelaren agintaritza politikoa zilegiztatzeko historia (edo hobe esateko, istorio) neogotikoa, errealitate partziala eta mitoa uztartzen dituena, komeni bezala kontatuz ere Gaztelak 1199-1200ean itsasaldeko Nafarroa eskuratu eta bereganatu zituela.

Semenez Arradakoak oihartzun historiko handiko harribitxi nabarmen bat ere utzi zuen: Clavijoko Guduaren istorioaren zabalkundea (eta, ez litzateke harritzekoa, asmakuntza ere), tartean zela Donejakue Matamorosen agerpen miragarria, eta ordutik aurrera espainiar guztiek harekiko zuten morrontza edo zorra, zerga berezi bat ezarriz. Istorioa asmakizun hutsa izanagatik (859ko Laturtze Mendiko Guduko detaileak tartekatuz ondua), espainiar inperialismo eta nazionalismoaren euskarri garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.

Antso Azkarraz geroko Nafarroa

Alfontso VIII.aren prepotentziaren aurrean, Antsok hitzarmen sendo eta sakonak utzi zituen ingeles eta akitaniarrekin, tartean baionesak zirela, eta errege nafarrek Nafarroa eta Baionaren arteko harreman komertziala segurtatu eta babesteko konpromisoa. Arnasbide bat, azken batean, Nafarroaren burujabetzarentzat, ziri nafar-akitaniar atlantiko bat Gaztelaren eta Frantziako Erresumaren oldarraren aurrean.

Hala ere, 1212 ondoren Iberiar Penintsulan Antso erregearen Navas de Tolosako ospea harrotu ahala, Antsok bere agintaldian galdutakoa baino ezin zuen gogoan izan bizitzako azken urteetan: itsasaldeko Nafarroa estrategiko osoa Gaztelari arroztua eta, gailendu berri zen sistema dualistan harrapatuta (oreka poliedrikoen kaltetan), berberak lagundu zuen nafarren aliatu potentzial andalustarrak azpiratzen, nafar herriaren lidergo politikoa Txanpainara besterentzen (burugabetzen) zen bitartean.

Kristau loriaz jantzita, Gaztelaren kemenak eta atzaparrak lepotik helduta eta ezinak itota, Antso bakarti hil zen Tuteran 1234ko apirilean. Artean,  nafarrek baionesak, akitaniarrak eta ingelesak zituzten euskarritzat, Antsok buruargiz lortutako sinergian, eta Aragoi artean ez zen Gaztela. Harrezkero, haatik, ez zaigu oharkabean joaten, Nafarroak oztopoz betetako bide luze eta malkartsua zuen aurrean, bertako lidergo politikorik gabea.