Azken mohikanoak

Memoria_bloga

Herri baten nortasunaren eraikuntzarako zutabe batzuk behar dira. Batek arlo politikoetan jarriko lituzke indarrak. Beste batek, ordea, historiako pasarteetan. Zaila da zehaztea bakoitzaren garrantzia eraikuntzaren prozesu batean. Futboleko zaleak, esaterako, euren selekzioko edo taldeetako emaitzetan ariko dira abertzaletasuna sakontzen. Ulertezina? Adar guztiek dituzte ulertzeko zailtasunak. Hala eta guztiz, munduak, mundua denetik, aurrera darrai.

Herri nortasunaren eraikin horretako lehenengo pisuak mitoekin osatzen dira. Mitoek inportantzia itzela izan dute gure artean, aurreko historian, baita gaur egun ere. Mitoen aldaketa agerikoa da, baina horren gainetik euren iraupena nabarmenagoa da. Pertsonaiak, lekuak, historiako pasarteak… mitoen osagaiak dira.

Idei horren itzalpean arreta pizten dizkidate 1936ko Gerra Zibilaren euskal batailoien izenek. Bi aldekoak, errepublikarrarenak eta frankistarenak. Mitoekin osatutako nortasuna. Francoren aldeko euskaldunek Oriamendi, Inazio deuna, Begoña, Lakar, Puy, Zumalakarregi, San Martzial, Estibalitz, Jurramendi, Xabierrekoa… tertzioak bete zituzten. Adierazgarria. Erlijioko eta Bigarren karlistadako ikurrak.

Beste aldean, alta, garaiko eta historiako euskal pertsonaiak nagusitu ziren: Sabino Arana, Aitzol, Fulgencio Mateos, Facundo Perezagua, Isaac Puente, Leandro Carro, Jesus Larrañaga… Nazioartekoak ere: Sacco eta Vanzetti, Karl Liebnecht, Bakunin… Baita euskal historiako pasarteak ere: Gatzaren matxinada, Malato zuhaitza, Abellaneda, Larrazabal, Padura bataila… eta Amaiur.

Azken hau, Amaiur, izan da hain zuzen ere, gure historiaren mito nagusienetarikoa. Gerrako euskal batailoi errepublikar baten izena adierazten zuen emandako garrantzia. Lauaxetaren “Amaiur gaztelu baltz hori, berrehun gudari oro sumin…”. Lurraldearen defentsaren eredu nagusiena. Nafarroaren independentziaren ikur distiratsuena.

James Fenimore Cooperrek idatzi zuen “The Last of the Mohicans” liburua. Eta ondoren, 1992an, Michel Mannek filma sortu zuen. Askotan burura etorri zait filma, Amaiurko zaldunen gorabeherak ikertzerakoan. Gure artean Yon Etxaidek, Jimeno Juriok, Patxi Zabaleta, Pedro Navascues, Arturo Campion, Lauaxetak eta beste askok idatzi eta ikertu dute Erreinuaren defentsa mitiko hura. Espainiako bigarren errepublika garaian “Amayur” izeneko astekaria argitaratzen zuen Nafarroako EAJk.

Bi aldiz hartu zuten Gaztelakoek Amaiur. Lehenengoa 1512an eta bigarrena 1522an. Hasierakoan Francés de Beaumont garaitu zuen borrokaldia eta Anton Alguacil izeneko morroia jarri zuen gaztelua zuzentzeko. Horrek azpierrentatu zuen kargua. Eta bereganatu zuena Gonzalo Pizarro izan zen, Frantzisko konkistatzailearen aita. Jakina denez, egun den Peru, Frantzisko Pizarrok konkistatu zuen Espainiako erregearen izenean. Badek noronz.

Berrehun zaldun defenditu zuten Amaiurko gaztelua, 1522an. Agramondarrak. Bertako alkatea Jaime Belaz, aski ezaguna Nafarroako historian. Askotan irakurri dugunez, Amaiurko eta Hondarribiako gazteluak Nafarroa Garaiko Erresumako azken eremuak izan ziren. Frantziako Frantzisko I. eta Espainiako Karlos V. negoziatzen ari zirenean, egun Gipuzkoako den Hondarribiako gotorlekua espainolen esku errori zen. Karlos V.k negoziazioak apurtu zituen eta Amaiurkoa erasotsu zuen.

Defendatzaileen artean Jaime Belaz eta haren semea Luis aurkitzen ziren. Baita Jaso familiako Miguel (burua) eta Juan (Frantzisko santuaren anaia) ere eta horiekin batera Nafarroako gorenak, handikiak: Juan Olloki, Victor Mauleon, Agerre, etab. Errenditzeko agindua bete ez zutelako setioa abiatu zen. Gaztelako indarrak “Mirandako konde gaizto horrek…”, Lauaxetak zion bezala, zuzendu zituen, Leringo kondearen laguntzaz.

1522ko uztailaren 15tik 19ra borrokaldi odoltsuak gauzatu ziren. Indarren aldea izugarria izanez, errez lortu zuten garaipena Gaztelakoek. Iruñeko espetxera eraman zituzten preso azken mohikano horiek. Eta bertan pozoituak hil ziren horietako batzuk, Jaime Belaz tartean. 1523ko abenduaren 15an, Karlos Vk amnistia zabaldu zuen Nafarroako eremuan. Salbuespena: bizirik gelditzen ziren Amaiurko defendatzaileak.

Obeliskoa

Juan Iturralde y Suitek zuzentzen zuen Euskara Elkargoa abian jarri zen Amaiur gaztelu baltz horren defendatzaileak omentzeko. Iturraldek azken hatsa hartu zuen proiektua gauzatu gabe, baina ideia ez zen galdu. Arturo Campionek lekukoa oratuz, 1922an, beraz laugarren mendeurrenean, monumentua eraiki zuten nafarrek, gaztelu zegoen toki berdinean. Haitzurdineko 8 metroko obeliskoa aukeratu zuten eta Nafarroako Diputazioak babestu eta ordaindu zuen eraikina. Obeliskoaren oinarrian, euskal zazpi herrialdetako armarriekin laguntzaz, honako leloa irakur zitekeen: “Napar askatasunaren alde Amaiurko etxarrian borroka egin zuten gizonai, betiko argia 1522”. 1931ko uztailaren 26an ezezagun batzuek (denetako albisteak zabaldu ziren garai horretan) lehertu arazi zuten monumentua. Mende erdia pasa ondoren, 1982an, Nafarroako Diputazioak birkonpondu zuen eraikina. Orain dela hiru urtetik Aranzadi Zientzi elkarteak ari da gazteluaren arrastoak azaleratzen. Borrokaldia amaitu ez balitz bezala, gazteluaren eremua eraso faxista jaso zuen 2009an.

Nabarralde-k argitaratua