Globalizazioak gure hirietan duen eragina alde zaharretan nabarmentzen da batez ere: bertan gordetzen da ondarea, identitatea eta herriaren memoria, eta bertan egiten dute talka turismoaren presioarekin, urbanismoarekin, eraikuntza historikoen berrerabilketarekin… Ideia horren inguruan hausnartzeko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak eta Iturralde elkarteak urriaren 5etik 20ra luzatuko den jardunaldia prestatu dute. Alde Zaharren Birsorkuntza izenburupean, Tuteran hasi eta Iruñean jarraituko du aurreikusitako programak, Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak atzo ospatutako aurkezpenean azaldu zuen bezala: “Hitzaldi eta mahai-inguruak, dokumental emanaldi bat, argazki erakusketa bat eta Iruñeko alde zaharrean barneratzeko bi bisita gidaturekin osatuko da programa”. Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Diario de Noticias Egunkariaren laguntzarekin antolatu da ekitaldia.
INFORMAZIO ETA EGITARAU OSOA HEMEN
Parte-hartzaileen artean, besteak beste, Juanjo Bienes arkeologoa, Manuel Delgado soziologoa, Ainara Martinez historialaria (IOHLEE), Humberto Astibia geologoa (EHU), Joan Roca i Albert (Ciutat de Barcelona historia museoko zuzendaria), Mikel Sorauren historialaria, Alberto Fz. d’Arlas arkitekuta, Joxe Abaurrea (Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzia), Iñaki Uriarte arkitektoa, Carlos Vilches (NUP-eko irakaslea), Hedoi Etxarte idazlea eta kultur eragilea eta Aitziber Imizkoz (Iruñeko turismo bulegoko kudeatzailea) aurkitzen dira. Jardunaldia, Amaia Apraiz Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko (IOHLEE) kideak zuzenduko du.
JARDUNALDI NAGUSIA, URRIAREN 19AN ETA 20AN Alde zaharren birsorkuntza jardunaldiko egun nagusiak urriaren 19an eta 20an izango dira (ostirala eta larunbata, hurrenez hurren). Inaugurazioa eta irekiera hitzaldia 19an ospatuko da, arratsaldeko 19.00etan, Manuel Delgado soziologoaren hitzaldi batekin, Iruñeko Civican aretoan, eta sarrera librekoa izango da. “Delgadok”, azaldu zuen Nabarraldeko zuzendariak, “alde zaharretan historia nola kanporatu den azalduko digu bertan, dudarik gabe gaia kokatzeko oso baliagarria izango den hitzaldia”.
Hurrengo egunean, jardunaldia goizeko 9:00etan abiatuko da Civicanen bertan, eta arratsaldera arte luzatuko da. Arlo desberdinetako adituen hitzaldiez aparte, azpimarratzekoa da arratsaldeko 17:00etan eskainiko den mahai-ingurua. Iruñeko alde zaharra. Eszenatoki mutanteak izenburupean, Joxe Abaurrea Iruñeko udaleko Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzia, Aitziber Imizkoz Iruñeko turismo bulegoaren kudeatzailea, Hedoi Etxarte idazlea eta kultur eragilea eta Carlos Otxoa alde zaharreko bizilagunen mugimenduko kidea bilduko dira Carlos Vilches Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak zuzenduko duen solasaldian.
Urriaren 20ko jardunaldira joateko, Rekaldek azaldu bezala, aurretik izena eman beharra da. Horretarako inskripzioa zabalik egonen da urriaren 15a arte Nabarralde Fundazioaren webgunean (www.nabarralde.eus).
PROGRAMA OSAGARRIA, URRIAREN 5ETIK AURRERA Jardunaldiaren “zutabe nagusi” hori osatze aldera eta gaiari “beste ikuspegi batzuetatik” heltzeko helburuarekin, antolatzaileek programa ireki eta anitza prestatu dutela azaldu zuten atzo. Hala, urriaren 5ean abiatuko dira ekitaldi hauek, Tuteran ospatuko den mahai-inguru batekin. Hurrengo egunean, urriak 6, Bartzelonako turismo masiboaren kasua mintzagai duen Bye Bye, Barcelona dokumentala emango da Iruñeko Civican aretoan. Leku berean, urriaren 6tik 13ra bitartean, Iruñeko alde zaharreko komertzio eta kale zaharrak gogora ekarriko dituen argazki erakusketa bat ezarriko da Civicaneko sarreran, Hiri bizia izenburupean.
Aktibitate gehigarri bezala, urriaren 16an eta 18an, arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko alde zaharreko jauregi eta eraikin nagusien historian murgilduko diren bi bisita gidatu eskainiko dira (bata euskaraz eta bestea gazteleraz). Aipatu aktibitate guzti hauetako sarrera doakoa izango da, nahiz eta bisita gidatuetarako aldez aurretik izena eman beharko den Nabarraldeko webgunean, antolakuntza errazte aldera.