Ez da izan Sarkozy gerra aldarri hori botatzen duen lehenengo franko-godoa. “Nik menderatuko ditut baskoiak” aldarrikatu du bere pareko buruzagi godo-espainiarraren aurrean. Aldarri horrek, ordea, gogora ekarri digu euskaldunok Europan estatu maila emango zigun lehenengo Iruñeko Erresuma frankoei irabaziz eraiki genuela; Karlomagnori irabazita lehenengo, 778an, eta bere biloba Pepiniori gero, 824an; biak Orreagan.
Mugaren bi aldetako euskaldunok, ordea, ez dugu gerra aldarririk entzun nahi buruzagi horiengandik. Behin eta berriz irabazi digutela edo menderatuko gaituztela errepikatu beharrean, noiz hasiko dira herri honen aitortza egiten? Noiz entzungo diegu godoen ondorengoei hemen herri bat badela, hizkuntza, kultura, historia propioak dituena dela, berezko identitatea duela eta herri bezala erabakiak hartzeko subjektu politikoa dela? Noiz entzungo diegu euskaldunok erabakitakoa errespetatuko dutela? Nafar-Euskal herritarrok, garai hartako Nafar Estatuaren ondorengo garenok, hori entzun nahi diegu, ez besterik.