Inbasoreak hiria sortu?

Jakin badakigu historia gaur egungo begiekin interpretatzea arriskutsua dela, anakronismoa dela; baina arriskuak arrisku, adibideek erraztu egiten dute gaur bizi dugun egoeratik historia ulertzea. Horietako bat da hau: Pentsa Bush semeak eta akolitoek Irak inbaditu ostean amerikarrek esaten dutela Bagdad-berri hiriburua haiek fundatu dutela eta, gainera, irakiarrek horrela kontatzen dutela bere herriaren historia idaztekoan. Mendekotasun latza irakiarrena, ezta?

Bada horrelako zerbait gertatzen zaigu nafarroi gure herriaren historia kontatzen hasten garenean. Hori gertatzen zaigu gure hirak 1200eko konkistaren ondoren sortuak izan direla kontatu eta ospatzen dugunean: Tolosa 1256an, Bilbo 1300ean… Egun hauetan zabaltzen ari dira Olite (Erriberri) Suintilak fundatu eta harresitu egin zuela baskoien erasotik defendatzeko; eta hori frogatzeko, hitz batzuk zizelkatuta dituen harri bat erakusten digute. Ziur zaudete Olite errege godoak fundatu zuela? Suintila erregetu aurretik (621-631) baskoiak bertan ziren eta. Godoak erromatarren inperioa suntsitzera V. mendean etorri aurretik lurralde horietan baskoien bizitzaren frogak badaude eta. Eta ziur zaudete baskoien erasotik defendatzeko izan zela? Godoak izan ziren inbasoreak eta.  711n, arabiarrak penintsulan sartu zirenean, azken errege godo Rodrigo baskoien hiriburu zen Iruñea erasotzen ari zen eta.

Ez gara konturatzen zein erraz irensten ditugun gu inbaditu gintuztenen mezuak eta ikuskerak. Ainara Izkok bere artikuluan (Noticias de Navarra / nabarralde.com),  ikerketa egin duen Bartzelonako Unibertsitateko Javier Velaza Friasen ahotan jartzen du Erriberrin aurkitutako harri hori XII. mendean zizelkatua izan daitekeela, Gartzia Ramirez errege nafarrak Erriberriri Hiri Gutuna eman zionekoa, 1140 ingurukoa alegia. Zergatik ematen diote gure agintariek, abertzaleek barne, hain azkar eta erraz zilegitasuna eta espainiarren interpretazioa godoen aztarnei? Eta zergatik jokatzen dute hain zital aztarna horiek, Iruña-Veleia adibidez, euskaldunonak edo baskoienak izan daitezkeenean?

Nabarralde-k argitaratua