Mende laurdeneko zatiketa
25 urte beteko dira gaur Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu eta lurraldea hiru eremutan banatu zuenetik
Euskalgintzako eragileek «mugitzera» deitu dute gizartea, legea aldarazteko
Nafarroako Parlamentuak 1980an, Foru Hobekuntza izanen zenaren oinarriak sinatu zituenean, 33 bozekin —garai hartako alderdi sozialistarenak barne—, euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen, eta proposamena Madrilen defendatzeko ordezkaritza izendatu. Orduko parlamentuak, ordea, ordezkaritza horretatik kanpo utzi zituen indar abertzaleak. Hamar bilera izan ziren Madrilen, baina horien akta bakarra dago. Madrildik bueltan, euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Hala jaso zuen 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzak, espainiar estatu osoan erreferendumera deitu gabeko estatutu bakarrak. Eta irizpide horretan oinarrituz egituratu zen Nafarroako Euskararen Legea, 1986ko abenduaren 15ean. Parlamentuak sei urte lehenago ebatzi zuenetik urrundu, eta hiru eremutan banatu zuen Nafarroa, eta eremu euskaldunerako bakarrik gorde hizkuntzaren ofizialtasuna. Gaur beteko dira ordutik 25 urte.
Patxi Zabaletaren arabera, Madrilen gertatu zena «tranpa» izan zen. Garai hartan Iruñeko Udaleko HBko zinegotzi zenak, gainera, argi dauka zeintzuk izan ziren horren erantzuleak: «Nafarroari tranpa edo kalte hori egin ziotenak bertakoak izan ziren, eta ez Madrilgoak. Eremuaren kontzeptua ez zuen Madrilek ezarri, hemengoek baino». Nafarroa euskarari zegokionez eremuetan banatzea izan zen, hain zuzen ere, eztabaida handiena piztu zuen erabakia.
Horren ondorioz, eta eremu euskaldunean bakarrik ez Nafarroa osorako ofizialtasuna eskatzen zutelako, legeari ezezkoa eman zioten 1986an EAko hiru parlamentariek (HBko seiek ez zuten ordurako instituzioetan parte hartzen). Kontrako argudioengatik, eremu mistorik onartzen ez zuelako, bozketan abstenitu egin zen UPN. Eremu euskalduna eta erdalduna banatzea baino ez zuen onartzen alderdi horrek.
Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariaren ustez, eskuindarrren jarrera hark erakusten ditu aurrera egiteko ziren zailtasunak: «Gauzak zer diren, eremu mistoa ezartzea lorpena zen ia».
Hala ere, batzuen eta besteen kontrako jarrerekin ere, aurrera egin zuen legeak, PSN —Gabriel Urralburu orduko Nafarroako Gobernuko presidentea— eta orduko eskuineko beste hainbat talderi esker.
Zatiketaren ondorioak
IKAko arduradun Sagrario Alemanek dioenez, euskalgintzan lanean zebilen jendeak «oso gaizki bizi» izan zuen legearen onarpena, ez zelako «ez eskubide pertsonaletan ez lurralde eskubideetan» oinarritzen. «Sentimendu bortitz bat» du gogoan Zabaletak, eremuetan banatzeko lege ereduak «ez baitzuen antzekorik ez Europan eta ez beste inon ere». Zonifikazioak, ordea, beste inon antzekorik ez izanagatik, aurrera egin zuen.
Beste erabaki batzuen artean, eremu erdaldunean euskaraz ezin ikasi ahal izatea ekarri zuen horrek, gerora horrek sortu dituen arazoekin. Iruñea eremu mistoan geratzeak ere ekarri zuen ika-mika, administrazioaren egoitza gehienak han daudelako eta ez delako bermatzen euskarazko harremanik. Zatiketa, Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen elkarteko lehendakariaren ustez, «hizkuntzarentzako, demokraziarako eta herritarren eskubideentzako gaitza izan da».
2000. urtean, eremu banaketan beste urrats bat eman nahi eta Euskaren Foru Dekretu berria onartu zuen Miguel Sanzek gidatutako gobernuak. Besteak beste, eremu mistoan elebitasuna ezabatu eta administrazioko lanpostuetarako euskararen eskaera mugatu nahi izan zituen UPNk neurri horren bitartez. Eremu mistoa eta erdaldunak bat egiteko asmoa ikusi zuten askok Sanzen jokaeran. Hau da, 1986an UPNk lortu ez zuen hura —Nafarroan bi eremu baino ez ezartzea— lortzeko ahalegina.
Neurri horrek haserrea piztu zuen jendartean. Euskalgintzan ziharduten eragile ugari biltzen zituen Oinarriak plataformak 48.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Nafarroako Parlamentuan, euskara lurralde osoan ofizialtzat hartuko lukeen lege berria eskatuz. 2001eko urtarrilean 27.000 pertsona inguruk parte hartu zuten plataformaren manifestazioan. Euskararen Legearen aurka inoiz izan den mobilizaziorik handiena izan zen ordukoa.
UPNren erabaki hori adibide gisa hartuta salatu du Alemanek Euskararen Legeak urtez urte izandako aplikazioa: «Murritza zena aplikazioan are murritzago ulertu dute agintean egon direnek». Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, bat dator iritzi horrekin: «Lege murritzaren irakurketa murritzago bat baliatu dute agintariek».
Ezer gutxi aldatu den legea
1986an onartu zenetik, behin baino ez da aldatu izan legea. 2010ko otsailean izan zen, eta ordura arte eremu ez euskaldunean zeuden lau udalerriri —Aranguren, Galar, Belaskoain eta Noain— eremu mistoan sartzeko aukera eskaini zien parlamentuak, PSNren, IUren eta NaBairen aldeko bozekin, eta CDNren abstentzioarekin. Azken hori gobernutik bota zuen UPNk gainera, erabakiaren kontra ez bozkatzeagatik. Aukera duten udalerrietatik Noain izan da honezkero eremu mistoan sartu ez den bakarra, UPNk gehiengo osoa baitu Iruñerriko udalerri honetan.
Hil honetan bertan Nafarroako Parlamentuak legearen aldaketa proposamen berria eztabaidatuko du. Ezkerra koalizioak aurkeztu du, eta egungo eremu ez euskaldunari eremu mistoaren ezaugarriak ematean datza. Hau da, bi eremuak bakarra bilakatzea. Koalizioko parlamentari den Txema Mauleonen ustez, egun indarrean dagoen legea «ez da inondik inora nahikoa» eta hartara dator aurkeztutako mozioa: «Urrunago joatea gustatuko litzaiguke, baina proposamen hau adostasun maila handia lortzeko modukoa dela uste dugu».
Bilduk eta NaBaik mozioaren alde bozkatuko balute ere, PSNren babesa beharrezkoa litzake aldaketak aurrera egiteko. Edonola ere, Roman Felones PSNko parlamentariak aurreratu du bere alderdia ez dela proposamenaren aldekoa, ez duelako onartzen «eremu ez euskaldunaren desagerpena». Legeak 25 urtetan izandako bilakaera «erabat positiboa» dela uste du Felonesek. «Eremu banaketa egin izan ez balitz, legerik ez» legokeela ere uste du PSNko parlamentariak, baina ez dizkie ateak ixten balizko aldaketei: «Beti ere txostenek diotenaren arabera, pixkanaka eta era mailakatuan».
Gizartea, aldaketaren motor
Parlamentuak aldaketarik onartuko ote duen jakiteko goiz den arren, orain arte egindako aldaketa txikiak «ongi etorriak dira» Paul Bilbao Kontseiluko eledunaren ustez, baina «egiturazko aldaketak» behar direla uste du. Izan ere, Euskararen legea «herritarren arteko diskriminazio eragin» duela uste du, «nafarrei eskubideak bizi diren herrien arabera aitortzen» zaizkien heinean. Iritzi bertsuak dituzte euskalgintzan diharduten eragile gehienek. Mariñelarenak, kasu, zonifikazioak eremu ez euskalduneko ikastolak «alegaltasun egoeran» utzi dituela salatzen du.
Gaurko egunean ezer gutxi ospatzeko dagoela diote euskalgintzako eragileek. Baina, era batean ala bestean, deia luzatu nahi diote Nafarroako gizarteari, legea aldarazi dezan. Alemanek, esate baterako, jendartea «lasaitu» dela uste du, baita «etsipenak» eragin diola ere. Baina itxaropentsu agertu da herritarren aukerekiko, «gizartea aldatzen dugun heinean aldatuko baita administrazioa ere».
Izan ere, Zabaletak dioen moduan, «gizarteak bultzatu du euskara aurrera Nafarroan». Bujandak ere argi dauka: «Agintariak ez du legea aldatuko, guk sortu behar dugu aldaketa». Bilbaok, azkenik, «euskaraz biziko den masa sozial indartsua» aktibatu behar dela uste du, «izan bagarela erakusteko». Eta hori «harrotasunez» egitera deitzen du.
Aldaketaren ondorioz eremu mistoan sartutako herriak.
Azken legealdian egindako lege aldaketaren ondorioz, hiru herri gehiago sartu dira eremu mistoan: Aranguren, Belaskoain eta Galar. Noainek ere aukera du, baina udalak (UPN) ez du horretarako eskaririk egin.
Bilduk lege «baztertzailea» gainditzeko eskatuko du
Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea jasoko duen lege bat egiteko eskatuko dio Bilduk Nafarroako Gobernuari. Euskararen Legearen urteurrenean, Bilduk eskari hori bideratzeko mozio bat aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan. Bilduko legebiltzarkide Maiorga Ramirezek eta Aitziber Sarasolak azaldu dutenez, euskal hiztunen eskubideak herrialde osoan bermatuko dituen lege bat beharrezkoa da, indarrean dagoen araua «baztertzailea» dela uste baitute: «Nafarroaren zonifikazioak nafarrok banatzen gaitu, soilik batzuei ziurtatzen baitizkie hizkuntza eskubideak». Gainera, administrazioa euskalduntzeko egitasmorik ez izatea leporatu dio Ramirezek exekutiboari.
Legea salatzeko, protestak eginen ditu EHEk 20 herritan
Euskararen Legearen «iruzurra» salatzeko eta «hizkuntz politika burujabea» aldarrikatzeko elkarretaratzeak eginen ditu Euskal Herrian Euskaraz taldeak Nafarroako 20 udalerritan; tartean, Altsasun, Tafallan, Tuteran eta Iruñean. Azken hori 19:00etan izanen da, Nafarroako Parlamentuaren parean.
ESANA. MIGUEL SANZ. Nafarroako presidente ohia (UPN)
«Aldatzekotan, gaztelania hiztunen eskubideak hobeto bermatzeko aldatu beharko litzateke»
Analisia
‘Apartheid’-aren hesi gainetik
Iñaki Petxarroman
Euskararen Legeak, euskara normalizatzeko baino gehiago normalizazioa oztopatzeko eta euskaldunen eskubideak zangopilatzeko erabili dutenak, mende laurden bat bete du gaur. Ospatzekorik ez du, beraz, euskalgintzak.
Zonifikazioaren gezi pozoituaren bidez hizkuntz eskubideak desitxuratu eta nafar batzuen eta besteen arteko ezberdintasun mingarriak eragiteko balio izan du, besteak beste, legeak. Izan ere, Tuteran, Vianan edo Tafallan bizi diren euskaldunak bigarren mailako herritar arrotzak dira oraindik ere, legez, administrazioaren aurrean eta gizartearen alor publikoan. Zaila da imajinatzea antzeko egoerarik munduko beste herrialderen batean. Bertako hizkuntza gutxitua hesi gaindiezinen artean gatibu hartuta, eta herritarrak lege ezberdinen azpian kateatuta. Hegoafrikan azalaren koloreagatik eta Saudi Arabian generoagatik hartu izan ditu legeak ezberdin herritarrak. Nafarroan, aldiz, jaiotako eremuaren arabera.
Ospatzeko ez, baina gaurko urteurrenak atzera begiratzeko eta kontu batzuk ateratzeko modua ematen du, datuei begiratuta, esate baterako. Izan ere, zonifikazioak lortu ditu helburu batzuk. Adibidez, euskararen ezagutzaren hazkundea galgatu egin du milaka herritar euskaraz ikasteko eskubiderik gabe utzita. 2006an 1991n baino 16.000 elebidun gehiago zeuden Nafarroan; alegia, %9,5etik %11ra igaro zen elebidunen kopurua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aztertuz gero, nabarmena da aldea: 140.000 elebidun gehiago zeuden denbora tarte berean, eta %24tik %30era igaro zen elebidunen multzoa.
25 urteotan, gobernuaren ahalegin guztien aurka, gizarteak eta euskalgintzak lortu dute ia Nafarroa osoan euskalduntzea posible izatea; Beran, Atarrabian eta Vianan euskaraz ikastea; Iruñerrian, Sakanan eta Baztanen euskarazko hedabideekin —agintari tematien jomuga den Euskalerria irratiarekin, esaterako— informatzea.
Herritarren jarrerari dagokionez, gehienak euskararen aurkakoak izatetik —1991ko inkestan %51 hala ziren— aldekoak izatera igaro dira. Euskara sustatu eta normalizatzeko nafarrek duten borondate horrek aldatuko du, berandu gabe bada hobe, Euskararen Legea. Bitartean, apartheid-aren hesi gainetik salto egiten jarraitu beharko da, Noainen, Lodosan eta Mañerun…
Kontseiluak legeari buruzko dokumental bat egin du
Euskararen Legearen 25. urteurrenaren harira dokumental bat egin du Kontseiluak. Atzo aurkeztu zuten egindako lana, zeinean, besteak beste, Nafarroako euskalgintzako hainbat ordezkariren hitzak ageri diren. Berriz ere, legea eta zonifikazioa aldatzeko beharra nabarmendu du euskalgintzak.
Onartu dute euskararen ezagutza aitortzeko dekretua
EAEko Funtzio Publikoaren Kontseiluak onartu du euskarazko ezagutza aitortzeko dekretua. LABek kritikatu du prozesua, eta bere abstentzioa azaldu du. Parte hartze eskaseko prozedura aipatu du. Bestalde, edukiak dekretuaren helburua ezinezko egiten duela uste du. Helburuarekin bat egiten duela esan du.
* Berria





