Porrotaren binomioa

Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa

Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea ez direla errentagarriak agerian utzi du Rosario Brinquisek, azpiegitura horiei buruz egindako ikerketa lanaren eskutik.

Datuak mahai gainean jarri ditu. Eta zalantzarako tarterik ez dute uzten: ehunka milioi euro jaten duen zulo beltza dira Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea. Porrot egin du binomioak. Rosario Brinquisek Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa izenburuko lana egin du. Azterketa hori Zaragozako Unibertsitatean garatu du, Pedro Arrojok zuzendu uraren kudeaketari buruzko masterraren barruan.

Urtegiaren eta ubidearen atzean dauden zenbakiak agerian utzi ditu Brinquisek, Itoizko horma eraikitzen hasi zirenetik ia hogei urte igaro direnean: urtegiak, Nafarroako ubidearen lehen faseak eta lehen faseko lurrak ureztatzeko lanek 1.751 milioi eurotik goitiko kostua dute. 30 urteko eperako azterketa egin du egileak. Proiektu osoaren aurrekontua 1.359 milioi euro ingurukoa zen, orain arte egin dena eta ubidearen bigarren fase osoa kontuan hartuta.

Datu horietatik abiatuz, lanak hiru ondorio nagusi nabarmentzen ditu: proiektua ez dela errentagarria gizartearentzat; lanpostu gutxi sortzen dituela; eta ur horniketarako egindako aurreikuspenak errealitatetik urruti direla. Nafarroako Gobernuak ezinbertzeko proiektutzat jo izan du beti Itoizko urtegia; funtsezkotzat, herrialdea garatzeko. Datuek erakusten dute aurreikuspen horiek batere funtsik gabeko oinarria bazutela. Bertzela erranda, zuzen zirela Itoizko urtegia beharrezkoa ez zela ohartarazten zutenak.

Proiektuak egindako inbertsioa berreskuratzeko gaitasun mugatua da arazo nagusietako bat. 1.751 milioi euroko kostua dute Itoizko urtegiak eta ubideak, baina azpiegitura horiek zati txiki bat berreskuratzeko aukera baino ez dute ematen: %27, bakarrik ubidearen lehen fasearekin. Bigarrena eginez gero, %28ra baino ez litzateke igoko. Kostuak berreskuratzeko bidea dira, bertzeak bertze, nekazariek ordaintzen duten kopurua eta urtegiko zentral hidroelektrikoen jarduera.

Brinquisen ondorioak argiak dira: «Proiektuak 30 urteko epean eraginen lukeen ekoizpen gordina proiektuak eragindako kostuak baino nabarmen murritzagoa da; ekoizpen gordinak epe horretan 1.296 milioi euroko kopurua emanen luke; kostua 1.751 milioi eurokoa izanen litzateke, %35 gehiago, alegia; proiektua, beraz, ez da errentagarria gizartearentzat».

Horri lotuta, bada nabarmentzeko bertze kontu bat: gastatutakoa berreskuratzeko gaitasunik ezak Europak ezarritako uraren zuzentarauaren aurka egiten duela. Zuzentarau horrek jasotzen baitu funtsezkoa dela gisa horretako azpiegiturek kostuak berreskuratzea.

Enpleguei dagokienez, nekazaritzari lotutako merkatuaren egoerak ondorio du Nafarroako ubideak ureztatutako lurretan laboreak ereitea, batez ere, eta, beraz, lanpostu gutxi sortzen direla nabarmendu du Brinquisek: «227 lanpostu urtean. Kontuan hartu behar da batez ere artoa ari direla ereiten». Lehen faseak 22.300 hektarea jasotzen ditu.

Hirugarrenik, lanean agerian gelditu da ur horniketarako erabilerak hagitz gutxi garatu direla; espero baino nabarmen gutxiago. «Aurreikuspena zen ur horniketarako urtean 60 hektometro kubo bideratzea; erabiltzen ari diren ur kopurua 2,7 hektometro kubokoa da». Ur sarean 48 milioi eurotik goitiko inbertsioa egin da, ura herritarren esku jartzeko. Urtegiak 418 hektometro kuboko gaitasuna du.

«Proiektuak, ziurrenik, eragin positibo zehatzak izanen ditu, baina, oro har, urtegiari eta ubideari buruz lanak ematen duen ikuspegia ez da batere itxaropentsua, egungo datuak kontuan hartuta aurreikusten den errentagarritasunak ez baitu egindako gastua justifikatzen».

Brinquisen lanak, gainera, egileak berak azpimarratu duenez, ez ditu kontuan hartu Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako ingurumen kostuak. «Proiektuak ingurumenean eragindako kalteen inguruko jarraipenari buruzko daturik ez dago. Horrek anitz zailtzen du etorkizunean ikerketak egiteko aukera, proiektua egin aurretik eta ondotik ingurumenaren egoera ezagutu ahal izateko».

Analisi ekonomikoa da Brinquisek egin duena, eta hark jasotako datuetan ere, ondorioz, ez da islatzen urtegiari eta ubideari lotutako gizarte gatazkak izandako eragina. Ezin da bazter utzi, ordea, hogei urtez urtegiaren aurka aritu zirela egun urtegiaren azpian diren herrietako biztanleak.

Gizartea bitan zatitu zuen Itoizko proiektuak, eta hogei urte luzez porlanezko horma batek erabat baldintzatuta bizi izan ziren Itoitz, Artozki, Agoitz eta inguruko herrietako bizilagunak. Urtegia egiteko, hain zuzen ere, Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi eraitsi zituzten 2003. urtean, bai eta Nagoreren erdia ere.

«Europako baratzeko eredu»

Herriok «gizarte osoaren interesaren alde» eraitsi zituen Nafarroako Gobernuak. Erakunde horretako agintariek behin eta berriz errepikatu dute, hain zuzen, Nafarroaren garapenerako ezinbertzekoak direla Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea. Are gehiago, azpiegitura horien arrakasta nabarmendu izan dute, behin baino gehiagotan.

2006an, halaxe mintzatu zen orduko Nafarroako presidente Miguel Sanz: «Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa Espainiako ur azpiegitura nagusietako bat da; haren eskutik, Espainiako nekazaritzaren garapenerako giltzarri bilakatzen da Nafarroa, Europako baratzeko eredu».

Errealitateak zer ikusteko gutxi du Sanzen diskurtsoarekin, Brinquisen lanak agerian utzi duenez. Antz handia du, ordea, urtegiaren aurkako borrokan parte hartu zuten hainbat adituk iragarritakoarekin. Pili Yoldik eta Fito Jimenezek koordinatu Itoitz 1994 txostenean, adibidez, argi eta garbi esaten zuten Nafarroako ekonomiaren ikuspuntutik lehorreko lurrak ureztatzeko inbertsioa ez zela errentagarria. Txostenean salatu zuten, halaber, ustezko errentagarritasun horri buruzko ikerketarik ere ez zutela egin urtegiaren eta ubidearen bultzatzaileek.

Hori kontuan hartuta, 1990eko hamarkadan jada Nafarroako ubidearen bigarren fasea ez egiteko aukera jarri zuten urtegiaren aurkakoek mahai gainean. Susmo hori bazuten. Egun, Nafarroako Gobernuak berak egindako urratsek jarri dute bigarren fase hori kolokan.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Lan eta Ingurumen kontseilari Lourdes Goikoetxeak bilera egin zuen joan den otsailaren 20an Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministro Miguel Arias Cañeterekin. Bilera hartan Nafarroako ubidearen bigarren fasea berraztertzeko beharra jarri zuen Goikoetxeak mahai gainean. Eta jarrera horri eutsi zion joan den martxoan Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. «Bigarren fase hori egiteko modurik egokiena aztertu behar dugu, eta bertzelako alternatibak kontuan hartu. Agerikoa da egungo egoera ez dela duela hamabost urteko bera».

Trukean, lehendabiziko fasea handitzeko asmoa agertu du Nafarroako Gobernuak, Tafalla eta Sesma artean. 15.000 hektarea hartuko lituzke lehen faseko bertze zati horrek. Martxoko agerraldian, Goikoetxeak erran zuen Nafarroako Gobernuak erabakia bizpahiru hilabetean hartuko zuela. Oraindik ez dute deus argitu.

Brinquisen lanak oraindik garatu gabeko ubidearen faseei ere egiten die so. Gomendioa argia da: lehen faseko hutsak eta lan egiteko moduak bazter uztea, «inbertitutako diru publikoari, bai eta eragindako ingurumen kostuei ere, ahalik eta errentagarritasunik handiena ateratzeko». Hori lortzeko, proposamen zehatzak egiten ditu Brinquisek: «Kostuak berreskuratzeko indarrean dauden oinarriak ezartzea; informazioa zabaltzerakoan gardentasunez jokatzea; eta herritarren parte hartzea sustatzea». Hau da, orain arte egin ez dena egitea.

Pedro Arrojo. Zaragozako Unibertsitateko irakaslea

«Negozio txarra egin du Nafarroak Itoitzekin»

E. Elizondo Iruñea

Itoizko urtegiaren aurka hasieratik lan egin du Pedro Arrojok (Madril, 1951). Uraren Kultura Berria fundazioko bultzatzaile nagusietako bat da.

Zuk zuzendu duzu Rosario Brinquisen lana. Zer deritzozu?

Bazela garaia lan hori egiteko. Denborak erakutsi du arrazoi osoa genuela Itoizko urtegiari ezetz erraten genionok. Brinquisen lanak horixe ondorioztatu du. Hortxe daude datuak. Paperean jasota.

Urtegia egina dago, ordea, eta Nafarroako ubidearen lehen fasea ere bai.

Proiektu horiekin negozio hagitz txarra egin du Nafarroako gizarteak. Kudeaketa publikoaren bertze hainbat esparrutan ikusi duguna ikusi dugu proiektu horren atzean ere: uraren kudeaketa pribatizatu egiten dela, baina ez oro har, baizik eta bakarrik inbertsioa egiten duenarentzat errentagarritasuna bermatuta gelditzen den ataletan. Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea arrakasta handitzat aurkeztu dituzte Nafarroako agintariek herritarren aurrean; kontuak egin, eta agerian gelditzen da jarritako diruaren %80tik goiti ez duela berreskuratuko estatuak. Nafarroako gizartea ez da nekazaritza gizarte bilakatuko proiektuon eskutik. Eta sortu diren lanpostuen kopurua hagitz eskasa da.

Inbertsioa egin duenaren errentagarritasuna aipatzen duzunean, itzalpeko ordainsariaz ari zara, ezta?

Bai. Itoitzen, batetik, berreskuratzeko inolako asmorik gabe jarri den diru publikoa dugu. Dirutza. Bertzetik daude ustez bitartekaritza lana egiteko sortu diren enpresa publikoak, Aguacanal adibidez. Enpresek osatutako finantza egitura oso bat dago hor, eta diru publikoa erabiltzen du. Hirugarrenik, sektore pribatua dago. Pribatua denez, hor inork ezin du dirurik galdu. Eta, horregatik, esparru hori pribatizatu egiten da, eta ura negozio bilakatzen da. Argi dago Itoitz egiteak dirutza publikoa xahutuko duela; baina enpresa pribatu horiek daude neurgailuak dauden tokian. Kobratu ahal izanen duten tokian. Merkatua bereganatzen dute, eta, funtsean, monopolioa dute. Onurak pribatizatu egiten dituzte, eta galerak, berriz, gizartearen esku uzten dira. Enpresa horiek daude ura banatzen den tokian. Nekazariak ura jasotzeko ordaindu egin behar du.

Eta nekazarientzat errentagarria da proiektua?

Ez. Ustez, Nafarroako ubidearekin Nafarroa paradisu bilakatu behar zuten; denetarik erein eta landu ahal izanen zela erraten zuten proiektuaren bultzatzaileek. Baina errealitatea ez da hori. Errealitatea da guk aspaldi erran genuena, Europak diruz lagundutako laboreekin ari direla lanean. Horrekin ezin da Itoitzen eta ubidearen gisako obra bat ordaindu.

Lehen fasea baino ez dago egina; bigarrena berraztertu behar omen dute. Zer deritzozu?

Nik ez dut uste bigarren fasea eginen dutenik. Ez dute onartu nahi atzera egin behar dutela, baina ari dira proiektua bazter uzteko bidea bilatzen. Bertzeak bertze, dirurik ez dagoelako.

Bigarren fasea egiten ez bada, agerian geldituko da proiektu osoa.

Lotsagarria da Itoitzekin gertatu dena. Nik uste dut eztabaida sakona eta zabala behar dela proiektuari buruz.

Zaila da, oraindik ere, halako eztabaida bat martxan jartzea?

Bada, bai. Kosta egiten zaigu gaizki egin dena agerian uztea. Proiektu batek ez badu ustez eman behar zuena ematen, norbaiti eskatu beharko genioke erantzukizuna. Baina hori hemen ez da gertatzen. Autokritikarako gaitasunik ez da. Baina kontua hori da; milaka milioi xahutu dugula, eta zertarako? Proiektua justifikatuko lukeen lanposturik ere ez da sortu. Erantzukizun politikoak badira.

Uraren Kultura Berria fundazioak batzarra eginen du Beiren

Itoitz izanen da protagonista nagusietako bat Uraren Kultura Berria fundazioak asteburuan Beiren (Nafarroa) eginen duen batzar nagusian. Ostiraletik igandera bitarte, Itoizko urtegiari eta Nafarroako ubideari buruz eginen dute eztabaida parte hartzaileek. Larunbatean, goizez batzarra eginen dute fundazioko kideek. 18:00etatik aurrera, Itoitzi hainbat aldetatik eginen diote so. Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia irakasle Pedro Arrojok, Rosario Brinquisek eta Juan Jesus Corcin Erriberriko nekazariak parte hartuko dute. Juan Antonio Sainzek Lizarraldeko nekazariak ordezkatuko ditu, eta Ignacio Gil nekazaritza ereduez ariko da. Igandean amaituko da topaketa.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2012-05-16/020/001/Itoizko_zuloa.htm