Menorkan katalana barra-barra entzuten da, ez da estonarik, turista gutiz gehienak itsasoz beste aldekoak, Bartzelonakoak baitira. Qui paga, mana. Hozta Miarritzeren pare dago turisten etxebizitza-ehunekoan, etxeen erdiak arrotzen esku baitaude: Cognac, Bordele, Paris…
Alta, Terra de Hostabarezio in Navarra agertzen da 1300etako paper ofizialetan. Eta gidaliburu mediebal batean Nafarroa dager Navarre, ad Salva usque ad Lucronium, hau da, Biarno-Salbaterratik has, eta Logroñorainoko Erresuma; Donapaleutik Vianara, B alderik gabe. Lauhire-n bat dagite Nafarroak eta Zuberoak eta Biarnok, eta bertan ikusi ditut Erresumako arma higatuak antzinateko zedarrietan. «Nafarroako Erresuma bat eta bakarra da, eta ez da zatikatzen ahal», zioen garai hartako Foruak. Estatu forala bai hura. Baskeland, Basqistan bat munduan.
Beste Aldeak bere beste aldeak dakartza berekin: Gaskonia, eta Okzitania guztia, gehi frankofonia planetarioa, hau da, frantsesek tiranizaturiko herriak. Espainia after-inperialak, beste horrenbeste: Aragoi eta Gaztelatik haste, Andaluzia segidan, eta Latinoamerikako puska handia. Fabulosoa da euskaldunaren bizitza: Bruselan ikasten ahal du, eta Quebec-eko laguna hartu, eta Toulonen eman bizitzen. Edo Buenos Airesen ikasi eta Madrilen familiatu, Beste Aldekoa bada. Hartzen dugun hatsa bezain naturalki. Ihitz hilabetetako paperreria egiten ari da Iruñean instalatzeko, B2 espainierazko azterketa barne. Beste Aldekoa baita, Oihenart bezain arrotza da Nafarroa okupatuan:
La boluntad de su majestad es que no se le muestren nada en los papeles que pide el dicho Oyanarte. Se procede con esta atención con los estrangeros, y mayormente con franceses, y en particular con quien tiene libro escrito ‘De la Ynjusta Usurpación y Retención de Navarra por los Españoles’.
Ihitzek itzultzaile homologatu bati pasa eta paga egin behar dizkio Waloniako fakultateko paperak, espainieraz eman ditzan, eta hala, Iruñe okupatuan euskaraz egiteko bere klienteekin. Konkistaren ondoren, nafartarrei debekatu egin zitzaien Pariseko unibertsitatera jotzea. Herrian defendi zitzaielarik ezeingo ikasketarik. Salamankako edo Zaragozako estudiante tunante, aukera demokratiko naturala izan da mendetan, tippexa bezainbat.
Gallop bisitari ingelesak berba batez definitu zuen euskal izaera: intsularitatea; Euskal Herria uharte. 1930a zen, eta Frente Popular-ak ez zeukan Podemos-en marketina. Espainiar konkistatzaileek, hasteko, argi zeukaten hiru mende atzerago: Los más que andan con nombres de navarros nuestros son navarros de Francia, y todos uno, y la lengua misma.
Bisorraiak ere ez zuen duda handirik egin Beste Aldeaz:
Don Enrique [II] de Labrit tiene en Tierra de Vascos [Nafarroa Beherea] que esta en su obediencia, y en Sola [Zuberoa] y Laborte [Lapurdi], que aunque son tierras de Francia no dexaran de seguille, mas de siete mill hombres.
Bestealdekotzeak bizi gaitu. Ohartu zarete zenbat peaje pagatu behar diren Herriaren zeharkatzeko? Baiona-Bilbo 4 sari: 17,60 €. Tutera-Baiona 13,10 €. Ez dago peajea bezalakorik herri bat desegituratzeko. Horrexegatik da ez pagatzen Bilbo-Castro edota Iruñea-Jaka. Espainiak eta Frantziak adostu zuten herio-zigorra ezartzea mugarriak erauzten zituenari. Inork erauzi ohi ote zuen mugarririk? 1659an eszenifikatu egin zen behin betiko zedarritzea Intzura Haundia uhartean: Bidasoa gainean, bi bazterretatik ekidistante. Intzura, Gallopen intsula, okupatua.
Izena duen guztia ba omen da. Omen horretan datza arazoa, ezezagutzan. Ezagutu nahi da Beste Aldea? Interesa zaigu egiazki, folklorada puntualetik harago? 2006ko inkesten arabera, aldeek ez dute interes bera erakutsi elkarri buruz; galdekaturik zein lurralde limitroferekin daukaten harreman gehien, honatx nafartarren ehunekoak: 54 EAErekin, 17 Errioxarekin, 14 Aragoiekin… eta, azkenik, 4 pelatua Iparraldearekin. EAEkoen ehunekoak: 36 Nafarroa Garaiarekin, 15 Kantabriarekin, 12 Burgos eta Errioxarekin… eta, hondarrean, 5 Beste Aldearekin. Iparraldeak, berriz, 33 Beste Aldearekin, eta, ondotik, 20 Landekin, 18 Akitaniarekin, 14 Biarnorekin… Landetan euskara barra-barra entzuten omen da asteburuetan, oporretako etxea daukatenek hala diote; Jakan eta Castron fenomeno bera egiaztatua izan da. Kanpora joan gara gu gure Menorkaren xerka, asteburuetan euskara ozta-ozta bilatu beharra da Donapauleko edo Lohizuneko ostatu eta karriketan.
Izan, Beste Alderik ez da. Ez eta Alde Hau ere: alaba inskribitu dut Espainiako enbaxadan, Baionan, frantses suprefeturatik gertu: piper-potoa leihotik dilindan, CRSen usaiako furgona atarian. Haurra bi identitateren jabe; eta bakar bat zinezkoa baleuka bederen! Edo faltsuetariko bat ez hostil behinik behin… Baina deus ez gara, ez alde honetan ez eta bestean ere: homologaziorik gabeko holograma, nazio foral, joko floral, presque country. Nafarroa Garaiak bere komertzioa bideratzen zuen 1800etan: %62,3 hiru probintziekin; %37,2 Beste Aldearekin eta Europako ordokiarekin; Espainiarekikoa %0,5 zen artean.
Espainiak gero bi gerra irabazi zizkigun, komunalak saldu eta mutilak eraman eta aduanak bortuetara mugiarazi eta burbuila immobiliarioa donutsa bezain naturalki hazi zen gure labeetan, txuloa eta guzti. Harreman ekonomikoak sasiko egin ziren, gauez eta euskaraz, kontrabandoaren etiketapean; aduanero eta idazle arrotzak –batzuetan pertsona berak– aberastu egin ziren Lotilandia hartatik, ibar pirenaikoak krisi endemikoan hondoratzen ziren bitartean.
Mogelek Beste Aldeko iheslari bat txertatu du pertsonaien artean, haren hizkeraz; eta ongi, sinesgarri. Begien aitzinean dauzkat Hunbelino eta Moises osaba zaharrak, Aturri aitzinean, 1936an. Beharrik hor izan da Beste Aldea, bertara jotzeko iheska. Baionan konspiratu izan da beti Kausaren alde; XVI. mendeaz geroztik, eta GonzALez arte. Beste Aldekoek poteoa, Batuaren ernamuina, ikastolak eta Olentzero ekarri zituzten berekin; hibridazio dialektala obratu zen, eurekaz eta haiekilan girelarik eta gagozenean. Xahok Gasteiz zeukan Beste Aldea, Txillardegik Hazparne, tiraniaren kontrako konspiragune.
Joxemiel Bidadorri pastorala eskaini diote, antologikoa. Hala ere, nago Joxemi zenak ez zuela kantarekin bat eginen: «Hizkuntzak leiho dira etxean, argi eta aire iturri / Gure etxeak bi ditu-eta, ez gaude horretan urri». Mantxuuuut? Hiztegia eta iruditeria zehazte aldera: guk geure leihoa badaukagu; horren bitartez mundua ikusten dugu, eta gure burua munduan kokatzen. Arazoa dugu, goiko auzoak sekulako zuloa ireki digula etxeko sabaian, eta beheko auzoak zoruan, eta bi zulotzar horietatik gaitzeko haize-zirimola sartu egin zaigula etxean, eta gutxik egin du ez bagaitu guhaur ere harekin xurgatu, grabitaterik gabeko hutsera jaurtikiz. Bi leiho dauzkagula? Guk egina, bat eta bakarra. Beste biak butroi hutsak dira, pasabide inperialak tiranoak iragan daitezela gure intsularen okupatzera. Milurteko pogromaren jomuga gara, eta uhartearron arteko egiturak suntsitzea puntu nagusia da ezabatze programatu horretan.
Gu, guhaurko euskaldunok…
…Ohartuko gara inoiz etxeko leihoaz beste aldean dagoen hori ez dela geure burua baino, islan? Marrakukua ez dela Kukumarroa besterik? Gai ote gara oraindik naturaltasunari behatzeko, ukazio luzearen ondotik? Eta, ikusirik banalitatean ez dugula asmatzen, oinarrizko atazetara pasatuko gara segidan?: tirano arrotzak ohildu, ohoin-zuloak tapatu, zedarriak etzanarazi gure burua berrosatzeko visconte dimezzato baten gisan, kanoikadek [bortu]bizkarra erdibitu ondotik; eta orbanak sendatu, leihoa zabaldu, eta Euskaldunen Nazioa biziarazi, gura dugun gisan, ostera ere.
Gure zaharrak errana:
Guk errespetatuak izan nahi dugu Pirinioz bi aldeetan, bai Historiak ezarri gaituen bi estatuetan [kale], bai eta bihar euskaldunok ageriko dugun Super-Estatuan ere.








