Amaitu da dotrina nazionalista gure ikastetxeetan. Adio. Trukean, dotriña nazionala, to! Dotriña nazionala edo espainoltasuna, hain zuzen ere, omen da dotrina nazionalistaren aurkako txertorik egokiena. Hau da: Arrano inperiala, Aragoiko Agustina, Garaipenaren urtea, Konstituzioaren 8. artikulua, Santa Teresaren ustelgabeko besoa, Benemerita, borboitarrak, Legioaren ahuntza, Arrazaren eguna, Carlos V., txurruak, hiritartasun espainiarra, apezpiku espainiarren bazkuna, Ameriketako konkista, bide bazterreko hilobiak, Nafarroako konkista, COPE, Hispanitatearen eguna, Daoiz eta Velarde, Cid Campeador, presoen sakabanaketa, División Azul, Ahumadako Kondea, Armada espainiarra, gorri-horia, Escorial, espainiera, Espainia Bat, Espainia Handia, Espainia Gorri, Beltz edo Urdin ezin hautsia, Brunete, folklorikoak, Nazio-Espirituaren Formazioa, furia espainola, festa nazionala, GAL, garrote vil, Gibraltar espainol! Perrexil uhartea, Zarraren gola, gripe espainiarra, guardia zibila, Iberia, Jainkoa eta Inperioa, Inkisizioa, Konstituzioaren Eguna, Alderdien Legea, Macarena, Manolete, Manoloren danborra, infantak, mantila espainola, apain-orrazia (peineta), matxismoa, monarkia espainiarra, Naranjito, Opus Dei, pandereta, Pilarica, Ezkioko Ama Birjina, Gurutzadaren martiriak, Espainia gure aberria, pezeta, zezenaren larrua, aniztasun espainiarra, berezitasun espainiarra, plus ultra, Errekonkista, RAE, Espainiako Erresuma, Roberto Alcazar eta Pedrín, Trueno Kapitaina, Mortadelo eta Filemón, Torrente, Cobi, Errege Katolikoak, Errege Magoak, aberriaren batasun santua, odol espainola, Gurutzada Santua, Santiago apostolua, Santiago Matamoros, arrosario santua, selekzio nazionala, siesta, Telebista Espainola, Tejero, Tizona, Torquemada, tortilla espainola, Osborneren zezena, tortura, txapelokerrak, batasun nazionala, Valle de los Caídos, Viriato, uztarria eta geziak, Zarzuela jauregia eta ñ letra.
Horiek dira, besteak beste, dotrina nazionalistaren atzaparretatik gure umeak askatuko dituztenak. Beste aldetik, oso erne ibili behar da dotrina nazionalistak darabilen ikurrekin, adibidez: errepublika, askatasuna, amnistia, euskara, katalanera, galiziera, hizkuntza-aniztasuna, autodeterminazioa, herria, historia eta oroimena eta, batez ere, Euskal Herria.
Kasik nahiago nuke dotrina sozialista inposatuko baligukete, jatorrizko sozialismoaren ideiak, alegia. Elkartasuna, berdintasuna, askatasuna, laizismoa, internazionalismoa eta abar. Alabaina, ez dirudi sozialistek euren ideia jatorrak inposatu nahi dizkigutenik. Itxura denez, Espainia baitago ideia ororen gainetik. Diotenez, euskaldunok hiru gauza falta ditugu hiritar homologagarriak izateko: Espainiako Erregearen eguberritako mezua ETBn ikusi eta entzun ahal izatea, Hispanitatearen Eguna (Arrazaren Eguna) ospatzea Euskal Autonomia Erkidegoan eta selekzio espainola San Mamesen jokatzea. Horiek dira, hain zuzen ere, datozen urteetarako gobernuaren helburu nagusiak. Dotrinen ñaka-ñaka, eziña ekiñez egiña; dotriña nazionala, agur.
Berria-k argitaratua