Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira. Salbuespenik gabeko baieztapena da hori; kasu guztietan eta mundu osoan, hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira.
II. Mundu Gerraren testuinguruan, armada germaniarrak, akuilu naziak eraginda, Europako mugak suntsitu eta aurrera egiten zuen neurrian, konkistatutako lurraldeak «germanizatzeko» lana hasten zen. Ederki aski zekiten naziek lurralde bat militarki okupatzea ez dela nahikoa iraunkorki eskuratzeko. Horretarako, aurkaria fisikoki suntsitzeaz gain, funtsezkoa, ezinbestekoa da identitate aldaketari ekitea. Prozesu horri «germanizazioa» deitu zioten. Boterea behin eskuratuta, haien nahiak zintzo-zintzo beteko zituen gobernu txotxongiloa sortzea zen lehen pausoa, bere bitartez, germanizazioa erraztuko zuen politika abian jartzeko. Politika hori, nagusiki, hizkuntza politika zen. Txekian eta Eslovakian, esate baterako, alemana hizkuntza ofizial izendatu zuten, hezkuntza sistemaren jabe egin ziren, unibertsitateak itxi eta bertako herritarren adierazpen kulturalak debekatu zituzten. Aurrerago, administrazioaren hizkuntza izendatu zuten alemana, eta, ondorioz, hiri eta herrietako paisaian ugaldu egin zuten alemanaren presentzia. Naziek argi eta garbi zuten, boterea erabiliz, bertakoek osaturiko gobernu kolaborazionista baten eskutik, hezkuntza sisteman eraginez eta sistema horren bitartez, hizkuntza ordezkapena ekarriz bakarrik germanizatzen ahal zutela konkistatutakoa. Zorionekoak txekiarrak eta eslovakiarrak, ez zuen asko iraun amesgaiztoak.
Euskal Herrian, ordea, naziek germanizatzeko helburuz aplikatzen zuten hizkuntza politikaren ezaugarriak askoz ere urte gehiagotan aplikatu dira, eta ez bakarrik frankisten eskutik, beste garai batzuetan ere pairatu behar izan dugu boterearen arrazoia erabiliz gure identitatearen suntsiketa bilatzen zuen hizkuntza politika zitala. Administrazioan euskara ezin erabiltzea, hezkuntza sisteman euskaraz ikastea eragoztea, gure adierazpen kulturalen gaineko debekua, hizkuntza erabiltzeko debekua eta abar politika iraunkorra izan da ehunka urtez. Euskaldunak espainolizatu gabe ezin da Espainia eraiki, ezin da lurraldea kontsolidatu. Homogeneizazio identitarioa behar eta nahi dute Estatuek boterean betikotzeko.
Urteetan etengabe aplikatu zaigun hizkuntza politika hori da, beraz, Euskal Herrian Estatuekin duen gatazkaren adierazpiderik gordinena. Gure hizkuntza eta kulturaren iraupena da herri moduan lor dezakegun garaipen garrantzitsu bakarra. Botere gatazka pizten duena, bere muinean, hizkuntza gatazka da, gurea ez baita lurraren aldeko borroka, identitatearen aldekoa baizik. Ezin da ulertu Euskal Herriko egoera ez bada errealitate hori behar den sakontasunarekin aztertzen, eta, ondorioz, gatazka politikoaren konponbidean lan egin nahi duen orok gai hori erdigunean kokatu behar du edo okertuko da zeharo.
Gauzak horrela, harridura eta amorrua sortzen dit Euskalgintza Aieteko Nazioarteko begiraleekin aurrez aurre bildu ez izanak. Nork azalduko die nazioarteko seiei errealitate hau? Nork esango die bitartekaritza lana egin behar duten pertsona zintzo horiei konponbiderik ez dagoela gure hizkuntza normalizatzeko erabateko burujabetasuna eskuratu ezean? Nork azalduko die gaur egun, oraindik ere, gure identitatearen suntsiketa lanetan ari direla? Aietekoek ez diote oraindik Euskalgintzari entzun, aholkulariak ez dira fin ibili.
Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werten erreforma asmoak dira azaltzen ari garen politika suntsitzaile horren adibiderik garbienetako bat. Azken 30 urteotan egin ez duen bezala, oraingoan mozorrorik gabe aurkeztu dizkigu bere asmoak Espainiak. Euskal Herria espainolizatu nahi dute, naziek Txekia eta Eslovakia germanizatu nahi zuten bezalaxe, eta, horretarako, boterea erabiltzen dute. Ez ahaztu inoiz, irakurle fin horrek, hizkuntza gatazkak botere gatazkak direla. Wertek gure hizkuntzen normalizazio prozesuak eragotzi nahi ditu, elebakarrak sortzen segitzen dela bermatuz. Erdal elebakarra da espainolizatzearen helburua duten horien ezinbesteko tresna. Elebakarrak dauden bitartean ezin izango dugu gure hizkuntza erabat berreskuratu. Horregatik goraipatu du Wertek EAEko hezkuntza sistema, eta Kataluniako sistemari eraso egiten dio, zer eta gurea erabiliz. Guk, oraindik ere, gure hezkuntza sistematik erdal elebakarrak behar baino gehiago gizarteratzen ditugu. Horrexek pozten du Wert.
Naziek beren asmoak garatzeko Gobernu txotxongiloa erabiltzen zuten. Bertako Gobernuek orain arte ez dute adorerik izan hezkuntza sistemaren erreforma egiteko belaunaldi berriak oso-osorik euskaldun atera daitezen gure ikastetxeetatik. Muzin egin diote erreforma horri orain arteko Gobernu guztiek. Oraingoan aitzakiarik ez dagoela uste dut. Eusko Jaurlaritzaren osaketa berriak gehiengo nagusia eskaintzen du behingoz hezkuntza sistemaren erreforma egiteko. Beraz, lehen egunetik Gobernu berriak erabaki bat hartu beharko du: Werten erreformari men eginez espainolizatzearen helburua duten horiekin kolaboratu eta elebakarrak sortzen segitu edo, hezkuntza sistemaren erreformari ekinez, belaunaldi berriak oso-osorik euskaldunduko dituen euskarazko murgiltze eredu bakarra ezarri. Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira, boterea euskara normalizatzeko erabili nahi ote den erabakitzea da kontua.






