824. urtea: Orreaga euskal historian

Orreaga edo Errozabalgo gudua mugarri ezaguna da europar kulturan. Chanson de Roland-ek, Frantziako Erdi Aroko literaturako lan aipagarriak, gertakari hau nabarmendu eta goraipatu egin zuen, bertsio interesatua eta faltsutua eman bazuen ere, arpilatzaile tropel bat baino ez zirenak heroi eta gudari leial gisa irudikatuz. Aitzitik, askoz ezezagunagoa da Orreagan borrokaldi gehiago gertatu zirela, baskoien eta frankoen arteko liskar luzeen ondorioz, eta Pirinioetan garatu zen gatazka hura oso erabakigarria izan zela, bertako herritarrek lurraldea kontrolatu ahal izan zezaten.

Izan ere, kronika musulmanetan (Ibn Hayyan…) eta kronika kristauetan (Astronomoa, Eginardo, Rodako kodizea…) garai hartan izandako borrokak eta arma-gertaerak aipatzen dira, garrantzi handikoak nahiz txikikoak ere. Aipatutako 778ko gudua, Karlomagno eta Roldan buru zirela; Mutarrif, Iruñeko gobernadorea, matxinada baten ondorioz 799an erahildakoa; Ludovico Errukitsuaren Iruñerako sartu-irten asaldatua 812an; 816ko matxinada, eta, azkenean, 824.

Hain zuzen ere, 824ko azken gudu hori, 778. urtekoa bezala, baskoi gudarosteen garaipen handia izan zen, Eblo eta Aznar nobleek zuzendutako armada frankoaren aurkakoa, eta honek bertoko agintaritza herrialdean sendotzea erraztu egin zuen. Aita Moret edo Ximenez de Radaren esanetan, Iruñeko erresuma, baskoi jatorrizko botere subiranoa Pirinioetako lurretan, urte horretan bertan ezarri zen.

Harrigarria da Frantziako batailatxoak (eta haien omenaldiak, loriak, mitoak eta elezaharrak) ondo ezagutzea, eta gure historiaren oinarrizko ezagutzarik ez gordetzea, gu identifikatzen gaituzten benetazko gertaera horiek ez ezagutzea… eta ez edonola ere! Hara, herri batek ez du urtero bere independentzia aldarrikatzen! Ameriketako Estatu Batuek, esate baterako, beren lehen presidentearen aurpegia -aberriaren aitarena, alegia- dolarreko billeteetan erabiltzen dute. Europako herrialdeek, beren izaera goraipatzen duen edozein egunetan ospatzen dituzte haien festa nazionalak. Eta gu, ohi bezala, ilargian…

Garai historiko hau ezagutzea merezi du, bere inguruabarrengatik zein bere ondorio sakonengatik. Europako nazioarteko testuinguru horretan, non hedatze prozesuan ziren bi indar handik, karolingiar inperioak -etorkizuneko Europaren erreferentea- eta bere gorenean zen hegoaldetik etorritako Islamak, talka egin zuten, aliatu nabarmenik eta baliabide geoestrategiko handirik gabeko herri batek historian bere tokia egitea lortu zuen. Baliteke baldintza berezi batzuk agertu izana; esate baterako, talde-kohesioa, kanpoko mehatxuak nahiz etnia izaerak, kulturak edo hizkuntzak sendotua.

Egia esanda, bertako biztanlego naturalak sortutako Estatu baten adibide bakanetako bat da Europan; eta ez, Frantzian, Borgoinan edo Hungarian bezala, kasta militar arrotz eta konkistatzaile batek (frankoak, burgundioak, hunoak…) sortutakoa. Horrek ondorioak izango ditu etorkizunean, ohiturak, identitatea, foruak eta berezko beste ezaugarri batzuk gordetzeari dagokionez. Esanguratsua da, halaber, 824ko garaipen hori familia sakabanatuen arteko lurralde-aliantza baten inguruan eraiki zela: Pirinioetako baskoiak, Iruñeakoak, Erriberako Banu Qasitarrak, Nabarrako dukerria, Arabako eta Jakako Belaskotarrak…

Baina, agian, gure gaur egungo ikuspegitik, harrigarriena orduan hasitako atal horren ondorioak egiaztatzea da, ezarpen subirano horrek abiatu zuen ibilbide historikoa, alegia. Iruñeko erresumaz ari gara, Eneko Aritza errege zuelarik, euskal etniaren integrazio politikoari, lurralde-proiekzioari, eta gaur egun ere -1.200 urte geroago- bizirik dirauen errealitate bat gorpuzten duen izaera aske bati ateak ireki zizkiona.

Orduan azaleratu zen Iruñeko erresuma Nafarroaren aurrekari zuzena izan zen: Euskal Herriaren errealitate politikoa mendeetan zehar, gure herrialdearen adierazpen instituzionalik eta nazioartekorik gorena. Elkarbizitzazko, erreferentziazko nahiz  lurralde-esparruzko eremu historiko horretan txertatu eta ulertu behar ditugu gure iraganaren eta gure subjektu politiko gisako izaera kolektiboaren gakoak. Gizateriari egin dizkiogun ekarpen nagusiak, mundu osoari begira, bai kultur arloan, baita mota guztietako pertsona zehatzei dagokienez ere -dela itsasgizonak, idazleak, bidaiariak, misiolariak edo bertsolariak; erreginetatik hasi eta medikuetaraino; Nafarroako Margaritatik Tuterako Benjamineraino; Lauaxetatik hasi eta Zugarramurdiko emakumeengana iritsita-, aldarrikapen horrekin piztutako errealitate nazionalari esker gertatu dira historian.

Maiatzaren 13tik 18ra, Nabarraldek kultur astea antolatu du Astigarragako Erribera Kulturgunean, Udalaren eta Motako Gaztelua elkartearen laguntzarekin, gertakizun horien 1.200 urteurrenaren inguruan. Peio Monteano, Xabier Irujo, Idoia Arrieta, Josean Beloki, Iñigo Larramendi, historialariak, idazleak, horretaz guztiaz mintzatuko zaizkigu. Historia liluragarria da: gure burua ulertzeko balio du eta, agian, ilargitik jaisten lagunduko digu.

IZEN EMATEA