Goazen Madrilera, sagarrak jatera!

Hara! Badirudi orain Madrilera joan behar dela politika egitera. Hobe genuke limosna eske joan, agian zerbait gehiago lortuko bait genuke. Hemen estatua nor den, eta herria nor den, nahiko ongi azaldu digutela ematen du; mendeetan zehar eman den egoera horrela jarraitzera kondenatuta ba lego bezala, ezen herriaz eta estatuaz hitz egin baitigute: euskal herriaz eta espainiar estatuaz. Ez dakit espainiar herririk existitzen ote den, baina bai ziur nago euskaldunek behar duguna estatu bat dela, propioa. Are gehiago, eduki ukan genuen, Nafarroa izeneko bat, alegia. Ez da probintzia soil bat, ez goikoa, ezta behekoa ere, nahiz eta egungo aberetzalismo instituzionalista espainolak guztia goitik behera aldatu ukan duen.

Baina azalpen horren zuzentasuna irudipen bat besterik ez da, benetako egiatik asko urruntzen dena (gehiegi). Hasteko, Nafarroan aurkeztu berri den koalizioak Amaiur izena aukeratu du. Amaiur izan omen zen azken erresistentzia inperialismoaren aurrean (eta noski, gaur inperialismoa existitzen ez denez, gora haiek eta gora gu, goazen dialogatzera). Hau historikoki gaizki dago: gero Hondarribi (Nafarroa) etorri zen, eta erreinuak beste ehun urte iraun zituen 1620 arte. Baina ez, hauentzako, Enrike IIa eta bere potroak, Margarita emaztea eta bere intelektualtasun fina (eta aktibismo euangelikoa); Ioanna Albretekoa eta bere harrotasun protestantea, eta Antonio Borboitarra (zeinaren abizena bait daramate gaurko espainiar regeek; harena eta harengatik); Enrike IIIa Nafarroakoa eta berriz bere potroak; guzi hauek, hauentzako, frantsesak dirateke. Hara! Goazen alardera! Hona hemen, nola memoria galdu arazi diguten, eta ume batzuk besterik ez garen. Kulturalki zaintzaile eta sortzaile (again), politikoki inutil batzuk.

Hala ere Amaiur izan balitz azkenengo erresistentzia, hala izaten jarraituko luke, ezen gaur egun “egiten” (hitzari gehiegizkoa deritzot, baina tira) dena hutsaren hurrengorik inmediatoena baita.

Edonola ere, adi! Orain sujetu politikoa Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako hiritarrak bait gara. Labourd, Basse Navarre, Souletar maitheoc, ioaiten ahal çarete popatic harcera! Haien aberri omen den lur ttipi horren barnean ere separatista. Barka hiru pro-vinciae frantsesen izena frantsesez idatzi izana, baina hori omen da orain moda politikoa. Politika, egin behar den tokian. Konkistatu gaituzte, genozidioak egin dituzte, nationizidioak, linguizidioak; eta orain, demokrazia, askatasuna, bakea eta dialogoa hasten dira. Ala ba, tribunara! Oraindik ere tomateren bat botako dizuete eta, hala ere.

Bai noski, herri bat gara, zergatik? Hala sentitzen dugulako, hala konportatzen garelako, hala delako; garelako. Ez dugu ezer aukeratu edo erabaki behar, ez dugu horretarako eskubiderik ere. Eta are gutxiago, urna inperialetan, haiek kontrolatutakoetan. Sujetu politiko bagara, joka dezagun behar den bezala, egin dezagun politika. Gure lurraldean aske izan nahi badugu, landu dezagun askatasunerako bidea. Ez diezaiogun eskatu ezer, ezer emango ez digunari. Gaur egun, aske izan nahi duen herri batek, estatua behar du, eta berak lortu behar du. Ez dio inork entzungo, ez dio inork lagunduko… are gutxiago, hain zuzen herria zapalduta mantentzen duen estatu inperialak. Bai, gaur ere existitzen dira.

Barka iezadazue momenturen batean platonikoegi agertu izan ba naiz. Ez da nire estiloa, batez ere ez dudalako guztiz ulertu harena; hori bai, gauzatto bat adiarazten tematuko naiz: bai bildutarrak bai batzokitarrak, guzi-guziak, “ongi etorri errealitatera” (Urkullu dixit). Subiranista garenok ez gara espainolak, eta ez diogu espainol bati ere botorik emango.

http://arielxxi.blogspot.com/2011/09/goazen-madrilera-sagarrak-jatera.html