Nabarralde elkarteak bere urteko saria datorren asteartean eskainiko die Iparraldeko lagun batzuei Baionan, Kanaldudek egin film dokumental batean agertzen diren Orreagako Gatazkaren historiaz egin dituzten lan batzuengatik. Bistan da Euskal Herri osoa izozten hasia zaigun garaian, gozo da abuztuaren 15ean, ziur aski egun bero batez gertatuaz gogoratzea. Orreaga Nafarroako erresumaren pizgarri izan zela, orduko euskal leinuek bat egiten ikasi zutela, toki horren izena Europa osoan hedatu zela nahiz orria lapar bilakatuz erdaretako itzulpenetan. Lapar gune hori lapur bilgune bilakatu zela zioten orduko kronikalari embeded-katuek: euskaldunak gaizto, lapur, kixkil eta guzti, beste bazter batzuetan ere hori entzun dugu. Baina badakigu inperio handietako manatariak erraz gaitzitzen direla txikiak oldartzen direlarik eta uztar itsusi bat hartzen dutelarik. Beude beren egiekin; guk gurea aski genuke.
Kondairek, mitoek, toki handia hartzen dute Historian. Karl der Gross, Karlomagno Handiak omen eskola asmatu zuen (frantses eskola bistan da, ez ikastolak!), eta gogoan dut urtarrilaren 28an ospatzen genuela hori lehengo denboretan, baina gaur ahantzia da. Bizarra lore zuena kristau handia zen, eta zerura zuzenean hamar milaka saxoiak bidali zituen Aita Santuak enperadore koroa jarri aurretik.
Mitoek eta gezurrek hazi dituzte inperioak, gu gure Lamin zulo edo erreketako Mari polit eta harpeetako Andere Xuriekin ginenean oraindik. Bakoitzari bere kondaira. Gurea ez da hain itsusia!






