ASISKO URMENETA: «Euskal Herrian zehar Xahoz kontatzea, kantatzea eta loriatzea da orain xedea»

Asisko Urmeneta komikigile nafarrak ibilbide luzea dauka marrazkiak eta hitzak elkartzen. Agosti Xahok egin zuen «Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran» oinarri hartuta, idatzi duen «AztiHitza» nobela ilustratuak Euskadi saria irabazi zuen 2019an. Bidaia horretako herrietan liburuaren aurkezpenak eginez hasi eta Euskal Herriko beste lurralde batzuetan antzezpenak eginez jarraitu dute.

“AztiHitza” aurkezpen eta antzezpenaren arteko ikuskizuna eskaintzeko prestatzen ari direla mintzatu gara Asisko Urmenetarekin Senpereko Larraldea etxean. Agosti Xahok XIX. mendean Nafarroara eginiko bidaia Lapurditik abiatu baitzuen, bertako herrietan ere badute haren berri. Protagonista zuberotarra izanik, Urmenetak Euskal Herriko probintzia txikieneko egungo errealitatea ere ekarri du istoriora, eta horrela, lurraldeetan barna bezala historian zehar ere ibilarazten ditu irakurle eta ikusleak.

Nola sortu zen «AztiHitza» komikiaren proiektua?

Lankidetza baten inguruan sortu zen, Erroa eta Errima argitaletxeen eta Prefosta elkartearen artean. Hirurek bazuten interesa Xahoren inguruan zerbait egiteko, eta niregana etorri ziren. Xaho ezezaguna da Euskal Herrian, baita Atharratzen ere, bere sorterrian. Prefosta Xahoren sortetxea kudeatzen duten gazteek sortu zuten.

Ondoren ni sartu nintzen proiektuan. Xahoren “Bidaia Nafarroara” irakurri nuen 16-17 urte nituelarik, eta kolpatu egin ninduen, ez nuen uste horrelako lekukotasun bat egin zitekeenik 1836an, zer mintzo erromantikoa, zer liburu zoragarria, eta zer ideario politikoa: independentziaren aldekoa eta ezkerretik. Momentuan hainbeste hunkitu ninduenez, hasi nintzen zirriborroak egiten komiki bat egin behar nuela-eta. Urteak pasatu dira, eta nire amets hori azkenean bilakatu da liburu.

Aipatu duzun bezala, Xaho ez da ezaguna Euskal Herrian, zergatik dela uste duzu?

Ez da kasualitatea ezezaguna izatea, herri ukatua garen aldetik. Ezagutzen ditugu inperioen alde lan egin duten euskaldunak: Elkano, Loiola, Harizpe, Aita Sodupe… Baina ez ditugu ezagutzen, edo kriminalizatzen ditugu, Euskal Herriaren alde aritu direnak. Adibidez Xahoren kontra idatzi izan dira liburuak, era inpune batean. Gaur egun unibertsitatean ez da existitzen, ikastoletan ez da lantzen, ezezaguna da, herri normala bagina, Xaho heroi nazionaletako bat izanen zen.

Eremu oso anitzak landu zituen bere bizitzan; ezaguna ere bada euskal mitologiari loturik egindako lanarengatik.

Bai, Xaho oso jantzia zen, eta ikertuak zituen munduko erlijioak, eta harritua zen nolatan Euskal Herrian ez genuen ezer atxiki lehengo kosmogoniaz. Erraten zuen ez zela posible Eliza katolikoak dena ezabatu izana, ikertu zuen eta, ez zuenez ezer aurkitu, asmatu egin zuen. Asmatu zuen Herensugearen mito zoragarria, “Azti-begia” liburua egin zuen Zuberoako euskaraz, eta hor kontatzen du oso manera lirikoaz, nola lehengo Herensuge primigenioak gure mundua sortu zuen. Asmatu zuen Aitor, edo aita ororen legenda, baita izena bera ere; eta berarekin batera Amagoia, gure matriarka zaharra. Mito fundazional batzuk sortu zituen Euskal Herrirako, horri esker orain arras normalak iruditzen zaizkigun Aitor, Amagoia edo Herensugea, Xahoren burutik eta bihotzetik atera ziren.

«Azti Hitza»-n Xahok Lehen karlistaldiaren garaian Nafarroara egin zuen bidaia komiki bidez kontatzen duzu.

Bai, Nafarroan barrena egiten da bidaia, baina denboran zehar ere bai, lehengoa eta oraingoa kontatzen dut, komikietan eta filmetan erabiltzen den errekurtso narratiboa baliatuz. “Bidaia Nafarroara” lanean agertzen dena kontatu nahi nuen, baina baita gaur egun Zuberoan haren sortetxea okupatua dagoela ere, eta gazteek egiten dituztela ekintzak, eta oso dinamika politean daudela Xahoren memoria berreskuratzen. Liburu hori Barakaldoko edo Tafallako norbaitek erosten badu, jakin dezala aste guztiz Xahoenea irekia dela, eta hor ekitaldiak egiten direla.

Bien arteko zubi bat egin nahi izan dut, egungo gazteek nola deskubritzen duten Xaho, eta aitzakia horrekin hartu ditut alde diferenteak: ideologo politikoarena, feministarena, euskal prentsaren sortzailearena edo beste alderdiena. Eta aldi berean kontatu nahi izan dut berak egin zuen gerra karlista horietako ibilbidearen kronika.

Asmatu dudan pertsonaia bakarra, gaur egungo atharraztar bat da, etxea berritzen ari dena. Egungo herriko jendeen kontakizunak asmatu ditut, aitzakia bat izan da gehiago sakontzeko Xahoren lanetan. Gainerakoa historia saiakera bat bezala hartzen ahal da. Testuinguru historikoan ez dut deus asmatu, eta horregatik ekarri ditut garai horretako pertsonaiak, eta beraien hitzetan kontatu zer gertatzen ari zen Euskal Herrian.

Horrela, Xahok Baionatik Lekunberrira egin zuen ibilbideaz gain, garai horretako historia ezagutzeko parada ere ematen duzu.

Bai, Xaho ezagutzeko baliatzeko egin dut, baina baita garaia ezagutzeko ere. Xaho sarritan karakterizatzen eta karikaturizatzen da. Galdetu diet Xahoz gehien dakitenei, Patri Urkizu, Elisabete Zubillaga eta bereziki Fermintxo Arkotxari, horiek materiala pasatu zidaten; garai horretako Euskal Herriari eta Europari buruz asko irakurri dut.

Historia asko interesatzen zait, euskara asko interesatzen zait, ezkerra eta independentzia asko interesatzen zaizkit, baita kreazioa ere. Xaho, nire ustez, ikerle handia da, eta sortzailea ere bai, baina bi bideak nahasi gabe, berak sortzen zuelarik zerbait, aitortu egiten zuen. Proposatu zuen euskara, gramatika eta ortografia nazionalak behar genituela, eta bere bizi guztia eman zuen horretan, eta demostratu zuen bere bidea prentsaren bidez, eta bere idazkien bidez.

Zazpi euskal herrien kontzeptua momentu horretan sortu zen. Xaho izugarri inportantea da, zeren eta bere ideologia oso markatua izanik ere, jakin izan zuen lan egiten arras ideologia ezberdina zuen jendearekin, Anton Abbadiarekin adibidez. Jakin izan zuen lehentasuna ematen herriari eta Euskal Herriko kulturari.

Zer estetika landu duzu zure marrazkien bitartez?

Oso manera librean aritu naiz, inork ez dit ezer inposatu. Estiloan, testuan eta marrazkietan egin dut nahi edo ahal izan dudana. Tintarekin eman nahi izan diot garai horretako gorria, odolaren gorria, Xaho gorria, karlisten gorria, Nafarroa gorria, Zuberoa gorria… kontrastea markatu. Ez dut egin nahi izan oso material modernoa, zaindu dugu azalean garai horretako ukitu erromantikoa emateko. Barneko irudietan, nik nire estiloa dut, nire estilo karikaturala, baina landu nahi izan dut, erromantizismo garaiko beltz hori, eta gero gorriaren kontrastea.

Gelditzeko etorri den liburu bat da, orain arte monografia serio gutxi egin dira Xahoren inguruan, eta hau, nahiz eta komiki formatuan egin, nik uste duina dela, ikerketa lana da eta testuinguru batean txertatua.

«AztiHitza» izenburua nondik dator? Palindromoa da, horrekin zer esan nahi izan duzu?

“Azti-begia” idatzi zuen, zubereraz, eta aztien zibilizazioa erreibindikatzen zuen, baina ez batzuek dioten bezala gauza bibliko bat. Garai horretan frantses apaiz batek atera zuen “Paroles d’un croyant” liburua, eta Xahok egin zuen haren kontra “Paroles d’un Voyant” eta “Azti-begia”, errateko sinisten duena erlijioaren lainopean dela, berak berriz, proposatzen du begiratzea zientzian oinarrituta. Elizari ez zitzaion batere gustatu, eta “Azti-begia” eta “Paroles d’un Voyant” egon ziren debekatuak inkisizioaren zerrendan.

Bestalde, palindromoa eginez, ohoratu nahi izan dut Xaho jostalari eta hizkuntzalari hori, bazekizkien hizkuntza batzuk.

Liburu honek Euskadi saria irabazi zuen. Nola hartu zenuen berria?

Ez zen gutxiago espero nuen deirik. Irringarria izan zen, ze beste idazleek bazekiten izendatuak zirela, baina nik ez dut jakin. Deitu nindutenean etxera, kontseilariak nirekin hitz egin nahi zuela, pentsatu nuen «Aiba, zer egin dut oraingoan?». Zorionak eman zizkidan, sekulako ustekabea izan zen. Jakin nuenean album ilustratu hoberenari zela, ez nekien zein zen, urtean barrena gauza asko egiten baititugu.

Liburu honi ematen ziotela jakin nuenean, bai poztu nintzela, zeren eta, seguru hor badagoela egolatria puntu bat, baita ere diruz laguntzea kreazioa izugarri ondo iruditzen zaidala, baina bereziki aitzakia honekin Xaho ematen baita lehenbiziko lerroan. Saririk politena da Xahori bidea egin diogula.

Zer ondorio izan du saria irabazteak?

Lehen edizioa bukatzen ari da, eta leku frankotik deitu naute ikuskizuna egiteko. Aztertzen ari gara itzulpen posible bat, frantsesera egiteko beste editorial batekin ari gara ikusten, bestela katalanez, edo espainolez, inguruko hizkuntzetara.

Liburua argitaratu eta berehala bidaiaren ibilbidean zehar hitzaldiak egin zenituzten. Nola joan zen?

Zoragarri, sentsazioa gelditzen zaigu jendeak gehiago ezagutu duela Xaho. Lehenik nahi dugu Xaho omentzea, baina baita herri horiek ohoratzea, Xaho bezalako heroi nazionala herri horretatik pasa zela kontatzea.

Nolakoa da eskaintzen ari zareten ikuskizuna?

Xumea da, baina kalitatezkoa. Niretako pribilegio bat da Mariañes Gorostiaga, Xanmari Hirigoien eta Daniel Arbeletxerekin aktore eta deklamazio lanetan aritzea. Musikarekin lagundu gaituzte Jean Mixel Bedaxagar eta Ihitz Iriartek. Auto batean sartzen den ekipo bat da, edozein herritaraino joateko prest dagoen espektakulu integral bat. Badu hitzalditik, badu antzerkitik, pertsonaia batzuk antzezten dituzte, badu kronikatik, badu marrazkitik, eta badu kantutik. Mezua bada, diziplina ezberdinetako lehen lerroko artistekin.

Etapa berri baten abiatuko zarete orain, Xahok egin zuen bidetik kanpora ateratzeko, martxoan, esaterako, Bilboko Loraldian egongo zarete.

Bai, udaberri batez egin zuen bidaia bukatzen ari zaigu, eta orain deitzen gaituzten tokietara joanen gara gustura. Aipatu dugu ere Euskal Etxe batetik deitzen bagaituzte joateko aukera legokeela. Orain Euskal Herrian zehar kontatzea, kantatzea, antzeztea eta loriatzea da xedea.

Naiz