Ibilaldiak, arrantzaleen herria den Ondarrura inguratutako hainbaten joera ikusirik, geure buruari galdetzen genion behin eta berriz: arrainak al gara?.
Arrainen herria eta arrantzaleen herria ez dela gauza bera argi utzi zuen ikastolako lehendakaria den Elias Etxaburuk. Ikastolakoek zer zuten gogoan eta zeren gogoa zuten, sinple bezain tinko azaldu bait zuen.
Baina inguruko zenbaitek arrainen memoria agertu zuten. Euskara gora eta behera, arazo ekonomikoak handik eta hemendik… zer egiten dugun esan bai, baina, hori zertarako eta nor garen adieraztea ahaztu egiten zaie behin eta berriro.
Argi dago -batzuek, batasunaren izenean dena berdindu nahi badigute ere- ez dela gauza bera, hizkuntza bat ikastea, eta, herri baten iraunkortasuna bermatzea. Beraz, aukera ederra galdu zuten bertaratu zirenei gogora ekartzeko jai hori zer den eta zertarako.
Zenbaitek, arrainen memoriatik hitz eginda ikastola proiektuaren zentzua ez zuten gogoan izan. Zenbaitek ez da ere gogoko. Agian beste nortasun baten aldeko aukera egina dutelako?. Zenbaitek ahaztu egin dute nor garen adieraztea sortzen dien lotsaren eraginez. Edo berdintasunaren izenean, nortasuna lausotuta agertzea eroso datorkielako. Norbait, behar bada, transmisio egokirik ez jaso eta jabetu gabe dagoelako. Gerta liteke baita ere, inoiz jabetu arren, orain ahazturik izatea.
Dena dela ere, zientzialarien arabera bost segundutako memoria duten arrainen jite bera agertzen dute festa hauetan -besteak beste- behin eta berriz jendaurrean hitz egitera agertzen diren hainbatek.
Baina, salbuespen interesgarriak egon ziren. Eguerdiko omenaldian hain zuzen ere. Ospe haundiko kargudunei modu xumean gainak hartu eta harrokeririk gabe, Lazkao Txikin eredua jarraituz, txiki haundiak azaldu zitzaizkigun artisauak. Artearen esentziatik abiatuz, ibilaldiaren esentzia zabaldu zuten eta ikastolaren zentzu osoa biziberritu, sinbolikoki, modu argi eta indartsuan.
Batzuek euskararen inguru-marian, dena berdindu nahian arinkerietan zebiltzela, hor etorri zitzaizkigun artisau jakintsuak, banan banan. Gure herriaren identitatearekin lotura eginez hasiera eman zion Sustraiak elkarteko lehendakari andreak. Euskalduntasuna, herrialdekako joeren gainetik, euskaroak aipatuz, lurraldetasun osoarekin lotzen jarraituz, Noaingo independentziaren aldekoei monumentua egina dien Ulibarrenak. Geure erabakiaren garrantzia sinbolikoki lotuz, euskaldunon aginte makila herritarron eskura ipiniz urteetan dabilen Iñaki gernikarrak.
Bata bestearen atzetik zortzi artisauak, zortziko sakonean barnea irauli ziguten.
Oroigarria zen txalupa jaso zutenean, hitz gutxi, zentzu asko eta boga boga aktibatzeko barnean klik egin ziguten, azpeitiarron kilometroetako leloak dion bezala.
Hori da ikastola. Euskaldun izaera iraunkortzeko, hezkuntza proiektua. Bermatzeko, lurraldetasun osoan, herritarrok, erabakitzeko eskubideari eutsiz, titular bezala auzolana egituratuz eskutik eramaten duguna. Proiektu politiko soziala. Alderdi politiko, eta sindikatuetatik at, baina berdinen arteko elkarlanean, gizarte zibilaren burujabetasunetik eta konpromisotik, erantzukizunez gauzatzen duguna.
Dena ez da berdin, eremu politikoan hauteskundeetan nabarmen gelditu den bezala. Guztientzako aukera egotea, herriaren oinarrizko eskubidea da eta hori herriaren burujabetzatik bakarrik demokratizatu daiteke. Bide guztiak ez dutelako Erromara eramaten. Ez da hezkuntzan ere.
Irakurle laguna, hau irakurri duzunetik, arrain izatea utzi duzu. Orain zure esku dago, zeure zentzuari jarraituz arrantzale izaera duen subjektu politiko, libre eta eragile izaera berreskuratu nahi duzun edo beste herri baten kristalezko arrain-ontzian arrain izaten jarraitu nahi duzun, euskaraz agian, baina euskalduna izateko, hau da, besteak beste euskara bermatzeko, askatasunik eta erabakimenik gabe. Hori bai egunero, haien jateko goxoaren truke, memoria galdu eta zure gezurretako nortasuna elikatuz etengabe. Eroso, eroso, kristalaren bestaldetik begiratzen zaituztenak aho zabalik utziz, zu zeu bezala, memoriak horretaraino bakarrik uzten dizulako.
Arrain izatetik arrantzale izatera bihurtu nahi? Ohiko muxuak lortzen du miraria. Zentzua bizirik duen ikastolak, maitasun haundiz ematen dizun muxuak.






