
1512ko konkistaren ondotik (eta aurretik izandakoak; 1462, 1200…), Nabarrak estatu independiente gisa jarraitzen zuen Baxenabarreko lurraldean, Frantziako Luis XIII erregeak emandako ediktu bati jarraikiz, Frantziako koroari erantsi zitzaion. Asisko Urmeneta Aztihitza lanarekin ilustrazio Euskadi Saria berriki jasotako marrazkilariak orduko egoera islatzen duen komiki berria eskaintzen digu.
– Komikiak 1620ko garaira eramaten gaitu. Zer nolakoa da Nafarroako Erresumaren testuinguru historikoa garai hartan?
Espainiarrek atxikitzen dute Nafarroa gehiena eta okupazio militar ikaragarria inposatua diote. Herritarren domestikatzeko, onez edo txarrez, azpilan betean ari dira inkisizioa eta jesuitak. Estatu Subiranoak, aldiz, ehun urteko distira biziko du bortuz honaindiko zazpi eskualdeetan, egoera geopolitikoaren zailagatik ere: erlijio-gerla bizian dago Europa, eta Erreforma hautatu duten estatuen artean, Nafarroa da aitzindari argia, bi inperio katolikoen aitzi.
– Zergatik dauka berebiziko garrantzia urte honek, 1620ak, gure historiari dagokionez?
Nafarroari, inoizko euskadun libreek onetsi duten estatuari, diktat bat inposatu dio Frantziak, bi koroak “betirako” batuz. Alabaina, Paueko Ediktuak ez du balio juridikorik izan, ez baitute Estatu Nagusiek tramitatu ere eginen ondoko 169 urteetan. Baina efektu politikorako, euskaldunoi independentzia kendu diguten urtea da.
-“Nafarroa beheregaina” izendatu duzu komikia. Zergatik?
“Nafarroa Beherea” konstruktu bat da, Erresuma bi puskatan hautsi, eta gerokoa.
Ordura arte Nafarroa bat eta bakarra baitzen: Foruaren lehen legeak dio “Nafarroako Erresuma bat da, eta ez da zatikatzen ahal”. Zatikatu egin zuten, ordea, eta ehun urteren burura Frantziak likidatu nahi izan zuen gure Estatu Subiranoa; baina orduko herritarrek ez baldin bazuten usurpazioa onartu, guk ere ez. Eta hura Beregain berrezartzea, ostera ere, ez da “Iparraldekoen” (beste konstruktu bat) afera soilik, nafartar -euskal herritar- guztiona baizik.
– Nolakoak ziren Nafarroako Erresumako instituzioak garai hartan, Frantziako Erresumak beretzat hartu aurretik?
Henrik II. Zangozakoak erreproduzitu ezezik, eguneratu egin zituen estatu-egiturak: Estatu Nagusiak edo Gorteak, Xantzileria edo Errege-Kontseilua, Diputazio Iraunkorra… Instituzio hauetako goi kargua izateko, euskaraduna behar zen izan, eta orduko Xantzilerian hizkuntza-askatasuna zegoen dokumentuen idazteko: Gaskoiera, Espainiera, Euskara…
Subiraniaren marka diren egituren jabe zen Estatua: ordezkaritza diplomatikoa europar gorteetan, diru propioa, zuzenbide pribatiboa, arrotzen nazionalizatzeko agintea…
– Eta nola kudeatzen ziren Frantziaren eta Nafarroaren arteko harremanak ordura arte? Hau da, Nafarroak bere estatuaren independentzia mantentzea lortu zuen Donapaleun kokatzen ziren instituzioetatik?
Une jakin batean Nafarroako erregea Frantziako ere bihurtuko da, baina Henrik III.ak beti independente atxiki zituen bi estatuak elkarrengandik, malgré lui. Absolutismoa eta Forua bateraezinak dira, ordea, azken hau lege kontraktuala baita erregeren eta herriaren artekoa, eta zerikusi gutxi dauka monarkia dibinoarekin. Betiere, bi estatuen egiturak bereiz egonen dira Ediktura arte: errege-erreginak bi numerazio ezberdin, bi txanpon-sistema, bi justizia-tribunal, bakoitza bere legeriaren araberakoa… Louis “Zuzena”ren erreginaldian poliki handituko dira kontraforuak, pribatizazioak eta ebaskoak.
– Nafarroa Garaia berreskuratzeko asmorik bazegoen ordura arte?
Frantziako monarkiak bere aldarrikapenak baztertuko ditu 1659an, Cerdanya onartzearekin bat, nahiz eta Nafarroako errege tituluari atxikiko dion Iraultzara arte. Nafartarrek aldiz ez zuten Beste Aldea ahaztu, eta Parlamentuko Presidente zen Lostauk argitaratua zeukan “Nafartar soldadua”, zeinean adoretzen baitzuen Henrik III.a Erresumako zati okupatua militarki liberatzera.
– Zer nolako eragina izan zuen instituzioak Donapaleutik Bearnera lekualdatzeak?
“Nafarroako Parlamentua” izenagatik ere, Paueko Tribunala ari da bearnes legearen arabera, ez Nafarroakoaren; eta hango epaileak ez dira euskaldunak. Erresumako mugetatik kanpo da, eta Foruak bermatzen du edozein kausa penalerako, herritarra behar dela Nafarroan epaitua izan, eta bertako epaileen aitzinean. Kolpe psikologiko latza izan zen hura, Subirania urratu baitzuen, bai eta herritarren autoestimua ere. Urtez urte eskatuko diote erregeri itzul dezala gibelera tribunala Donapaleura. Baina lege kontraktualaren espirituaren gainean kaka egiten du absolutismo borbonikoak. Eta beste aspektu bat: Paueko Ediktuaren arabera, paper ofizial guztiek frantsesez behar zuten handik aitzinera.
– “Bateratze munstrozua” aipatu eta irudikatu duzu komikian. Zer islatu nahi izan duzu hiru buruko izaki honekin?
Nik Lostau xantzilerordeak idatziriko “Ihardespena”ren itzulpen fidela egin dut, zeina literatura politiko barrokoaren adibidegarri baita. 1617koa da, Independentzia kendu baino 3 urte lehenagokoa! Eta marrazkira ekarri ditut Joana Erdoiren etxeko harrizko pertsonaiak, sinbolizatzen baitute gure eskubideen ezin iraungia. [Erdoiren senarra Oihenartek, bestalde, idatziko du gero “Deklarazio Historikoa zeinean salatzen baita espainiarrek okupatu eta atxikirik daukatela Nafarroa, Zuzenbidearen kontra”. Eta berak salaturiko delituak ez du egundaino preskribitu]. Lostauk bere aldetik aipu digu “Bateratze Munstruozua” 1620ko deli(k)tua izendatzeko. Nik haren testuari txertatu diot Donapaleu-Erdoizeko harrizko pertsonaia hiruburuduna, eta horratx.
– 1789 urtean ez zen nafar diputaturik agertu Frantziako Asanblea Nazionalera. Zergatik eta zer suposatu zuen horrek?
Argudiatu zuten Nafarroa “Nazio-Gorputza” zela, eta ez beste inoren “Nazio-Adarra”, eta Frantziak ez zuela eskumenik nafartar diputaturik deitzeko: argi zeukaten Frantzia eta Nafarroa bi nazio ezezik, bi estatu zirela, bakoitza bere konstituzioa, eta Pariseko Asanblean agertze hutsa antikonstituzionala zitzaiekeela. Frantsesek indarka inposatu zuten euren erabakia, eta hurrengo urtean Nafarroako Estatua bahitu egin zuten, bahitu. Baina Foruak argi dio: “Ez da jaberik titulurik gabe”. Eta ze titulu daukate gurean batzuek eta besteek?
Paperik gabeak bai. Eta nagusi!
Asisko Urmeneta, “1620. Nafarroa Beheregaina” komikiaren egilea








