LEYREri


Ez dakit zein munstrok,
zein baleak
bota ote gintuen
bizitzaren itsaso
gupidagabe huntarat

(Jainkoez mintzatzea
biraoa litzateke).

Naufrago gabiltza orain
harat-hunat,
harik eta
irla abegikor batek
bere hondartzaren beso
badaezpadakoetan
hartzen gaituen arte.

Etsipena han.

Etsipena hemen.

Edonondik ihesi,
ametsezko hura
bilatu nahian,
batetik bestera
ibiltzen gara
tai gabe
itxaropen
eskuraezinaren
itsasertzetik,
harik eta gogoan
beti izan genuen
hartara heldu arte.

Berranduegi, hala ere…