Zor diegu eta

XXI. mendeko nafarrok, zorigaiztoko 1512an lurralde honetan bizi zirenen oinordekook, baskonok izan dugun estatu bakarraren burujabetza berreskuratzeko borroka mantentzeko eginbeharra daukagu. Borroka hau fronte ezberdinetan gauzatzen da, hauteskundeetan ere, jakina. Hori dela eta, hauteskunde guztiak oso garrantzitsuak dira.

Hauteskundeak izanda, uste dut badirela pertsona asko (politikariak gehienbat) 2012ak duen garrantzia ahaztu dutenak.

Nafar gehienok dakigunez (jakin beharko genuke), heldu den urtean, Castillak Nafarroako Erresumaren zati penintsularra anexionatu zuela bostehungarren urteurrena izanen da. Esan beharra dago konkista hori 300 urte lehenago hasi zela, gure estatuaren mendebaldeko lurraldeak galdu zirenean.

Hauteskunde hauetan, Espainiari argi utzi behar genion hemen badela herri bat gurea errekuperatzeko prest dagoena, horren alde borrokatzeko prest dagoena nahiz eta horrenbeste urte pasa diren bere konkistatik.

Edozein instituziotarako hautatzen ditugun ordezkariek Nafarroarako (Euskal Herrirako) independentziaren aldarrikapena argi izatea subiranotasuna errekuperatzeko dugun modu bat da.

Era honetako hauteskundeetan eman den ordezkaritza beti ez da izan komentatzen ari naizen helburuaren mesederako. Baina eta nahiz eta aldizkakoan, urte asko daramagu ezaugarri hau betetzen duen ordezkari bat lortzen.

Hau da (zen?) ordezkaritza hau handitzeko unea, baita guretzat hain garrantzitsua den urte honetan indar handiagoz, posible bada, navarra? foral? eta espainola (hau bai) den proiektuari aurre egiteko.

Batasuna ez da posible izan, eta ia, ia ziurtasun osoz, esan dezakegu ez dugula lortuko helburu hori; beraz, nafar herriaren basamortuaren zeharkaldiak beste lau urte gehiago iraun dezake.

Horrengatik guztiarengatik nire tristurarik handiena adierazi nahi dut, Espainian Nafarroak ez duela amore ematen eta hainbeste urte iraun duen injustizia hau bukatu arte borrokan jarraituko dugula esanen luketen bi ordezkari (0,1,2) lortzeko, bi bai, aukera historikoa galdu dugulako.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-11-20/008/003/zor_diegu_eta.htm